Zarautz Arraun Elkarteko nesken traineruak azken asteetako arantza atera, eta bandera eskuratu du gaurkoan. 16:00etan hasi dira ETE ligako estropadak Camargon (Espainia), eta lau segundo atera dizkio bere aurkari zuzenari, San Juani. 10:56,74 denbora egin dute Enbatakoek, eta 11:00,78, berriz, pasaitarrek. Ziabogan ere azkarragoak izan dira zarauztarrak, eta azkenera arte eutsi diote bentajari.
Hala, sailkapen nagusian lehen postuan jarraitzen dute zarauztarrek, liga amaitzeko lau estropadaren faltan. 101 puntu ditu Zarautzek, baina bi puntura du San Juan, 99 punturekin.
Gizonezkoen ontzia ez da hain fin ibili gaurkoan, hamargarren helmugaratu baita estropada eremu berean. Itsasoko Amak eskuratu du KAE1 ligako bandera Camargon, 20:19,92 denbora eginda, Arkote izan da bigarren 20:26,81 denborarekin, eta Zumaia hirugarren, 20:35,03 denborarekin. Zarautzek 20:57,16 denbora egin du gaur, eta puntu garrantzitsuek egin diete ihes. Sailkapenean hirugarren jarraitzen du, dena den, 103 punturekin. Arkote da bigarren 118 punturekin, eta Itsasoko Ama da lider, 127rekin. Laugarren Lapurdi da, baina urrunago, 92 puntu baititu.
Bihar, etxetik gertuago, Donostian, lehiatuko dira emakumezkoak, arratsalde partean, 17:30ean. Donostiako Aste Nagusiko bandera izango dute jokoan azken horiek. Gizonezkoek, berriz, atsedena izango dute bihar.