Gure Txokoa, Lau Iturri, Esperanza, Ertxinpe eta Ipintza dira gaur egungo Zestoako soziedadeak edota elkarteak; Ekain ere bazen garai batean, baina egun desagertuta dago. Elkarte horiek herriaren sustapen soziokulturalean egindako ekarpena eta aurten gehienek urteurren borobila betetzen dutela kontuan hartuta, festetako txupinazoa horiek botatzea erabaki du Zestoako Udalak. Hala, soziedadeen ordezkari gisa, Manuel Olaizola Uztapide-k (Endoia, Zestoa, 1939), Xabier Iriondok (Zestoa, 1936) eta Ixiar Lopetegik (Iraeta, Zestoa, 1952) piztuko dute festei hasiera emango dien suziria bihar, 12:00etan, udaletxeko balkoian. Olaizolak pare bat bertso abesteko asmoa ere baduela aurreratu du. "Uztapide II.a da Manuel, Uztapide bertsolari handia zenaren iloba, eta garai batean bera ere herriarteko bertsolari lehiaketetan-eta ibilitakoa", esan du aldamenetik Iriondok, eta gehitu Olaizolak: "Osaba Manuelen besoetakoa ere izan nintzen".
Olaizola eta Iriondo, Gure Txokoa elkarteko kideak dira biak, eta Lopetegi, berriz, Lau Iturrikoa da. Gure Txokoak 75. urtemuga du aurtengoa, eta Lau Iturrik, Esperanzak eta Ertxinpek 50. urteurrena dute. Txupinazoa botatzea herriko festetan parte hartzeko eta beren "alea" jartzeko modu bat izango dela esan du Olaizolak. Lopetegik, berriz, festak ondo pasatzeko eta "ahal den txintxoena" ibiltzeko eskatuko die herritarrei. Iriondok beren soziedadeak "herriari eman dion bizia" eta beti laguntzeko erakutsi duen "prestutasuna" ekarriko ditu gogora.
Gure Txokoa da Zestoako soziedaderik zaharrena. Iriondoren aita zenak-eta –Antonio Iriondo– sortu zuten Kerejeta hotela zenaren jantokian, 1949. urtean; hala kontatu du: "Elkartea sortu zuten garaian harategia zuten aitaren familiakoek, gari biltegia ere bazen, eta etxean egiten zituzten gaseosa eta zerbeza", gogoratu du Iriondok. Gaur egun, Erdikalean dago elkartea, aurretik Portuneko jatetxea zen lokalean. Hara joan aurretik, orain Pio Baroja plaza –lehen Foruen Plaza– denean zegoen soziedadea.
Eguneroko bilgunea
Garai batetik egungora soziedadeetako martxa asko aldatu dela diote Gure Txokoako bi kideek. "Lehen egunero elkartzen ginen soziedadean, eta gazteen artean lagunarte handia izaten genuen; gaur egunekoen aldean, handia, seguru asko. Kuadrilla asko elkartzen ginen; orduan ez zegoen orain bezainbesteko herritik irteteko grina. Xabier eta biok askotan elkarrekin afaldutakoak gara, baina ez aurretik lanik egin gabe e!", azaldu du Olaizolak.
110 bazkide izatera ere iritsi zen Gure Txokoa. "Kopuru horretara iritsitakoan muga jarri behar izan genion bazkidetzari. Izan ere, bazkide bakoitzak soziedadera kuadrilla eramateko aukera zuen, eta egun batzuetan berrehun lagun inguru ere biltzen ginen afaltzeko eta", adierazi du Olaizolak.
Egun Olaizolaren iloba bat da Gure Txokoa elkarteko presidentea, baina Olaizola bera ere urte askotan ardura hori izandakoa da. "Eta lan asko egindakoa", gogorarazi du Iriondok. Ardoarekin izandako bitxikeria bat kontatu du segidan: "Behin soziedadeko batzuk Donostiara joan ziren, eta hango Alde Zaharreko Abuztuaren 31 kalean errioxar batek zuen bodegoi bateko ardoa edan zuten. Handik bueltan, ardo berezia eta ona zelako, soziedadera ekartzea proposatu zuten. Urteetan hilero joan ginen bodegoi hartara soziedaderako ardo bila". Joan-etorriaren maiztasuna ugaritu egin behar izan zutela ere gogorarazi dio Olaizolak: "Hasieran bai hilean behin, baina ekarritako ardoa hamabostean behin husten hasi zen gero, eta sarriago joan behar ardo bila!".
Herrian hainbat ekitaldi ere antolatu izan dituzte Gure Txokoa elkartekoek, asko jaien bueltan, Iriondok azaldu duenez: "Santakutzetako saltakako lehiaketak antolatu zituen Gure Txokoak, baita pilotari lotutako jardunaldi asko ere. Danborrada, berriz, sakratua izan da elkartearentzako: entseguak egiten genituen, karroza egiten laguntzen genuen... Orain, berriz, soziedade guztiek parte hartzen dute danborradan".
Emakumeak kide
Gizonek sortu zuten Gure Txokoa, eta urte batzuk geroago hasi ziren emakumeak soziedadean sartzen. "Gu soziedadeko batzordean geunden garaian hartu zen emakumeak elkartera sartzeko aukera izateko erabakia", azaldu du gustura Olaizolak.
Lau Iturriko bazkideen artean lehen emakumeetako bat da Lopetegi. "Ni baino lehen beste bat egin zen soziedadeko kide, eta ondoren ni eta nire kuadrillakoak egin ginen. Bazkide egiteko aukera sortu zitzaigun, eta animatu egin ginen. Donostiako soziedade batzuetan orain gutxira arte ibili dira emakumeak sartu ala ez eztabaidan, eta begira gaur egun oraindik nola dabiltzan Hondarribian borrokan".
Hirurak gogoz eta ilusioz daude bihar, ostirala, amabirjinetako txupinazoa botatzeko. "Gero, soziedadean afaria egingo dugu, eta Amparito entzutera ere joango naiz Erdikalera, Zestoan Musika Banda ederra dugu eta", esan du Lopetegik. Beste martxa bat izango dute Olaizolak eta Iriondok: "Behin txupinazoa bota ondoren, Xabier eta biok etxe alde samarretik ibili beharko dugu. Festak pasatzen direnean elkartuko gara biok afaltzeko eta festen balorazioa egiteko", azaldu du Olaizolak. Garai batean bezala ez dira egunero afaltzeko elkartzen Olaizola eta Iriondo, baina bai hilean behin: "Hilero Uztapide tabernan afaria egiten dugu, hileko azken ostegunetan. Herrian feria galdu zen, baina guk ez dugu galdu afaria".
Amabirjinetako egitaraua:
- Irailak 6, ostirala.
- 12:00. "Herriaren sustapen soziokulturalean egindako ekarpena, eta aurten gehienek urteurren borobila betetzen dutela kontuan hartuta", herriko elkarte gastronomikoek botako dute txupinazoa. Ondoren, herriko banda, buruhandi, txistulari eta abarren kalejira. Kalean txaranga.
- 12:15-14:15. Jolas erraldoiak frontoi zaharrean.
- 17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz.
- 18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Lamia Mari + Pinpilinpussies + Viva Belgrado.
- 18:00. Lehen zekorketa. Toreatzailea: Eduardo Ruiz de Velasco. Ordezkoa: Eduardo Rodriguez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos (Oropesa, Toledo, Espainia).
- Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
- Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
- Elektrotxufla elektrotxaranga.
- 21:00. Pilota partidak kiroldegiko frontoian.
- Lehen partida: Egiguren V.a - Gabirondo vs. Salaberria - Erostarbe.
- Masters Caixabank txapelketa: Altuna III.a - Iztueta vs. Ezkurdia - Albisu.
- 22:30. Bad Sound System + Bake faltsua + Arene 6.
- Irailak 7, larunbata. Kuadrillen Eguna.
- 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
- 11:00. Nafartasunari gorazarrea. Orreaga 824, musika, dantza eta bertsoz osaturik, Laranjadi plazan.
- 12:00. Jolas parkea umeentzat frontoi inguruan, 14:00ak arte.
- 12:30. Paella lehiaketarako prestaketak hasiko dira. Ustekabe txaranga, egunean zehar.
- 14:30. Paella lehiaketako epaimahaia pasatuko da. Ondoren, herri bazkaria plazan.
- 16:30. Jolas parkea umeentzat, 19:30ak arte.
- 17:00. Kuadrillen arteko jolasak plazan, Ustekabe txarangak alaituta.
- 19:00. Ustekabe txaranga.
- 22:30. Delirium Tremens + DJ Salda Badago.
- Irailak 8, igandea. Ama Birjina eguna.
- 09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
- 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
- 11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz txistulari taldearen kalejira, Goizeko izarra martxaren doinuekin.
- 12:00-14:00. Gurpilen gaineko zirkuitua, frontoi zaharrean.
- 12:00. Meza.
- Ondoren, udal ordezkarien dantzaurrea plazan, Itxaropena dantza taldeak eta Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.
- 13:15. Zestoako Bandaren kontzertua.
- 17:30. Arraza Libreko Artzain Txakurren Gipuzkoako XXV. Txapelketa, Zubiaurreko zelaian. Parte hartzaileak: Asier Dacosta eta Zeru (Aretxabaleta); Iñaxio Etxeberria eta Mixx (Matxinbenta); Javier Gaztañaga eta Cool (Antzuola); Manuel Gorriti eta Turbo (Aizarnazabal); Peio Segurola eta Kay (Matxinbenta) eta Xabier Gaztañaga eta Sandy (Antzuola). Antolatzailea: Artxate elkartea.
- 17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
- 18:00. Zirku tailerra frontoi zaharrean.
- 18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Ke Lepo + Pelax.
- 18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Sergio Rollon. Ordezkoa: Miguel Angel Bernal. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos (Oropesa, Toledo, Espainia).
- Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
- Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
- 20:00. Babarrunba.
- 22:00. DeBrass + Laket, Laranjadin.
Irailak 9, astelehena. Umeen Eguna (Umeak txuri gorriz janztera gonbidatu ditu udalak)
- 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
- 11:30. Umeen diana zaratatsua, plazatik hasita. (Umei "zarata ateratzeko zerbait" eramateko eskattzen diete: kazuelak, danborrak, turutak, txistuak...).
- 12.00. Umeen txupinazoa. Ondoren, gaztetxoen dantzaurrea, zahagi-dantza eta buruhandiak, Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.
- 12:30. Txantreako erraldoiak.
- 14:30. Ume, gaztetxo eta gurasoak Txantreako erraldoiekin kalejiran kiroldegiko aterpera. Ondoren, ume, gaztetxo eta gurasoentzat bazkaria.
- 16:00. Haurrentzat tailerrak.
- 17:00. Poniak umeentzat plazan, eta zezentxoak 16 urtetik gorakoentzat.
- 19:00. Gauargi taldearen erromeria, Laranjadin.
- 20:00. Zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.
- 21:00. Gauargi taldearen erromeria, Laranjadin.
- 22:30. Suzko zezena.