Nondik sortutako ideia da kromoena?
Mikel Larrañaga: Aurreko urtean [Julen] Portillok ikusi zuen Orioko Futbol Taldeak kromoak ateratzen zituela, eta guk gauza berbera egin genezakeela pentsatu zuen. Plaieroetako bileretako batean komentatu zuen, eta denoi ideia polita iruditu zitzaigun, zerbait berria zelako eta herrian zeresana eman zezakeelako. Imajinatzen genuen poteoetan jendea kromoak aldatzen, eta primerakoa izango litzakeela ondorioztatu genuen.
Ane Salegi: Txikitako oroitzapenekin lotzen genituen kromoak, eta hori berpiztea ere izan da asmoa. Egia esan, denoi gustatuko litzaiguke gure kromo bat edukitzea.
Harrezkeroztik, nolako bilakaera izan du proiektuak?
A.S.: Proposamena iritsi eta gero, udan bilera batzuk egin genituen proiektuari forma ematen hasteko. Aurreko jardunaldian hasi ginen kirolariei argazkiak ateratzen, oporrak zirela eta udan ez ginelako denok hemen egongo. Denera 600 pertsona inguru egun baten biltzea ez da erraza. Argazkiak aterata, zain gaude kromoak egingo dituen enpresak horiek egin eta bidali ditzan.
M.L.: Aurreneko egunean jende asko ez zen azaldu, eta, horregatik, bigarren deialdi bat egin genuen. Esan ziguten hiruzpalau aste itxaron beharko genuela kromoak jaso aurretik, eta ondo bidean, azaro hasieran jasoko ditugu horiek. Gero, horiek herriko hainbat puntutan jarriko ditugu salgai. Enpresa arduratu da kromoak sortzeaz, baina guk lotu behar izan ditugu salmenta puntuak.
Non jarriko dituzue salgai, zehazki, kromoak?
M.L.: Hainbat lekutan jarriko ditugu salgai. Adibidez, Arrano eta Itxaslur tabernetan eta Lauok kafetegian.
A.S.: Bi taberna horietan ez ezik, Garoa liburu dendan eta Bunker gozoki dendan ere egongo dira salgai.
Plaieroak sustatzeko hainbat ekintza egin dituzue. Hau beste bat al da lan lerro horretan?
A.S.: Bai. Funtsean, plaieroen bueltan bi talde daude. Lehenengoak partiden antolakuntza kudeatzen du: kanpo markaketa, partiden hurrenkera, egutegia... Bigarren taldea etorkizunari begira dago, eta hor koka daiteke proiektu hau. Talde horren asmoa da plaieroen biziraupena sustatzea, arriskua egon zelako orain dela urte batzuk txapelketa desagertzeko. Ikusgarritasuna areagotzea ere bada helburua, eta helburu horri jarraika egin ditugu plaieropoteak, Getariako jardunaldia, bazkaria...
Nolakoa izan da jendearen erantzuna?
M.L.: Nik uste dut jendeak gogoz hartu duela kromoen proiektua. Parte hartzaile helduenek esan digutena da, adibidez, beren seme-alaba txikiei ilusioa egingo dietela gurasoen kromoak izateak.
A.S.: Parte hartzea ia erabatekoa izan da, eta batzuek galdetu digute ea Urrezko Baloiaren kromoa egongo den, FIFAko albumetan bezala. Nik uste dut jendea gogotsu dagoela bere aurpegia kromoetan ikusteko.