Lan eskergak baduelako saririk

Intza Trula 2026ko urtarrilaren 29a

Kirol Sarien gala ospatu zuten atzo Modelon. Une berezi ugari bildu zituen saioak: iaz zendu zen Esteban Collantesi eginiko aitortza izan zen hunkigarriena.

Banan-banan, iazko kirolari onenek aitortza jaso zuten atzo arratsaldean Modelo aretoan. Zarauzko Udalak urtero antolatzen du Kirol Sarien gala, besteak beste, kirolariak, entrenatzaileak, zuzendaritzako kideak eta babesleak omentzeko helburuarekin. 19:00etan zen hitzordua, eta hogei minutu inguru falta zirenean hasi ziren herritarrak aretoko besaulkiak betetzen. Jendetza elkartu zen azkenean; ia aretoaren edukiera osoa bete zuten ikusleek, eta, horri esker, txalo zaparradarik ez zen falta izan gala osoan zehar. Momentu berezi ugari bizi izan ziren arratsalde osoan, baina bereziki une batek hunkitu zituen ikusle guztiak: Esteban Collantes zenaren familiak saria jaso zuen unea.

Beste urte batez, Xabier Euzkitzek gidatu zuen saioa, eta hark, galaren hasieran, Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziari eman zion hitza. Illarramendik kirolariak, entrenatzaileak eta babesleak eskertzeko baliatu zituen lehen uneak: "Guretzat plazer bat da zuek bezalako kirolariak herrian izatea". Horrez gainera, Eskola Kirolaren garrantziaz mintzatu zen: "Azkenaldian zalantzan jarri da Eskola Kirolaren jarduna, eta gure ustez guztiz beharrezkoa da, bai klubentzat eta bai kirolari amateur eta profesionalentzat ere".

Norbanakoen balentria

Illarramendiren hitzartzearen ostean, Euzkitzek emakumezko kirolari onena gonbidatu zuen oholtzara: Malen Monasterio halterofiloa. Espainiako junior mailako errekorra ezarri zuen duela hilabete batzuk, eta Albanian jokatutako Europako Junior Txapelketan zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu zituen. Behin oroigarria jasota, Monasteriok eskerrak eman zizkien udalari, baita bera bozkatu zutenei ere. Urte osoan zehar egindako lana aitortzeko "oso modu polita" dela iritzi zion berak, eta bide horretan gogoan izan zituen familia, lagunak, eta entrenatzaileak. "Beraiek dira prozesu guztia ikusten dutenak, eta aurrera jarraitzera animatzen nautenak", gehitu zuen.

Gizonezko kirolari onena igo zen jarraian agertokira: Akram Maghfour Yaakoubi borrokalari olinpikoa. 17 urte azpiko Espainiako Txapelketan hirugarren izan zen, eta Espainiako selekzioarekin ere lehiatzen aritu da. "Sari hau nire familiarentzat da, beti lagundu didate egin nahi nuen guztian", zioen Maghfourrek. Etxekoei begira, barrez, txantxa bat ere egin zuen: "Badakit batzuetan beldurra sentitzen duzuela, baina hau horrela da".

Taldeak ere bai

Emakumezko talde onenaren saria Nik Tri triatloi taldeak jaso zuen. Taldearen erdia emakumezkoak dira, eta besteak beste, triatloi mistoa antolatzen dute herrian. Izaskun Isastik hartu zuen hitza, eta esan zuen "ilusio ikaragarria" egiten ziela omenaldia jasotzeak. "Egindako ibilbidearen aintzatespena da, 2013an abiatu genuen ibilbidearena", zioen hunkituta. Era berean, gizonezko talde onenaren saria ZKEren senior futbol taldeari eman zioten. Denboraldi izugarria egin zuen iaz, eta 3. mailarako igoera eskuratuz. Aitor Andreano kapitain ohiak esker hitzak izan zituen guztientzat, eta egindako lanaz mintzatu zen: "Honaino heltzeko eginiko bideari eman nahiko nioke balioa. Urte asko daramatzagu hau lortzeko".

Kirol babesletzaren aitortza Itxas-Lur tabernako Paxku Expositok jaso zuen, 20 urte baina gehiago daramatzalako herriko kirol taldeak eta ekitaldiak babesten. Expositorentzat "ohorea" izan zen saritua izatea. Entrenatzaile onenaren saria, berriz, Joxe Mari Olazabal Paxo-ri eman zioten, urte askoan emakumeen pala sustatzen egindako lanagatik. Etxekoak izan zituen gogoan garaikurra jasotzean: "Pazientzia handia izan duzue orain arte nirekin, eta espero dut horrela jarraitzea". Eta, nola ez, pala taldea osatzen duten emakumeei ere eskaini zien saria. Horrez gainera, bizitza osoa kirol arloan aritutako jendeari ematen zaion Kirola Bizi saria Cristobal Rochasek jaso zuen; 30 urte inguru doa bera Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia antolatzen. Rochasek, bere aldetik, boluntarioen lana goraipatu nahi izan zuen: "Zuek gabe ez dago ezer egiterik".

Sari bereziena, Collantesi

Ekitaldia bere azkenera heltzen hasi zen, eta horrekin batera, asteazkeneko eta azken urteetako sari bereziena banatu zuten. Iaz zendu zen Esteban Collantesen familiarentzat izan ziren arratsaldeko azken garaikurra eta lore sorta. 16 urtez Zarautz Kirol Elkarteko presidente izan zen Collantes, eta bere seme Jokin Collantesen hitzetan, "maitasunez eta konpromisoz" lan egin zuen elkartearen alde.

"Denbora oso bizkor doa", zioen semeak mikrofonoaren aurrean. Orduan, hamar urte atzera egin zuen, ondorengo momentua gogora ekartzeko: "2016an agertoki berean geunden arreba eta biok, bakoitza sari bat jasotzen, eta hortxe genuen aita, guri begira. Berak begiratzen zigun harrotasun berarekin imajinatzen nuen begiratuko niola nik egunen batean, bere aitortza eguna iristean. Tamalez berandu iritsi zaio omenaldi hau". Jokinek aipatu zuen moduan, xakean hasi zuen kirol ibilbidea bere aitak, "eta hortik, ia bilatu gabe, bideak ZKEko lehendakari izatera eraman zuen". Semeak, hunkituta, ondorengoa esan zuen: "Hemendik eskerrak ematen dizkizut aita, beti maiteko zaitugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide