Lanetik aterata, bazkaltzeko etenean elkartu da Gorka Aranberri Orioko patroia (Zarautz, Gipuzkoa, 1987) BERRIArekin. Pozik dago, baina argi du: oraindik denboraldia ez da amaitu, eta lan handia dute egiteko. Liga irabazita, beste marka bat dute orain begiz joa: estropada garaipenena. Hemezortzitik hamalau irabazi dituzte, eta Urdaibaik iaz lortutako errekorra berdindu. Bermeoko (Bizkaia) eta Portugaleteko (Bizkaia) estropadak falta dira, eta nahikoa dute horietako batean nagusitzea. Aurretik, Kontxako Bandera ere lortu nahi dute.
Bi jardunaldiren faltan, matematikoki irabazi duzue liga. Gustura zaudete?
Bai, bai. Horrelako denboraldia egitea ez da erraza. Lehengo urtean Bermeorekin ere gertatu zitzaigun: jendeari aspergarria iruditzen zaio beti berberek irabaztea. Iruditzen zait batzuetan meritua kentzen zaiola egindako denboraldiari; lortutakoa oso-oso zaila da, egundokoa, eta egindakoa hor geratuko da.
Galizian jokatu dituzue asteburuko estropadak, eta iritsitakoan, gauean, harrera egin zizueten herrian. Ondo joan zen?
Bai. Ni ez nintzen azaldu, emazteak gauean lana duelako. Hala ere, ligako titulua azkenengo jardunaldia bukatu eta gero ospatuko dugu; ospakizun hori handiagoa izango da. Denok juntatuko gara. Orion ohitura dago banderak irabazten direnean aliron-a egiteko, eta oraingoan ere hala izan da. Galiziatik bi banderarekin bueltatu gara, eta atzokoa ere polita izan zen. Ohi baino pixka bat beranduago, baina jende asko elkartu zen.
Azken urteetan Urdaibairekin izan zara txapeldun, aurten Oriorekin... Irabaztera ohituko zinen dagoeneko.
Bai [barrez]. Erraz esaten da ohitu hitza, baina irabaztea beti da zaila, beti kostatzen da. 2021etik 2025era arteko liga guztiak irabazteko aukera izan dut, zorte hori. Talde onetan izan naiz, baina ez da hori bakarrik. Jendeak pentsatzen du arraunlari onak juntatuta, besterik gabe, gauzak ondo egiten direla, eta lan pila bat dago atzetik, ordu pila bat, dedikazio handia, sakrifizio handia... Eta aurten ere halaxe izan da.
Niretzat, nentorren tokitik etorrita, erronka bat izan da: aurreko urtean ezer irabazi ez zuen talde bat hartu, talde on bat, eta nik eta etorri garenok eman diogun ukitu horrekin ea zertarako kapazak ginen demostratzeko erronka nuen. Eta begira zer denboraldi egiten ari garen. Oraindik ez da bukatu. Ginga jartzea falta zaigu, baina egindakoa hor dago, eta balioa eman behar zaio.
Elkarrizketa osorik irakur daiteke Berria egunkariaren atari digitalean.