Haizea Aizpurua: "Ez dago oharkabetzerik, San Juan gertu baitugu jarraika"

Aiora Arriola 2025ko abu. 14a, 09:30

ZAEren ETE ligako trainerua pasa den urtean Sestaoko uretan jokatutako estropadan. (Iker LarraƱaga)

Emakumezkoen Traineru Elkarteko (ETE) liga bukatzear da, eta lehia bizia dago sailkapenaren puntan: Zarautz da aurrena, eta puntu batera dago bigarren postuan San Juan. Asteburuan Zarautzen izango dituzte estropadak –Kantabriako hitzordua bertan behera gelditu da, tenperatura altuak iragarrita daudelako–, eta liga irabazteko dituzten aukerak tarteko, Zarauzko zuzendaritzako Haizea Aizpuruarekin hitz egin du Gukak.

Laister, abuztuaren 23an, iritsiko da bukaerara emakumeen arrauneko Emakumezkoen Traineru Elkarteko (ETE) Liga, eta sailkapenari begiratuz gero, nabarmena da Zarautzek eta San Juanek lehia bizia daukatela. Izan ere, biek ala biek dituzte liga irabazteko aukerak. Asteburuan Zarautzen dute hitzordua; izan ere, Zarauzko ikurriña izango da jokoan larunbatean nahiz igandean.

Haizea Aizpurua Zarauzko Arraun Elkarteko zuzendaritzako kidearekin hitz egin du Gukak hurrengo jardunaldiaren atarian, eta hark esan du ezin dutela despistatu, San Juan oso gertu baitute jarraika. Horregatik, datozen estropadetan ahalik eta akats gutxien egin behar dituztela azpimarratu du hark, lidertzari eusten jarraitu ahal izateko. Haren esanetan, beste taldeekin ere adi ibili beharko dute, Kaikuk eman duelako sorpresarik estropadaren batean.

San Juan gain-gainean dauka Zarautzek sailkapenean; izan ere, puntu bat gutxiago soilik du talde horrek. Hori dela eta, zuzendaritzako kideak dio Zarauzko arraunlariak datorren asteburura begira daudela. Berez, ostiralean Castro Urdialesen (Espainia) zuten estropada, baina eguraldi beroa iragarrita dagoelako, bertan behera utzi dute hitzordua. Beraz, larunbatean eta igandean, etxean, Zarautzen soilik ariko dira arraunlariak. Indarrak hartu eta borrokatzeko prest iritsi nahi dute hitzordu horietara.

Klubeko zuzendaritzako partaideak dio liga hasterako bazutela denboraldian ondo ibiliko ziren itxaropena: "Denboraldi aurreko estropadetan eta txapelketetan nola ibili diren ikusita, esperantza bageneukan. Dena den, denboraldia hasterako sinatuko genukeen abuztua iritsi eta oraindik ere lidertzan jarraitzea". Aurten emakumeek negua inoiz baino arraunlari gehiagorekin igaro zutela azaldu du, eta nahiz eta joan zen urtean bajak izan zituzten, jubenil mailako sei arraunlari batu igo dira trainerura. Horrek, eta egin dituzten bi fitxaketek lan txukuna egin ahal izatea ahalbidetu diela uste du Aizpuruak.

Asteburu mugitua

Joan zen larunbatean Camargon (Espainia) izan ziren Zarauzko arraunlariak, eta estropada oso txukuna egin arren, tentuz ibili beharra dutela esan du Aizpuruak, akats txiki batek dena iraul dezakeelako. Estropada haren hasieratik aurrean ibili ziren zarauztarrak, eta hala mantendu ziren bukatu arte, baina ez zuten lortu San Juani nahi besteko tartea ateratzea.

Igandean, berriz, Donostian jokatu zuten estropada, Urumean, hain zuzen, eta han danetik gertatu zitzaiela esan du Aizpuruak: "Berez markatuta zegoen estropada eremuaren arabera, zubi batzuen azpitik pasatu behar zuten traineruek, baina marea oso biziak zeudenez, estropada eremua aldatu egin behar izan zuten; izan ere, traineruak oso justu pasatzen ziren bi zubiren azpitik, eta arraunlari guztiek makurtu egin behar izaten zuten". Aldaketak tarteko, estropada atzeratu egin zen, eta plan guztiak goitik behera aldatu zitzaizkien.

Gainera, estropadaren amaieran arraunlari bat ondoezik sentitu zela eta medikuek artatu behar izan zutela esan du zuzendaritzako kideak. Hori dena gutxi ez, eta traineruak utzita zituzten lekutik motxilak lapurtu zizkietela esan du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide