Kontxako 131. Banderaren bigarren eta azken jardunaldia jokatuko dute bihar, igandea, Donostiako uretan. Zirrara eta lehia bizia espero dira biharko hitzordurako, bereziki, gizonen estropadan; izan ere, denbora tarte estua dago joan den astean denborarik onena egin zuen Orioren eta bigarren sailkatu zen Donostiarraren artean. Orioko San Nikolas traineruak hiru segundo eta hamar ehuneneko abantailari eutsi beharko dio bihar bandera irabazteko, eta Donostiako Torrekua II traineruak Orio hiru segundotik gorako aldearekin atzean utzi.
San Nikolas ontziak 19.51,60 denbora egin zuen joan den igandeko estropadan; hiru segundo geroago iritsi zen Donostiarra (19:54,70). Bi arraun talde horiek Zierbenarekin eta Hondarribiarekin batera arituko dira biharko ohorezko txandan. Kontxan lehian den eskualdeko beste ordezkaria, Getaria, zazpigarren sailkatu zen hilaren 6ko lehian, 20.40,98 denbora eginda. Hori hala, lehen txandan arituko da Esperantza trainerua, Bermeorekin, Lekittararekin eta Ondarroarekin batera.
Emakumeen estropadan, bestalde, eskualdeko traineruek joan den asteko aho zapore gazia gozatzea izango dute xede; izan ere, sailkapeneko azken bi postuetan sartu ziren Zarautz eta Orio, hurrenez hurren. Bandera lortzeko kinieletatik urrun, lehen txandan egingo dute arraun biek ala biek. Arraun Lagunakek irabazi zuen lehen estropada 10.49,68 denbora eginda, eta bai Zarautz, bai Orio, hemezortzi segundo eskasera daude; 00.18,08 denborara dago Zarautz, eta 00.18,46 denborara Orio.
Ohorezko txandan, Tolosaldea, San Juan eta Astillero arituko dira nor baino nor gehiago, Arraun Lagunak taldearekin batera. Lehen txandan, berriz, Hibaikarekin eta Donostiarrarekin neurtuko dituzte indarrak Zarautzek eta Oriok.
Bandera, eskura
Aurreko astean egindako lana errepikatzea aski izango du Oriok historiako 34. Kontxako Bandera lortzeko. San Nikolas ontziko kide den Jon Lizarralde arraunlariak esan du haientzat Zierbena eta Urdaibai zirela bandera lortzeko aurkari zuzenenak, eta horiek lehen asteburuan urruntzea "positibotzat" jo du hark. Dena den, "ezustekoa" Donostiarrak eman zien Oriokoei. "Lehen sailkatuak gara, abantaila dugu, baina Donostiarrarekin dugun tartea oso txikia da. Abantaila gure aldekoa da, eta beti da hobea hala izatea, aldea irauli beharra izatea baino", esan du Lizarraldek.
Bihar, joan den igandeko baldintza berdinak espero dituzte itsasoan, baina ez Orion ez daude iragarpenei begira jarrita. "Tokatzen zaizkigun baldintzak tokatzen zaizkigula, berdin zaigu; oro har, ondo moldatzen gara baldintza dena dela ere. Halere, konforme gaude printzipioz iragarrita duten itsasoarekin". Lizarraldek dio bandera lortzeko gakoa badiatik itsasorako trantsizioan egongo dela, eta puntu horretan jarriko dute bihar fokua. "Uhartetik itsaso zabalera ateratzen hasten garen momentuan, bi minutu nahiko gogorrak izaten dira. Eremu horretan arraunketa on bat egiteko gai den traineruak inertzia ona hartzen du gainerako sei minutuetarako".
Balenziaga, Donostiarran
Joanes Balenziaga (Azkoitia, 1997) Donostiarra taldeko kidea da, eta hark badu itxaropena biharko egunerako. Aurreneko aldiz eskuratu nahi du azkoitiarrak etxeko bandera preziatua, nahiz eta bosgarren aldiz ari den hura jokatzen. Hiru segundoko tartea iraultzeko asmoa dute Torrekua II trainerukoek. "Borroka betean gaude, baina arerioa, Orio, egungo indartsuena da. Horregatik, edozer egiteko gauza da. Ordea, guk erakutsi dugu bai txapelketetan, bai joan den igandean, onenekin egoteko gauza garela. Irabaztera aterako gara, inolako konplexurik gabe", adierazi du Balenziagak.
Azkoitiko arraunlariak dio "estropada ona" egin zutela lehen jardunaldian. "Oriok besteok baino azkarrago jartzen du martxan bere trainerua; irteeran ateratzen dute haiek besteekiko tartea. Une batez aurretik ere izan ginen, gure gehieneko abiadura hartu genuenean. Momentu horretan erakutsi genuen beraiek bezain azkarrak garela edota beraiek baino azkarragoak. Halere, gehieneko abiadura hartzea kostatu egiten zaigu".
Kolpea, Getariak
Getariako Esperantza traineruak "kolpe gogorra" jasan zuen joan den igandean. Getariakoei ez zitzaien "ezer ondo atera", adierazi du Jon Larrañaga entrenatzaileak. Hark aitortu du "saio txukun bat" egitera uretaratu zirela, baina ez zutela nahi bezalako lana egiterik lortu. "Gauza askotan huts egin genuen, baina ez zen ezer konkretua izan". Espero gabeko emaitza izan zen joan den astekoa, eta Larrañagak esan du arraunlariek "atsekabea" sentitu zutela.
Kontxarako sailkatzeak, baina, bi asteburutan lehiatzeko saria eskaini ohi du, eta bihar, "onena ematera" uretaratuko da Getariako ontzia. "Ehuneko ehuna emango dugu, mutil hauekin ez dut zalantzarik", nabarmendu du Larrañagak. Igande honetarako "lana ondo" egin dutela jakitun, Larrañagaren taldeak sailkapen orokorrean ahalik eta goren gelditzea du xede; "bosgarren edo seigarren" postuan amaitzea dute helburu.
Zarautzen, pozik
Sailkapenean eskuratutako postuaz harago, "balorazio oso ona" egin du Juanjo Etxarte Zarauzko emakumeen entrenatzaileak. "Lehen aldiz lehiatu ginen Kontxan joan den astean, eta urduritasuna nabaritu genuen. Nolanahi ere, mokoka, borrokan, aritu ginen ligako goiko traineruekin. Estropadaren zati batean pixka bat nahastu ginen, eta segundo batzuk galdu genituen. Ordea, lortu genuen huts horretaz jabetzea, eta luze oso ona egin genuen, laugarren luze onena".
Biharko egunari begira, "berriz ere gerrara" joango da Enbata, baina Kontxaren osteko hitzorduak ahaztu gabe: "Trainerua prestatzen ari gara, ez bakarrik Kontxako estropadarako, baita datorren asteburuko play-off-etarako ere. Gu borrokatzera goaz, eta ahalik eta emaitzarik onena lortzera. Sentsazio onen bila abiatuko gara, gustura gelditzeko nahiarekin", dio Etxartek. Entrenatzaileak "oso motibatuta" sumatzen du taldea. "Arraunlariek badakite zer une bizitzen ari garen, zer dagoen jokoan eta nora goazen. Oso animatuta eta gustura daude". Sentsazio onekin amaitu nahi dute Zarauzkoek biharko saioa. "Kontxako estropada prestakuntza garrantzitsua da play-off-ei begira, eta biharkotik ondo ateratzea lortzen badugu, oso garrantzitsua izango da etorkizunerako".
Orion, makurrago
Orioko emakumeak, bestalde, "triste" itzuli ziren igandean Donostiatik; hala aitortu du Itziar Olasagasti arraunlariak. "Oro har, estropada ona egin genuen, baina azken bi minutuetan aurkariek alde egin ziguten. Hala, inork nahi ez zuen zortzigarren postuan amaitu genuen". Olasagastik joan den asteko estropadaren errepasoa egin du, eta azaldu du badian "kostatu" egin zitzaiola taldeari beste aurkariek ezarritako erritmoari eustea, baina uhartea pasatutakoan, haiengana hurbiltzea lortu zuten.
Aurreko igandean non huts egin zuten "identifikatu" dute Oriokoek, eta estropada berri bati ekiteko "prest" dira. "Igandekoa ahaztu eta estropada berri bati ekitea da gure asmoa; ea behintzat txanda irabazteko gai garen, ahal den talde gehienei aurrea hartuz. Azken finean, azkenengo sailkatuok segundo gutxiko tartea dugu, eta zapore gozoago batekin amaitzeko aukera emango liguke".