Aurreko asteburuan motorrak ondo berotu bazituzten ere, gaur, ostiralez, murgildu da ofizialki Ama Birjina jaietan Zestoa. Elkarte gastronomikoetako ordezkariak arduratu dira eguerdian festei hasiera eman dien suziria pizteaz. Zestoako soziedadeen ordezkari gisa, Manuel Olaizola eta Xabier Iriondo Gure Txokoa soziedadeko kideek eta Ixiar Lopetegi Lau Iturriko kideak bota dute txupinazoa udaletxeko balkoitik, plaza bete-bete eginda zela. Lehenik, Mikel Arregi Zestoako alkateak hartu du hitza, eta hark erasorik gabeko jaiak aldarrikatu ditu. Ondoren, bi bertso bota ditu Olaizolak, Uztapide bertsolari handia zenaren ilobak, eta errespetuz festak ondo pasatzeko deia egin du hark ere. Jarraian, suziria piztu dute, eta festetan murgildu da herria. Pare bat herritarrek jaiak nola igaroko dituzten ere azaldu dute.