Senidetza ekitaldia, osatuta

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 27a, 10:34

Aurreko asteburuan Zestoan egin bezala, atzo Urepelen sinatu zuten akordioa bi udalek, bertsoz, musikaz nahiz dantzaz apaindutako eta Uztapide eta Xalbador gogoan izan zituzten ekitaldian. 24 lagun joan ziren Zestoatik Urepelera.

Azaroaren 18an Zestoan lehen atala beteta, atzo osatu zuten Zestoak eta Urepelek bi herrien arteko senidetza, Urepelen (Nafarroa Beherea). Zestoako ekitaldiaren bide bertsutik osatu zuten bigarren zatia ere: Uztapide eta Xalbador bertsolariek senidetza honetan duten pisua azpimarratu zuten, musikaz nahiz dantzaz apaindutako ekitaldian.

Mikel Arregi Zestoako alkateak eta Xole Aire Urepeleko auzapezak hitza hartu eta senidetza akordioa berresteko bigarren aldiz sinatu ondoren, Amets Arzallusen bat-bateko bertsoak kantatu zituen; eta Zestoako udaletxean kantatutakoak errepikatuz, Xalbadorrek eta Uztapidek 1961ean Alduden (Nafarroa Beherea) botatako aldamioaren bertsoak kantatu zituzten atzo Urepelen ere Xalbadorren seme Daniel Airek eta Aizpea Aristik. Dantza sokarekin bukatu zuten atzo ere senidetu berri diren herrien arteko lotura irudikatzeko ekitaldia.

Zestoako Udalak autobusa jarri zuen Urepelera joan nahi zuten guztientzat, eta azkenean 24 izan ziren atzo Zestoatik Urepelera joan zirenak. Senidetza ekitaldiaren ondoren, bazkarian elkartu ziren bi herrietako lagunak. "Datozen hilabeteetan egin beharrekoaz" aritzeko baliatu zuten bazkaria, "eta, bazkalondoan, Urepeleko artzainari eskainitako Xabier Leteren kanta ezaguna ere ez zen falta izan", azaldu du Zestoako Udalak.

(Argazkiak: Zestoako Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide