Zubiaurreko 'pump truck' zirkuitua, erabilgarri

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 3a, 08:56

Irikaitz Denbora Lerroa proiektua osatzeko falta diren elementuak irailean jarriko dituzte eta orduan inauguratuko dute gunea. Haur eta nerabeentzat ikastaro bat emateko asmoa ere iragarri du udalak.

Lanak hasi eta bi hilabete baino lehen, prest eta erabilgarri dago Zubiaurreko aisiagune berriko pump truck zirkuitua. Atzo ireki zuten, eta herriko hainbat haur eta nerabek ez zuten alferrik galdu patinetan, patinetean edota bizikletan kirolgune berriko igoera-jaitsierak eta bihurguneak estreinatzeko aukera.

Irikaitz Denbora Lerroa proiektuaren lehen zatia, beraz, bukatuta eta martxan dago, Zestoako futbol zelai zaharraren eremuan. Gunea osatzeko lanak, ordea, ez dituzte bukatu. Kirola, aisia eta ondarea uztartuko ditu Zubiaurreko aisiaguneak Irikatz Denbora Lerroarekin. Hain zuzen ere, Zestoako arkeologia ondare aberatsaren gaineko informazioa emango duten panel informatiboak jartzeko eta pump truck-aren bueltako ibilbidea bukatzeko daude oraindik. Lanak irailean amaituko dituztela jakinarazi du Zestoako Udalak, eta orduan inauguratuko dute.

Era berean, uda ondoren haurrei eta neraberri zuzendutako ikastaro bat ere antolatu asmo du udalak, "adituak diren begiraleekin, zirkuituaren erabileraren inguruan aholkuak eta jarraibideak emateko".

Eremua zaintzeko deia

Aisiagune berria irekitzearekin bat, eremua "txukun eta garbi mantentzeko" deia ere egin du udalak, "bakoitza bere zaborraren arduradun eginez, eta gauza bakoitza dagokion ontzian botata".

Zubiaurreko gunea ibai ondoan dago, eta horrek zaborra kontroolpean izatearen beharra areagotzen duela nabarmendu du udalak: "Eremu guztiak dira garbi mantendu beharrekoak, baina ibai ondo batean, natur ingurunea izanik, zikinkeriak naturari eginiko kaltea benetan larria izan daitekeela kontuan hartzeko eskatzen zaie herritarrei".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide