Uda hasierarako ez, baina bukaerarako prest egon daiteke Zestoan Irikatz Denbora Lerroa gunea. Aste honetan sartu dituzte makinak Zubiaurren, futbol zelai zaharreko eremuan, aisia, kirola eta arkeologia ondarearen zabalpena uztartuko dituen gunea eraikitzen hasteko. Zestoako Udalaren aurreikuspenak betetzen badira, bi hilabetetan bukatuko dituzte lanak eta, beraz, abuztu bukaerararko erabilgarri egon daiteke gunea.
Babes maila gorena duen eremua izaki, udalaren proiektuari oniritzia eman behar izan diote lehendabizi Aranzadi zientzia elkarteak, eta ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aranzadiren txostenean oinarrituta. Hain zuzen ere, zientzia elkarteko arkeologoek gainbegiratuko dituzte hasi berri diren obrak, babestutako gunean kalterik eragin ez dezaten.