Aisia, kirola eta ondare arkeologikoa uztartuko dituen Irikaitz Denbora Lerroa egitasmoa prest du gauzatzeko Zestoako Udalak, baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren onespen ofizialaren zain jarraitzen du.
Zubiaurre futbol zelaia zegoen eremuan eraikiko dute Irikaitz Denbora Lerroa. Patin, skate, bizikleta eta antzeko gurpildun kirolzaleentzat aisialdirako edota entrenatzeko izan ohi diren pump truck izeneko hainbat asfaltozko zirkuitu izango ditu erdigunean eremu berriak. Hiru pump truck zirkuitu aurreikusita daude –berdea, gorria eta urdina–, bizikletentzako aparteko beste gune bat ere bai, eta gunearen bueltan oinez egiteko beste ibilbide bat.
Guztiak bateratuko dituen elementua da Zestoako ondare arkeologikoa. Izan ere, udalak bere aldizkarian azaldu legez, "Zestoako ondare arkeologikoan barrena bidaia egiteko" eta gunearen erabiltzaileek ondare hori ezagutzeko aukera eskainiko du Irikaitz Denbora Lerroak. Horretarako, Zestoako udalerriaren mugen barruan dauden sei arkeologia aztarnategiei eskainitako informazio panelak jarriko dituzte: Erlaitz, Ekain, Ikaitz, Irikaitz, Amalda eta Baio. "Bizikletak, patinak, monopatinak edo mikropatinak erabiliz, pump track ibilibideak Zestoako gune arkeologiko ezberdinetara eramango gaitu. Horrez gain, instalakuntzaren kanpoaldean dagoen oinezkoentzako bidetik ere egin daiteke bidaia".
Datorren udarako
Aurreko udal agintalditik datorren proiektua da Zubiaurre futbol zelaia zenaren eremuan egingo duten aisialdirako gune berriarena. Urtarrilean jaso zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare sailaren hasierako oniritzia Irikaitz Denbora Lerroa egitasmoak. Orein Bike enpresak proiektu teknikoaren erredakzioari ekin zion ondoren. Une honetan, udalak prest du beharrezko dokumentazio osoa, Aranzadi zientzia elkartearen oniritzia barne dela. Izan ere, 1996an Eusko Jaurlaritzak babes goreneko arkeologia gune izendatu zuen egitasmo berriak hartuko duen eremua, eta horrek hainbat baldintza dakartza berekin han edozer eraiki ahal izateko; besteak beste, debekatuta dago eremu horretan lur altxamenduak egitea.
Udalaren txostenaren berri badu aldundiak, eta erakunde horren behin betiko argi berdearen zain dago udala, lanen lizitazioa martxan jarri ahal izateko. Aldundiaren baimena epe laburrean jasotzea espero du udalak. Hura eskuetan, udazken hasieran lanen lizitazioa martxan jartzea eta, lanak bukatuta, 2024ko udarako Irikaitz Denbora Lerroa erabilgarri eta martxan izatea dira udalaren aurreikuspenak.