Erreportajeak

Kontxako protagonista guztiak, bideoan

Onintza Lete Arrieta eta Usua Garin

Donostiako portuan eta hango arranplan izan da gaur Guka Telebista, Kontxako Banderako protagonisten iritziak bertatik bertara jasotzeko. Arraunlariak ez ezik, zaleak ere harrapatu ditu Gukak. 

Arraun zaleek urteko hitzordu garrantzitsuena zuten gaur Donostian, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia jokatu baitute emakumezkoek eta gizonezkoek 11:00etan hasita. Emakumeen bandera Arraun Lagunakek astindu du bosgarrenez, eta gizonena, Oriok, iaz bezala. Gaurkoarekin, 34. bandera etxeratu dituzte mirotzek; klubaren 37. bandera da, neskek beste hiru baitituzte irabaziak Donostiako uretan.

Urtero bezala, arraun hitzordua festa egun bilakatu da askorentzat, eta kolorez bete dira Donostiako portua, aquarium ingurua eta Paseo Berria. Getariatik, Zarauztik eta Oriotik zale ugari joan da beren taldeak animatzera, baina ohi bezala, marea horia nabarmendu da besteen gainetik. Gazteak kuadrillan, familiak umeekin, adinekoak lagun taldeetan... herritar ugari elkartu da goizetik portu inguruan, eta denak helburu berarekin joan dira estropadak ikustera: beren taldeak animatzea eta festaz gozatzea. Gazte oriotarrak, Zarauzko gizonen traineruko arraunlariak, Getariako elastikoekin zeuden zarauztarrak nahiz Orion arraunean ibilitakoak... denetarik harrapatu ditu Gukaren kamerak; baita Goierri aldetik Orio animatzera ekarri duten gizona ere. 

Uretan, Orioko eta Zarauzko nesken traineruak izan dira lehiatzen aurrenak; lehenengo txandan aritu dira, eta joan den asteburuko emaitza berak lortu dituzte, baina postuak trukatuta: gaurkoan Orio izan da zazpigarrena eta Zarautz zortzigarrena, eta emaitzak emaitza, inoiz ahaztuko ez duten eguna izan da gaurkoa arraunlari batentzat baino gehiagorentzat. Marina Gaztañazpi oriotarrarentzat, esaterako, aurreneko urtea izan da traineruan, eta baita Kontxan ere. Bi estropadak jokatuta, hunkituta sartu da arranplara. Nahikari Artano Zarauzko arraunlariarentzat ere egun berezia izan da gaurkoa. Nesken traineruak aurreneko aldiz parte hartu du Kontxako Banderan, eta momentu historiko horren parte izateko aukera eduki du.

Gizonetan, Getariak aurreneko txandan egin du arraun, eta bigarren helmugaratu da, Bermeoren atzetik. Hala, sailkapen orokorrean seigarren izan dira Esperantzakoak. Gehiagorako gosez gelditu direla azaldu du Igor Garcia arraunlari getariarrak. Oriok, berriz, denboraldi osoan erakutsitako indarra atera du gaurkoan ere, eta joan den astean bigarren egin zuen Donostiarra hiru segundora gelditu bazitzaion, gaurkoan hamahiru segundoko aldea atera diote oriotarrek Donostiarrari. Zalantzak uxatuta, pozarren ziren mutilak bandera astinduz, eta hala mintzatu da arranplara iritsi berritan Jon Lizarralde Altxerri arraunlari oriotarra ere.

Bandera irabazi nahiz ez irabazi, kolore eta emozio eztanda bihurtu da beste behin Kontxa, eta denek hartu dituzte kantuan eta txaloka beren taldeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide