Orioko Futbol Taldeak elkarteko futbolarien kromo bilduma argitaratu du

Urola Kostako Hitza 2013ko aza. 28a, 16:44

Bi herritar Orioko Futbol Taldeko albumari begira. (Egilea: Aiora Larrañaga) Futbol giroan murgildu dira gaztetxo oriotarrak azken egunetan. Izan ere, Orioko Futbol Taldeak kromo albuma argitaratu du, futbol talde handiek egiten duten moduan. Hasiera batean, finantzazio iturri berriak aztertzen ari zirenean proposatu zuten ideia, baina zuzendaritza taldeko kideak konturatu ziren herrian Orioko Futbol Taldearenganako zaletasuna sortzeko balioko zuela egitasmoak. «Alderdi ekonomikoa alde batera utzi dugu. Irabazi txikiren bat izango dugu, baina garrantzitsuena herriko futbol taldearenganako zaletasuna piztea dela uste dugu. Gainera, futbol eskolako gaztetxoak oso gustura daude, beste urteetan futbol jokalari profesionalekin egin duten moduan, aurten euren kromoak aldatuko baitituzte lagunen artean», azaldu du Arkaitz Agirre elkarteko lehendakariak. Asteartean jaso zituen futbol taldeak albumak eta kromoak, eta dagoeneko salgai daude Orion Iturain estankoan, Olatu goxoki dendan eta Mendibeltz Futbol Zelaiko tabernan; Aian, berriz, Iturriozenan eta Haize Berri kafetegian eskuratu daitezke. Albumak bi euro balio ditu, eta kromoak seinaka saltzen dituzte euro baten truke. Ekimena berria bada ere, Orioko haurrak dagoeneko hasi dira euren albumak osatzen. «Oraindik goiz da herritarren harrera baloratzeko, baina jakin dugu dagoeneko kromo trukea hasi dela haurren artean, eta gustura gaude», dio Agirrek. Orioko Futbol Taldea herri mailako taldea bada ere, irudi bilduma «txukuna eta kalitatezkoa» sortu dutela uste dute antolatzaileek. Ruben Enparantza, Imanol Amas eta Eugenio Genova buru-belarri aritu dira hilabete eta erdiz proiketuan lanean. «Amasek argazkigintza munduan lan egiten du, eta argazki bikainak bildu ditu albumean; kolorea, argia edo gorputzaren jarrera, xehetasun guztiak kontutan izan ditugu kalitatezko produktua ateratzeko», azaldu du Agirrek. Bidean, ordea, hainbat oztopo izan dutela ere aitortu du Agirrek. «Entrenamenduetan atera ditugu argazkiak eta ez da erraza izaten taldeko kide guztiak entrenamendu batean biltzea, hainbat arrazoigatik beti huts egiten baitu norbaitek. Gainera, udazken garaian nahikoa goiz iluntzen du, eta argia ere buruhaustea izan da kasu askotan», zehaztu du Arkaitz Agirrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide