Aspaldian inguruotan ikusi gabeko itxura hartuko du bihar arratsaldean Arroabeko plazak. Hainbat emakumek giza proba erronka jokatuko dute han, Txikitasunean Handi jaiaren barruan. Batez ere gizonena den herri kirol modalitatean, emakumeak ere plazara ateratzeko gai direla erakutsiko dute. Auskalo noiz jokatu zen halako desafio bat azkenengoz, batek daki sekula emakumeen arteko giza probarik egin den ere Urola bailaran, baina Arroabeko eta Aizarnazabalgo hainbat herritar elkartu dira, eta hitzordu handirako prest daude.
Bihar, 19:00etan jokatuko dute erronka, bi taldetan banatuta. Alde batetik, Arroabeko ordezkariak izango dira: Eneritz Diez, Maren Lertxundi, Jaione Aristondo, Lorea Ilundain, Ane Guridi, Miren Lazkano, Amets Torres eta Naia Urbieta. Bestetik, berriz, Aizarnazabalgo lehiakideak: Alaine Bereziartua, Ainhoa Etxabe, Ainara Sagarna, Janire Garate, Nerea Saldias, Laura Urdin, Igone Larrañaga eta Leire Zubizarreta. Azken talde horretan, beste bi kide ziren lehiatzekoak, Lorea Egaña eta Ane Etxabe, baina horiek min hartu dute, eta beste bik ordezkatuko dituzte azkenean.
Arnesak jarrita, burdinazko egitura bat lotuko dute soinera, eta Itziarko (Gipuzkoa) plazatik ekarri duten 500 kilo inguruko harria mugitzea izango da beren egitekoa. Talde bakoitzeko zortzi emakumeek batera tira egingo diote harriari, eta hogei minutuko denboran, plaza gehien egiten dituena izango da txapelduna. 17:00etan egingo dute lehiatzen zein talde hasiko den jakiteko zozketa; izan ere, talde bat plazaratuko da aurrena, eta gero bestea, harri berarekin lehiatuko direlako.
Nolatan piztu zaie, baina, halako erronka bat egiteko gogoa? Ez dira herri kirolen munduan aurrez trebatutako emakumeak –Aizarnazbalgo kide bat soilik da lehen giza proban aritua–; beste zerbait izan da erronkarako hazia ernatu duena, Lorea Ilundain Arroabeko ordezkariak azaldu duenez: "Iaz txinga erronka jokatu zen Arroabean, Txikitasunean Handi jaiaren barruan, eta parranda giroan, aipatu genuen hurrengo urtean guk egingo genuela zerbait. Normalean, horrelako kirolak egiterakoan plazara ateratzen direnak gizonezkoak izaten dira, eta gure kasuan behintzat, festa batzordean antolatzen aritzen garenak emakumeak gara, atzeko lanean dihardugunak". Orduan erabaki zuten beraiek ere plazara ateratzeko unea zela.
Zer diziplinatan plazaratuko ziren adostea izan zen hurrengo egitekoa. Bere garaian, Gipuzkoan giza probako talde dezente izan zirela gogoratu zuten orduan, baina denak gizonezkoenak zirela: Arroan, Itziarren, Mendaron... Taldean egiten den praktika bat da, gainera, eta hori ere gustatu zitzaien, bakarrik lehiatzea baino nahiago zutelako lagunartean aritzea. Diziplina egokia zela ondorioztatu zuten, beraz.
Modalitatea aukeratuta, materiala inguratzen hasi ziren pixkanaka. "Gutako inork ez zuen kirol honetaz ulertzen, eta laguntza eske hasi ginen", oroitu dute. Orduan, ezagun batek, Andoni Zubiaurre Gorixo-k, lagundu zien beharrezko materiala lortzen. Behin Arroabeko taldea osatuta eta materiala inguratuta, kontra egingo zien taldea topatzea izan zen hurrengo egitekoa. Parranda giroan askotan konpontzen da mundua, eta kasu honetan ere, jai giroan aurkitu zuten aurkaria: Aizarnazabalgo Gazte Egunean, ekainaren 13an, bota zieten erronka Arroabeko taldekoek Aizarnazabalgo zenbaiti, eta segituan baiezkoa eman zuten haiek.
Erronka itxita, beraz, horretarako prestatzen hastea tokatu zitzaien bi taldeetakoei. Bakoitzak entrenatzaile bat izan du ondoan: Arroabekoek Jexux Erletekoa dute gidari, eta Aizarnazabalgoek Jon Lizargate. Horien laguntza ezinbestekoa izan dela diote lehiakide guztiek. "Hasieran entrenatzaile gabe hasi ginen, eta sekulako kaosa sortu zen. Batek hemengo mina zuela, besteak hangoa...", gogoratu dute, barrez. Entrenatzeko elkartzeko nahikoa lan ibili dutela ere kontatu dute, adin eta egoera ezberdinetako jendea elkartu delako erronkarako, eta emakume guztiek horretarako egin duten ahalegina aitortu dute. "Gurasoak daude gure taldean, titia ematen ari diren amak...", adierazi du Ane Etxabe Aizarnazabalgo ordezkariak.
Dirurik ez, afaria bai
Alde bakoitzak diru kopuru bat jokoan jartzea izaten da ohikoena herri kirol apustuetan, baina kasu honetan, ez dute horrelakorik egin nahi izan. "Ez genuen nahi erronkak zentzu hori hartzea", nabarmendu dute. Lagunartean sortutako desafioa izango da biharkoa, eta "lehia polita" sustatzea nahi dute. Apustu girorik ez dute bereziki nabari inguruan, baina erronkak jende asko mugituko duela sumatzen dute. Kanpoko jendeak zer egingo duen ez dakite, baina beraiek argi dute: irabazten duenak irabazi, denak elkarrekin afaltzera joango dira.
Giza proban aurrez arituak ez baziren ere, ibilian-ibilian, kirol hori gustatu egin zaiela adierazi dute. Etxabek eskertu egin du Arroabekoek erronkarako deia egin izana: "Eskerrak proposamena egin zigutela. Talde polita osatu dugu Aizarnazabalen, bestela elkartuko ez ginatekeen emakumeak elkartu gara, eta gozatu egin dugu". Ahalik eta plaza gehien egiteko sekretua zein den galdetuta, ez dute zalantzarik: "Denok batera tira egitea eta elkarri laguntzea da sekretua; taldeak bat eginda jardun behar du ezinbestean. Izan ere, batek bere gain hartzen ez duen pisua beste batek hartu behar du".
Hitzorduaren bezperan, lehiarako prest daude bi taldeetako kideak, baina eguraldi iragarpenari adi daude kirolariak; izan ere, euria dago emanda bihar arratsalderako, eta euri asko eginez gero, harria lurrera itsasten dela nabarmendu dute.
Biharkoa erronka puntual bat izango da printzipioz, baina bateren bati gustatuko litzaioke ondoren Aizarnazabalen itzulerako desafioa jokatzea. Zestoan ere ba omen da giza probarako harra piztu zaion talderen bat... Batek daki biharkoa gertakari huts bat izango den ala hasiera bat markatuko duen: agian, emakumeen giza probak txikitik handira egingo du, Arroabeko festak bezala.