Zestoa eta Urepele (Nafarroa Beherea) senidetzeko lehen ekitaldi ofiziala egin dute gaur eguerdian Zestoan. Duela hiru urte hasi eta pandemia tarteko luzatutako prozesuaren lehen fruitua izan da gaurkoa. Manuel Olaizola Uztapide zestoarra eta Fernando Aire Xalbador urepeldarra, XX. mende erdi aldeko bertsolari handienetako bi, daude hein handi batean bi herrion senidetza egitasmoaren oinarrian. Bertsokide ez ezik, adiskide minak ere izan ziren Uztapide eta Xalbador. Haiek gogora ekarri dituzte behin eta berriz gaurkoan, hitzetan, bertsotan eta kantuan.
Xole Aire auzapeza buru zuen ordezkaritza etorri da Urepeletik Zestoara gaurko ekitaldirako. Mikel Arregi alkatea, udaleko zinegotziak eta senidetza proiektu honetan parte hartzen ari diren beste hainbat herritar zain zituzten udaletxean. Garikoitz Mendizabal zinegotziaren txistu doinuak lagun zituztela sartu dira udaletxeko areto nagusian Arregi eta Aire, ekitaldia hasteko. Bi alkateek hartu dute hitza ondoren, bi herrietako udal ordezkariak atzean zituztela.
Zestoak eta Urepelek dituzten desberdintasunak eta antzekotasunak hizpide izan dituzte Arregik eta Airek. Xalbador idatzi eta Mikel Laboak kantatutako bertsoei aipamena egin die Zestoako alkateak: "Herria da gorputza eta hizkuntza bihotza ahapaldiak jarraipen bat dauka: bertzetik berextean bitarik bakotxa, izaite horrendako segurra hil hotza. Gurea hori da. Herri txiki bat gara, hizkuntza bat eta nortasun partekatu bat dauzkagu Iparraldearekin eta Urepelerekin zestoar denok. Bizi ditugun garaiotan arrisku handiak ere badauzkagu, arbasoek guri utzitako hori zaindu egin behar dugu, eta iruditzen zaigu senidetze honek horretan lagunduko digula". Urepeleko auzapezak, bere aldetik, biztanleria "apaltzen" jarraitzen duen bere herriaren kezkak eta minak plazaratu ditu, euskararekin eta euskal kulturarekin loturiko kezkak, bereziki: "Euskal Herrian zehar hain bizirik, mugarik gabe eta gaztez osaturik segitzen duen bertsolaritza, Urepelen Xalbadorren garaian gelditu ote da? Eta mendez mende irauten ari den gure euskara zertan da Urepeleko sukalde txokoetan?", galdetu du, ikastolek Ipar Euskal Herrian hizkuntzari eusteko egiten duten lan "bikaina" goraipatzeko. Zestoak senidetzeko proposamena egin zienean izan zituzten burutazioak eta zalantzak ere aipatu ditu Airek, Zestoarekin alderatuta "ttipia" delako Urepele –280 biztanle zituen 2018an–; baina Zestoara lehen aldiz etorri zirenean "etxera trankil sartu" zirela azaldu du, "hemen ttipi-handi konturik ez dela ongi ulertuta", Zestoa, eta batik bat bere auzoak, "aunitz Urepele ttipi balira bezala" jabetuta. Eta Arregik aurretik ekarritakoren haritik bukatu du hitzartzea auzapezak: "Herria da gorputza eta hizkuntza bihotza esaldia bermatuz, esperantza dut bide luzea egingo dugula eskuz esku zestoar eta urepeldarrek".
Hitzartzeen ondoren, mahaian eseri, eta senidetza akordioa bien artean irakurri dute, sinatu aurretik. Uztapidek eta Xalbadorrek zuten adiskidetasuna gaurko egunera ekarrita, bi herrien "laguntasuna bultza eta eraiki nahi" dutela diote bi udalek akordioaren sarreran, bi udalerrien elkarlanaren "ondorio" izango direlako "gure kultura, gure hizkuntza eta gure lurrarekiko lotura eta onura". Helburu horiek betetzeko, "benetako senidetasun eta elkar laguntza harremanak" egin nahi dituzte. Sei puntu ditu gaur sinatutako akordioak, eta harremanak eta adiskidetasuna sustatzea da, hain zuzen, lehendabiziko puntua; kultura trukea, ingurumena ardatz hartuko duen garapen ekonomikoa, nortasun partekatuaren kontzientzia sustatzea, euskal kultur ondareari balioa ematea eta akordio beraren iraupen mugagabea dira beste bostak.
Bertsotan eta dantzan
Ekitaldiaren atal protokolarioa osatuta, bertsoek hartu dute tokia udaletxeko areto nagusian. Gorka Olaizola eta Aitor Salegi bertsolari zestoarrek ireki eta itxi dute bigarren zati hori; nola ez, eta besteak beste, Uztapide eta Xalbador ekarri dituzte gogora biek bat-bateko jardunean. Eta bat-bateko bertsoen tartean, bertso kantatuak ere entzun ahal izan dituzte ekitaldirako elkartutakoek: Uztapidek eta Xalbadorrek Alduden (nafarroa Beherea) 1961. urtean kantatutako aldamioko berrtso sorta ezaguna, Xole Airek aurrez bere hitzartzean ere gogora ekarri duena.
Baina ez da udaletxekoarekin amaitu gaurko senidetza ekitaldia. Areto nagusian elkartutako guztiak plazara jaitsi dira, eta dantza soka egin dute haun bi herrietako hautetsiek, senidetzaren lotura dantzan eta lore sortak elkar trukatuta irudikatuz. Azkenik, gaurko ekitaldian parte hartu duten zein plazan batu diren herritar guztiek argazkia atera dute udaletxe aurrean, gaurko egunaren oroigarri gisa.
Senidetzaren gorpuzteak eta ospakizunak jarraipena izango dute datorren asteburuan. Bihar zortzi, azaroaren 26an, zestoarrak hartuko dituzte Urepelen, senidetzaren ofizializazioa borobiltzeko.