2025erako udal aurrekontuari behin behineko onespena eman zioten atzo arratsaldeko osoko bilkuran, Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE udal taldeen aldeko botoekin; EH Bilduk, aldiz, kontrara egin zuen, plenora aurkeztu zituen bost zuzenketatik bat bera ere ez onartu ostean. Gauzak horrela, Zarauzko Udalak 39.803.952,04 euroko aurrekontua izango du datorren ekitaldiari aurre egiteko; Zarautz-Lur erakundearen sarrera-gastuak kontuan hartuta, betiere. Kontuan izan behar da, aurtengo aurrekontuarekin alderatuta, 12 milioi euro pasatxo gutxiago izango duela datorren urtean, baina horrek badu bere azalpena: inbertsiotarako partidarik ez dute txertatu.
Zarauzko Udaleko Ekonomia arloko zinegotzi Iker Basurkok iazko diskurtso bera erabili zuen bere hitzartzean, "egungo egoera globala ez da oso itxaropentsua" azpimarratuz, egun purian dauden gerrak ekononomia arloan duten eragina mahai gainera ekarrita. "Ziurgabetasuna" presente dagoela adierazi zuen Basurkok, eta zaila dela "epe laburretik harago ikustea". EAJ udal taldeko bozeramaile Garbiñe Oiarbidek zehaztu zuen pandemia aurreko egoerara itzuli dela Europa, orduko arau fiskalak indarrean jarriko dira berriro, eta ondorioz, "zuhurtzia printzipioari jarraituz" eta teknikariek hala hobetsita, inbertsiorik gabeko aurrekontuak proposatzea erabaki dute. Bera, 2024ko aurrekontuak ixten direnean, udalak edukiko duen gerakina bideratuko da inbertsioetarako.
Diru sarreren ikuspegitik, ordenantza fiskalen eguneratzeak eta Diru Funtsetik jaso beharreko kopuruaren handitzeak "laguntza handia" ekarriko dutela dio Basurkok. Izan ere, Diru Funtsak aurrekontuen sarrera arrunten %52a osatzen du, eta zerga-tasek, berriz, %42a. Halaber, 600.000 euroko diru sarreren partida ikusi dute eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergetatik etorriko dena. Garaje plazen emakida batzuk bideratzea ere pentsatu dute, herritarren nahiak asetze aldera, eta horrek aparteko diru sarrerak ekarriko ditu; 375.000 euro aurreikusi da, oraingoz.
Gastu partidei dagokienez, gizarte politikek eta kulturak "leku handia" dute aurrekontuetan. Hala ere, 1. eta 2. kapituluak igo dira gehien: "Hauek dira langile gastuak eta ondasun arrunt eta zerbitzuetako gastuak". Aurrekontuko partidarik garrantzitsuenak Giza Baliabideen departamentura (%36,67), Obra, Azpiegitura eta Zerbitzuen sailera (%24) eta Gizarte Zerbitzuen departamentura (% 10,10), 4 milioi euro baino gehixeagorekin, bideratutakoak izango dira beste behin, eta, ondoren, Kirolak eta Herritarren Segurtasunera, 2 milioi euro inguruko zenbatekoarekin (%5,15).
Gerakina eta mailegua
PSE-EEko udal bozeramaile Inaxio Illarramendi "oso gustura" agertu zen onartu zituzten aurrekontuekin, "bai egindako lanaz bai lortutako emaitzaz". Bere esanetan, "datozen urtetako gidalerro bat izateaz gain, Udal Gobernu honek dituen proiektu eta eginbeharrak bermatzen ditu". Illarramendiren iritziz, lan txukun egin da aurrekontuak lantzerakoan, eta "ez dira alderdikerietan erori". Inbertsiorik egingo ez den arren, malekoiko zoladura bezalako proiektuak aurrera doazela nabamendu zuen, eta hori garrantzitsua dela herritarrentzat.
