Xalbadorren eta Uztapideren arteko finala oinarri hartuta bertso saio berezia antolatu dute Zestoan

Intza Trula 2024ko mai. 20a, 16:30

Iazko azaroan Zestoan egindako senidetze ekitaldia. (Mailo Oiarzabal)

Zestoaren eta Urepeleren (Nafarroa Beherea) arteko senidetze proiektuaren barruan Gai ziren eta gai gara bertso saioa egingo dute ekainaren 1ean. Sarrerak Turismo Bulegoan eros daitezke dagoeneko, nahiz eta egunean bertan leihatilan ere egongo diren. 

1967. urtean Xalbadorrek eta Uztapidek jokatutako Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko gaiak ardatz hartuta Gai ziren eta gai gara bertso saio berezia antolatu dute Zestoan. Zestoaren eta Urepeleren (Nafarroa Beherea) arteko senidetzearen harira antolatu du saioa Zestoako Udalak, eta ekainaren 1ean izango da, 17:30ean kiroldegian. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Turismo Bulegoan –10 euroan–; halere, egunean bertan leihatilan ere erosi ahal izango dira.

Sei bertsolarik jardungo dute kantuan Gai ziren eta gai gara bertso saioan: Maialen Lujanbiok, Saioa Alkaizak, Alaia Martinek, Miren Artetxek, Nerea Ibarzabalek eta Aroa Arrizubietak, hain zuzen. Gai jartzaile lanak Amaia Agirrek eta Xalbat Alzugaraik egingo dituzte.

Uztapide eta Xalbador, bi lagun mugaz gaindi

Horrez gainera, ekainaren 5ean, asteazkenez, Pako Aristi kazetariak Uztapide eta Xalbador, bi lagun mugaz gaindi liburua aurkeztuko du Donostiako Udal Liburutegian, 11:30ean. Liburuak bi protagonisten arteko laguntasun istorioa kontatzen du, lekuko ugariren testigantzen eta bertsoen laguntzaz.

Xalbador eta Uztapide bertsolarien arteko adiskidetasuna kontatzen duen  liburua bertsozaleentzako zein tradizio hori ezagutzen ez dutenentzako liburua da. Honela dio sinopsiak: "Euskal Herriak eman dituen bertsolaririk handienetakoak, euskal kulturaren erraldoi bilakatu dira. Bien tartean muga bat egon arren, eta bi euskalkitan kantatu arren, elkar osatu zuten hogeita hamar urtez iraun zuen adiskidantza baten bitartez. Haien ereduari jarraituz, orain bi herriak, Zestoa eta Urepele, senidetu egin dira eta horren emaitzetako bat da liburu hau".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide