Urteroko hitzorduetako bat bizi zuten atzo arratsaldean Modelo aretoan: Kirol Sarien gala. Bertan, Zarauzko Udalak 2025eko kirolari, kirol talde, entrenatzaile eta babesleak omendu zituen. Udalaren aitortza eta herriaren txalo zaparrada ez ezik, oroigarri bana jaso zuten protagonista guztiek.
Hori horrela, Malen Monasterio halterofiloak jaso zuen emakumezko kirolari onenaren saria, eta gizonezkoena, berriz, Akram Maghfour Yaakoubi borrokalari olinpikoari eman zioten. Taldeko sariak ere banatu zituzten; esaterako, Kirol talde onenaren saria Nik Tri Triatloi taldeak eskuratu zuen, eta gizonezkoena ZKEren senior futbol taldearentzat izan zen. Entrenatzaile onenaren saria Jose Maria Olazabal Paxo-k jasoko zuen, eta Kirola Bizi saria Cristobal Rochasentzat izan zen.
Sari bereziena ekitaldiaren amaierarako utzi zuten. Iaz zendu zen Esteban Collantesen familiarentzat izan ziren arratsaldeko azken garaikurra eta lore sorta. 16 urtez Zarautz Kirol Elkarteko presidente izan zen Collantes, eta bere seme Jokin Collantesen hitzetan, "maitasunez eta konpromisoz" lan egin zuen elkartearen alde. Jokinek aipatu zuen moduan, xakean hasi zuen kirol ibilbidea bere aitak, "eta hortik, ia bilatu gabe, bideak ZKEko lehendakari izatera eraman zuen". Semeak, hunkituta, ondorengoa esan zuen: "Hemendik eskerrak ematen dizkizut aita, beti maiteko zaitugu".