Garazi Olaizolak hartu zuen hitza jarraian, EH Bilduren izenean, eta, lehenik eta behin, argi utzi nahi izan zuen "informazio gutxi eta denbora tarte mugatua" eduki dutela aurrekontuak lantzeko. Aurten inbertsiorik ez egoteak "ziurgabetasuna" sortzen dio koalizio abertzaleari, "baina jakinaren gainean gaude inbertsioak egin, egingo direla, eta horiek aurrera eramateko, agian, aurreko plenoan onartutako mailegua erabiliko da, nahiz eta gu mailegu horrekin ados ez egon". Gerakina edo mailegua erabili, inbertsioen zerrenda ireki bat pasa zietela kontatu du Olaizolak, eta EH Bilduk malekoiko zoladura eta kultur eraikinen mantentze eta berritze plana lehenetsi zituen; azken horretan, behar handiak ikusten dituzte, hala nola Ebro Etxean, Sanz Enean eta Villa Mundan.
Udalaren egoera aztertu ondoren, "mailegu bat eskatzeko beharra" ikusi dutela arrazoitu du Ekonomia zinegotziak: "Horrek aurrera jarraitzen eta hartutako konpromisoei aurre egiten lagunduko digu agintaldi honetan. Posible da mailegu hori jasotzea, udal honek duen osasun ekonomiko-finantziarioari esker, eta honek ahalbidetuko digu, behin urte honetako likidazioa egindakoan, aztertzea zeintzuk lirateken lehenetsi beharreko inbertsioak".
Oiarbidek azaldu zuen 2025-2026rako inbertsio nagusien zerrenda bat badutela, baina proiektu horiek beranduago txertatu beharko dituztela aurrekontuan. Hala ere, zenbait proiektu 2024ko aurrekontuarekin martxan jarri dira, eta horiek segida izango dute 2025ean. Hain zuzen ere, ondorengoak aipatu zituen EAjko bozeramaileak: Vista Alegreko igogailuak, malekoiko barandak eta zoladura, Balea kaleko urbanizazioa, Urban Klima proiektua, Astiko futbol lokala, Barren plazako obrak eta Astiko futbol zelaiko belar artifizialaren proiektua.
Zuzenketei ezetz
Udal Gobernuko kideek, bai Basurkok bai Illarramendik, "pena" adierazi dute negoziazioan akordiotara iritsi ez direlako, hiru aldeen batasuna lortu ez dutelako. Garazi Olaizola erabat desasos agertu zen gobernuko kideen irakurketen aurrean, eta ezbaian jarri zuen akordio batera iristeko "gertutasun" hori. EH Bilduk bost zuzenketa aurkeztu zituen udalbatzarraren hasieran, baina gehiago ere izan zitezkeela ere zehaztu zuen. Premiazko bost horiek mahai gainera eraman arren, EAJ eta PSE-EEk ez zituen horietako bat bera ere onartu, nahiz eta "baten bat" onar zezaketen.
Atzoko udalbatzarrak bi zati izan zituen: lehen zatian, EH Bilduk aurkeztuko zuzenketak eztabaidatu ziren, eta bigarrenean, aurrekontuak bere osotasunean. Bost izan ziren koalizioak plenora eramandako emendakinak, eta eztabaidatzen lehena Urola Komunikazio Taldearen (UKT) diru laguntzaren igoera izan zen; Zarautz GUKA argitaratzen duen taldeari diru laguntza erdira jaistea ulertezina jo zuen. Bigarrenik, Udal Gobernuak duen jai ereduarekin ez datorrela bat adierazi zuen, eta abuztuko festak eta herriko festen arteko oreka lortze aldera, San Pelaio eta auzoetako jaien partidak igotzeko eskatu zuen.
Era berean, Zarauzko merkataritza gainbeheran dagoela adierazi zuten, eta hori ekiditeko eta herriko merkataritza biziberritzeko plan bat egitea proposatu zuen EH Bilduk. Baita herritarrekin autokontsumoa bultzatu eta energia berriztagarrien aukerak lantzeko zerbitzu bat jartzeko partida sortzea ere. Azkenik, Zarauzko udaltzaingoa kontratatzeko Zarauzko Udalaren OPE bat egiteko aholkularitza zerbitzu bat kontratatzea proposatu zuen EH Bilduk.
Zuzenketa guztien aurrean jarrera berarekin topatu zen oposizioa, Udal Gobernuko kide diren EAJ eta PSE-EE udal alderdiak ezezkoarekin erantzun baitzuten. Horrek bultzatu zuen EH Bildu 2025ko aurrekontuen kontra bozkatzera.