Arraun Lagunak eta Orio dira Zarauzko Ikurrina etxera eramateko faboritoak

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 22a

Zarauzko Ikurrinako lehenengo jardunaldiak jokatu dituzte arratsaldean etxeko ur bizietan. Emakumeetan Arraun Lagunakek eta gizonezkoetan Oriok irabazi dituzte jardunaldiak, eta banderak etxera eramateko faboritoak dira. Bihar goizean erabakiko dira txapeldunak, hain zuzen ere.

Goizean ETE eta KAE 1 ligetako jardunaldiak jokatu ostean, Euskotren eta Eusko Label ligetako estropaden txanda izan da arratsaldean Zarautzen. Hain zuzen ere, emakumeek Zarauzko XVIII. Ikurrinako lehenengo jardunaldia izan dute jokoan, eta gizonek, berriz, Zarauzko XLIX. Ikurrinakoa. Dena den, ezusteko gutxi eman dituzten estropadak izan dira gaur arratsaldekoak; izan ere, ligan nagusi doazen Arraun Lagunakek eta Oriok beste behin erakutsi dute aurten ere denboraldia irabazteko faboritoak direla.

Emakumeen estropadak eman dio hasiera arraunketa saioari. Eskualdeko ontziei dagokienez, Zumaia lehenengo txandan lehiatu da Hibaika, Donostiarra eta Astillerorekin batera. Ipar-ekialdeko haizea zela eta, estropadari ekiteko arazoak izan dituzte lehenengo txandako ontziek, 15 minutuko atzerapenarekin hasi baitira. Dena den, Telmo Deuneko emakumeak hasieratik geratu dira gainontzeko ontzien atzetik, eta azkenak izan dira ziabogara iristen, hirugarrena izan den Donostiarratik 10 segundora. Bigarren luzean ere ezin izan dute aurrea hartu, eta, azkenean, 12.58,30eko denborarekin iritsi dira helmugara.

Orio ohorezko txandan lehiatu da Arraun Lagunak, Tolosaldea eta San Juanekin batera. Lehia estu-estua izan da ligan nagusi den Arraun Lagunaken eta San Juanen artean, denbora berean iritsi baitira ziabogara. Xanti Zabaletaren neskak atzetik etorri dira, eta, bigarren luzean, estropada bikaina egin dute oriotarrek. Gaurko garaipena, ordea, Arraun Lagunakentzat izan da, 12.03,38ko denborarekin irabazi baitute jardunaldia. Hiru segundo beranduago iritsi da San Juan, eta beste lau segundo beranduago, Orio. Eguneko sailkapenean ere hirugarren egin du Zabaletaren taldeak, eta Zumaiaren kasuan, azkena geratu da.

Emakumeek amaitu bezain laster, Eusko Label ligako estropada jokatu dute. Getaria eta Orio ohorezko txandan aritu dira. Iker Zabalaren mutilek hasiera-hasieratik hartu dute aurrea, eta lehenengo ziabogan jada Bermeori lau segundoko aldea ateratzea lortu dute. Estropadak aurrera egin ahala, Oriok gainontzeko ontziekiko tartea handitzea lortu du. Esperantzak zailtasun gehiago izan ditu Zarauzko uretan, eta hirugarren ziabogara iristerako, 16 segundoko aldea zuen hirugarren zihoan Zierbenarekiko. Amaieran, 10 segundoko aldea atera dio San Nikolas ontziak bigarren egin duen Zierbenari, eta 15ekoa, hirugarren egin duen Bermeori. Getaria azkena izan da bere txandan, 38 segundo beranduago helmugaratu baita.

Biharko jardunaldia 11:25ean hasiko da, Euskotren Ligako estropadarekin, eta haren ondoren izango da Eusko Label Ligako estropada.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide