Zestoa-Urepele senidetze egitasmoaren barruko lehen ekitaldiaz gozatzeko aukera izan dute gaur arratsaldean Zestoako frontoian: Gai ziren eta gai gara bertso saioaz, hain justu. 1967. urtean Xalbadorrek eta Uztapidek jokatutako Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean jorratutako gaiak oinarri hartuta kantatu dute Maialen Lujanbiok, Saioa Alkaizak, Alaia Martinek, Miren Artetxek eta Nerea Ibarzabalek. Aroa Arrizubieta hasiera batean etortzekoa bazen ere, zenbait arazo medio ezin izan du parte hartu azkenean. Gai jartzaile lanak, berriz, Amaia Agirrek eta Xabat Alzugaraik egin dituzte.
Asko izan dira Gai ziren eta gai gara bertso saioaz gozatzera joan direnak, baita bertsolarien errezitaldiekin barreari eutsi ezinda ibili direnak ere.
Datozen asteetan, ekintza gehiago
Joan den asteartean jakinarazi zituzten Mikel Arregi Zestoako alkateak, Amaiur Aristi Itxaropena dantza taldekoak eta Mikel Irure Agiro mendizale taldekoak Zestoa-Urepele egitasmoaren barruan ekainerako antolatutako ekintzak. Datorrena ekainaren 15ean izango da, Urepele eguna ospatuko baitute Zestoan. Horrez gainera, Pako Aristik idatzitako Uztapide eta Xalbador bi adiskide mugaz gaindi liburuaren aurkezpena eta mahai ingurua antolatu dituzte ekainaren 19rako. Gainera, ekainaren 29an Zestoa eta Urepele arteko ibilbidearen Labaien-Belate ibilaldia egingo dute. 07:30ean Gurutzetik irtenda.
Eta, oraindik erabat zehaztu gabe dituzten arren, aurreragorako beste ekintza batzuk ere aurreratuta zituen Aristik: "Besteak beste, lehen sektoreari lotutako bisitak izango dira: uztailaren erdialdera urepeldarrak Zestoara etortzea da asmoa hemengo laborariekin ezagutzak partekatzera eta lan lekuak ezagutzera. Zestoarrak, berriz, Urepelera irailean joatea nahi da. Bisita horiez gainera, urriaren 5ean Urepelen Zestoa Eguna egiteko asmoa dago. Egunak zehaztuta daudenean azalduko ditugu ekintza horiek".
Iazko azaroan sinatu zuten Zestoa eta Urepele udalerrien senidetza akordioa; azaroaren 18an Zestoan egin zuten eta astebete geroago, azaroaren 26an, Urepelen. Ekitaldi horiek eta gero, egitasmoari lotutako "ekitaldi nagusienak" larunbatean hasiko dituztela azaldu du Zestoako alkateak: "Kultur arloari, lehen sektoreari eta beste arlo batzuei lotutako ekitaldiak dira orain egingo ditugunak, eta aurrerago beste batzuk ere etorriko dira. Ekitaldi hauek guztiak batik bat herritarrei zuzendutakoak izango dira".
Egitaraua:
- Ekainak 15, larunbata. Urepele Eguna 2024.
- 08:00. Zestoako 22. Ibilaldi Neurtua. 15 kilometroko ibilbidea izango du, eta aurrez izena eman behar da herrikrosa.eus webgunean. Izen ematea 15 euro da, eta partaideek kamiseta bana jasoko dute opari.
- 10:00. Txistularien diana.
- 11:00. Urepeldarren etorrera.
- 11:00-13:00. Urepeleko eta Zestoako ekoizleen eta artisauen azoka.
- 12:00. Klika txaranga kaleetan zehar.
- 14:30. Herri bazkaria plazan, bertsolariekin. Bazkarirako txartelak Portalen daude salgai, 15 eurotan. (Datorren astean jarriko dituzte saltzen).
- Bazkal ondoren, kantaldia plazan.
- 18:00. Urepeldarren itzulera.
- Ekainak 19, asteazkena. Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburuaren aurkezpen mahai ingurua. 19:00etan, Kultur Etxean. Parte hartzaileak: Pako Aristi idazlea eta Xabier Amuriza bertsolaria. Moderatzailea: Jon Artano.
- Ekainak 29, larunbata. Labaien eta Belate mendi ibilaldia (Zestoatik Urepelerako etapa). 07:30ean, Gurutzetik irtenda.