Zestoa-Urepele egitasmoaren ekitaldi nagusiak hasiko dituzte larunbatean

Nerea Uranga 2024ko mai. 28a, 17:10

Mikel Irure, Mikel Arregi eta Amaiur Aristi Zestoa-Urepele egitasmoko ekitaldiak aurkezten, gaur. (Nerea Uranga)

Ekainerako Zestoa-Urepele senidetze egitasmoaren barruan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Esaterako, ekainaren 1erako, larunbaterako, 1967. urtean Xalbadorrek eta Uztapidek jokatutako Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko gaiak ardatz hartuta Gai ziren eta gai gara bertso saio berezia antolatu dute Zestoan.

Zestoa-Urepele senidetze egitasmoaren barruan ekitaldi sorta oparoa antolatu dute ekainerako Zestoan. Senidetzeari lotutako kontuak antolatzeko, Zestoako herri eragileen eta udalaren artean talde bat dute osatuta, eta talde horretako kide diren Mikel Arregi Zestoako alkateak, Amaiur Aristi Itxaropena dantza taldekoak eta Mikel Irure Agiro mendizale taldekoak aurkeztu dituzte ekainerako prestatu dituzten ekitaldiak.

Iazko azaroan sinatu zuten Zestoa eta Urepele udalerrien senidetza akordioa; azaroaren 18an Zestoan egin zuten eta astebete geroago, azaroaren 26an, Urepelen. Ekitaldi horiek eta gero, egitasmoari lotutako "ekitaldi nagusienak" larunbatean hasiko dituztela azaldu du Zestoako alkateak: "Kultur arloari, lehen sektoreari eta beste arlo batzuei lotutako ekitaldiak dira orain egingo ditugunak, eta aurrerago beste batzuk ere etorriko dira. Ekitaldi hauek guztiak batik bat herritarrei zuzendutakoak izango dira".

Ekainaren lehenean hasiko dituzte ekitaldiak. Hain zuzen ere, larunbaterako Gai ziren eta gai gara bertso saioa antolatu dute, 17:30ean, Zestoako kiroldegian. 1967. urtean Xalbadorrek eta Uztapidek jokatutako Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko gaiak ardatz hartuta prestatu dute bertso saio berezia. Aristik azaldu ditu larunbateko bertso saioaren nondik norakoak: "Zestoa-Urepele senidetza egitasmoa Uztapideren eta Xalbadorren laguntasuna oinarri hartuta hasi genuen, eta bi bertsolari handi hauek parte hartu zuten Bertsolari Txapelketa Nagusi ezagunenetakoa 1967koa da, biek jokatu zuten buruz burukoa. Eta txapelketa hura ezaguna da Xalbadorrek jaso zituen txistuengatik. Saio hartako gaietatik abiatutako bertso saioa izango da larunbatekoa". Orduan ez bezala, oraingo saioan kantatuko duten bertsolari denak emakumeak izango dira. "Saioa antolatzen eta prestatzen Amaia Agirre eta Xalbat Alzugarai –urepeldarra da hau– dabiltza. Bertsolariak lurraldetasuna kontuan hartuta gonbidatu ditugu saioan parte hartzera. Honakoek kantatuko dute: Maialen Lujanbiok, Saioa Alkaizak, Alaia Martinek, Miren Artetxek, Nerea Ibarzabalek eta Aroa Arrizubietak". Sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte 10 eurotan Zestoako Turismo Bulegoan, eta egunean bertan kiroldegiko leihatilan erosi ahalko dira.

Urepele Eguna, Zestoan

Urepele Eguna ekainaren 15ean ospatuko dute Zestoan, eta egun horretarako egun osoko egitaraua prestatu dute. Hasteko, Zestoako 22. Ibilaldi Neurtua egingo dute 08:00etan irtenda, Agiro mendi taldeak antolatuta. Ibilbide neurtuan parte hartzeko izena derrigorrez aurrez eman behar da herrikrosa.eus webgunean. "Bezperan bada ere aurrez eman behar da izena, egunean bertan ez delako izena emateko aukerarik izango", zehaztu du Irurek.

Aurreko edizioetan bi ibilaldi jarri izan dituzte aukeran, baina aurtengoan ibilaldi motza bakarrik egingo dute, 15 kilometrokoa. Irurek adierazi duenez, Zestoako bailak ezagutarazteko prestatu dute ibilaldi neurtuko ibilbidea: "Eguneko beste ekintzetan parte hartu ahal izateko, ibilbide bakarra eta motza egitea erabaki dugu. Urepeldarrak etortzen badira ere, gure ingurua ezagutarazteko ibilbide berezia prestatu nahi izan dugu: Ekain aldera joko dugu, eta Sastarrain bailara erakutsiaz Ekain gailurra egingo dugu, eta gero Olazabal gainetik Sagarreta aldera joango gara, eta handik Aittolako gurutzera. Hamaiketakoa Aittolan egingo dugu, eta gero Goltzibartik barrena Etorra bailaratik etorriko gara herrira". 12:00ak bueltarako ibilaldia denek bukatuta izatea nahi dute, eguneko gainontzeko ekitaldietan urepeldarrekin parte hartzeko.

Zestoako eta Urepeleko ekoizleen eta artisauen azoka ere egingo dute Urepele Egunaren barruan, 11:00etatik 13:00etara. "Azokaren helburua, salmentatik haratago, elkar ezagutzea eta aurrera begira antolatu nahi ditugun bisitei edota ekintzei forma ematen hastea da", azaldu du Aristik. 12:00etan, kalea girotzeko Klika txarangarekin kalejira egingo dute, Urepeletik etorriko diren hogei bat musikarirekin. Jarraian, bazkaria egingo dute plazan, Agiroko mendi taldekoek eta jubilatuen elkartekoek prestatuta. Bazkarirako txartela erosi beharko da, baina oraindik ez dituzte jarri saltzen. Aristik esan du datorren astetik aurrera jarri nahi dituztela txartelak saltzen Portalen. Bazkalondoan kantaldia egingo dute, eta mahai bueltako giroa bukatutakoan,  urepeldarrak beren herrira itzuliko dira.

Liburuaren aurkezpena

Uztapideri eta Xalbadorri lotuta ere liburu bat idatzi du Pako Aristik, Uztapide eta Xalbador bi adiskide mugaz gaindi izenburukoa. "Bi bertsolari horien adiskidetasunaren inguruan dokumentazio asko zegoen, eta liburu bat egitea proposatu genion Pako Aristiri. Xabier Amurizak ere bere alea jarri du, eta baita herriko beste eragile batzuk ere. Emaitza argitaratu berri da, eta liburuaren aurkezpena Donostian egingo da ekainaren 5ean", azaldu du Arregik. Liburu horren aurkezpena eta mahai ingurua ekainaren 19an egingo dute Zestoan. 19:00etan izango da, Kultur Etxean. Hizlari Pako Aristi liburuaren idazlea eta Xabier Amuriza bertsolaria ariko dira, eta Jon Artano kazetariak moderatuko du solasaldia.

Beste etapa bat

Ekainaren 29an, berriz, Zestoa eta Urepele arteko ibilbidearen Labaien-Belate ibilaldia egingo dute. 07:30ean Gurutzetik irtenda. "Senidetza proiektuaren beste asmo bat oinez Zestoa eta Urepele lotzea zen, eta egia esan, Euskal Herriko lekurik politenetakoak gurutzatzen ditu ibilbide horrek. Etapa batzuk egin ditugu, eta behin azken zatiak egindakoan, ibilbidea digitalizatzeko asmoa dago, nahi duten herritar guztiek egiteko aukera izan dezaten", azaldu du alkateak.

Agiroko kidea den Irurek azaldu du Labaien eta Belate arteko etapak 17 kilometro dituela. Udazkenean, berriz, Zestoa eta Urepele oinez lotzeko gainontzeko bide zatiak egiteko asmoa dute Agirokoaren esanetan, "baita Zestoa eta Andoain arteko zatia egitekoa ere".

Oraindik erabat zehaztu gabe dituzten arren, aurreragorako beste ekintza batzuk ere aurreratuta dituztela zehaztu du gaurko aurkezpenean Aristik: "Besteak beste, lehen sektoreari lotutako bisitak dira: uztailaren erdialdera urepeldarrak Zestoara etortzea da asmoa hemengo laborariekin ezagutzak partekatzera eta lan lekuak ezagutzera. Zestoarrak, berriz, Urepelera irailean joatea nahi da. Bisita horiez gainera, urriaren 5ean Urepelen Zestoa Eguna egiteko asmoa dago. Egunak zehaztuta daudenean azalduko ditugu ekintza horiek".

2023ko Mugaz Gaindiko proiektuetara aurkeztu zuten Zestoa-Urepele senidetza egitasmoa, eta bozketa bidez lehiaketa irabazi egin zuten. Horri esker egitasmoaren barruko ekintza guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinear Atlantiarraren departamentuak diruz lagunduta daudela eta udalak ere bere ekarpen ekonomikoa egingo duela gogorarazi du Zestoako alkateak.

Egitaraua:

- Ekainak 1, larunbata. Gai ziren eta gai gara bertso saioa. 17:30ean, Zestoako kiroldegian. Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Saioa Alkaiza, Alaia Martin, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Aroa Arrizubieta. Gai jartzaileak: Amaia Agirre eta Xabat Alzugarai. Sarrerak 10 euro balio dute, eta Zestoako Turismo Bulegoan eros daitezke aurretik. Saioaren egunean bertan, kiroldegiko leihatilan salduko dituzte.

- Ekainak 15, larunbata. Urepele Eguna 2024.

  • 08:00. Zestoako 22. Ibilaldi Neurtua. 15 kilometroko ibilbidea izango  du, eta aurrez izena eman behar da herrikrosa.eus webgunean. Izen ematea 15 euro da, eta partaideek kamiseta bana jasoko dute opari.
  • 10:00. Txistularien diana.
  • 11:00. Urepeldarren etorrera.
  • 11:00-13:00. Urepeleko eta Zestoako ekoizleen eta artisauen azoka.
  • 12:00. Klika txaranga kaleetan zehar.
  • 14:30. Herri bazkaria plazan, bertsolariekin. Bazkarirako txartelak Portalen daude salgai, 15  eurotan. (Datorren astean jarriko dituzte saltzen).
  • Bazkal ondoren, kantaldia plazan.
  • 18:00. Urepeldarren itzulera.

- Ekainak 19, asteazkena. Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburuaren aurkezpen mahai ingurua. 19:00etan, Kultur Etxean. Parte hartzaileak: Pako Aristi idazlea eta Xabier Amuriza bertsolaria. Moderatzailea: Jon Artano.

- Ekainak 29, larunbata. Labaien eta Belate mendi ibilaldia (Zestoatik Urepelerako etapa). 07:30ean, Gurutzetik irtenda.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide