Aizarnazabal nagusitu da Arroabearen aurkako giza proba erronkan

Ihintza Elustondo

Arroabeko Txikitasunean Handi festaren barruan, giza proba erronka jokatu dute Aizarnazabalgo eta Arroabeko emakumeek. 500 kilo inguruko harriarekin hogei minutuan plaza gehien egiten zituenarentzako zen garaipena, eta Aizarnazabalgoak nagusitu dira; 60 plaza osatu dituzte, eta Arroabekoek, berriz, 57. Sekulako giroa sortu da. 

Txikitasunean Handi festa ospatu dute gaur Arroabean, eta egitarauaren barruan, bazen ikusmina piztu duen hitzordu bat: hain zuzen ere, Arroabeko eta Aizarnazabalgo emakumeen artean giza proba erronka jokatu dute arratsaldean, 19:00etan hasita. Sekulako jendetza bertaratu da desafioa ikustera; Arroabeko plaza txiki gelditu da. 

Alde batetik, Arroabeko ordezkariak izan dira: Eneritz Diez, Maren Lertxundi, Jaione Aristondo, Lorea Ilundain, Ane Guridi, Miren Lazkano, Amets Torres eta Naia Urbieta. Bestetik, berriz, Aizarnazabalgo lehiakideak: Alaine Bereziartua, Ainhoa Etxabe, Ainara Sagarna, Janire Garate, Nerea Saldias, Laura Urdin, Igone Larrañaga eta Leire Zubizarreta. Azken talde horretan, beste bi kide ziren lehiatzekoak, Lorea Egaña eta Ane Etxabe, baina horiek min hartu dute, eta beste bik ordezkatu dituzte azkenean.

Arnesak jarrita, burdinazko egitura bat lotu dute soinera, eta Itziarko (Gipuzkoa) plazatik ekarri duten 500 kilo inguruko harria mugitzea izan da beren egitekoa. Talde bakoitzeko zortzi emakumeek batera tira egin diote harriari, eta hogei minutuko denboran, plaza gehien egiten dituena izan da txapelduna. 17:00etan egin dute lehiatzen zein talde hasiko den jakiteko zozketa, eta Arroabeko taldeari egokitu zaio aurrena plazaratzea. Haiek 57 plaza osatu dituzte, eta azken itzuliak korrika egin dituzte, gainera; sekulako giroa sortu da ikusleen artean. 

Ez zuten lan makala ondoren plazaratu diren Aizarnazabalgo kirolariek, baina ondo prestatuta zeudela erakutsi dute. Izan ere, Arroabekoek baino hiru plaza gehiago egiteko gai izan dira; guztira, 60 osatu dituzte. Beraz, haientzako izan da garaipena. Amaieran, talde batekoak zein bestekoak elkar besarkatu dira, eta antolatzaileek Aizarnazabalgo ordezkariei oroigarri bat eman diote. 

Nahiz eta txapela talde bakarrak irabazi duen, batez ere gizonena den herri kirol modalitatean, emakumeak ere plazan ederki moldatzen direla erakutsi dute. Handia egin dute, Txikitasunean Handi festari sekulako bultzada emanez. 

 

 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide