Garaipen bikoitza eskuratu du Zarautzek etxeko uretan

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 22a

ETE eta KAE 1 ligako estropadak jokatu dituzte gaur goizean Zarautzen, eta herriko zaleen gozamenerako, etxean geratu dira bi banderak. Zumaiak ere lan fina egin du gaurkoan, laugarren geratu baita eguneko sailkapenean. Oriok ez du zorte bera izan, eta azken egin du jardunaldian. Arratsaldean, Euskotren eta Eusko Label ligek hartuko dituzte etxeko urak.

Aparteko arraun ikuskizuna bizi izan da gaur goizean Zarauzko uretan. Hain justu, Zarauzko Ikurrinak izan dituzte jokoan ETE eta KAE 1 ligetako ontziek, eta Zarauzko Arraun Elkarteko (ZAE) zale guztien gozamenerako, bi banderak etxean geratu dira aurten. Izan ere, emakumeen nahiz gizonen ontziek nagusitasunez irabazi dituzte estropadak.

ETE ligarako puntuagarria den Zarauzko Arraun Elkartearen Emakumezkoen VI. Ikurrinak eman dio hasiera arraunketa saioari. Jardunaldia hasi aurretik, dagoeneko ehunka zale ikus zitezkeen Zarautz eta Getaria arteko pasealekuan. Bi txandatan banatu dira ligan dabiltzan zortzi traineruak; Zarautz bigarrenean lehiatu da, hain justu. Espero zen bezala, Hondarribia aurkari gogorra izan da Enbatarentzat, segundo bateko aldearekin iritsi baitira ziabogara. Zarauztarrek, ordea, aurrea hartu dute bigarren luzean, eta nagusitasunez zeharkatu dute meta, 11.25,49ko denborarekin. Berdeak sailkatu dira atzetik, sei segundora, eta hirugarren Ondarroa izan da, 11.42,58ko denborarekin.

Kontuak horrela, Zarautzek bigarren postuan jarraitzen du sailkapen orokorrean, 92 punturekin, Hondarribiari puntu bakarreko aldea aterata.

Emakumeen txanda amaitu eta bandera astindu bezain laster, gizonak uretaratu dira. Zarautz Arraun Elkartearen XVII. Ikurrina jokatu dute, hiru txandatan banatuta. Orioko bigarren ontziaren kasuan, lehenengo txandan aritzea tokatu zaio; Zarautzek eta Zumaiak, aldiz, azken txandan neurtu dituzte indarrak. Lehia estua espero zen Zarautzen eta Deustoren artean, baina, batzuen ezusterako, lehen ziabogara iristen bigarrena Zumaia izan da, Zarautzen atzetik lau segundora iritsi baita. Dena den, estropadak aurrera egin ahala, zarauztarrak gainontzeko ontziekiko tartea handitzen joan dira, eta, azkenean, 21.30,30eko denborarekin irabazi dute lehia. Atzetik Deusto etorri da, 21.54,44ko markarekin. Eguneko sailkapenean, ordea, bigarren txandan aritu den Pedreñak egin du hirugarren. Telmo Deuneko mutilek lan bikaina egin dute gaurkoan, eta laugarren izan dira eguneko sailkapenean. Orio B-k ez du zorte bera izan, eta bere txandan ere azken eginda, 12. postuan amaitu du jardunaldia.

Beraz, gaurko puntuak kontuan izanik, Zarautzek bigarren postuan jarraitzen du sailkapen orokorrean, 169 punturekin, Deusto puntu bakarrera duela. Zumaia hirugarren doa, 153 punturekin, eta Orio B hamaikagarren da; azkena doan Arkoterekin hamar puntuko aldea du.

Bihar, Bizkaiko uretan izango dira lehian ETE eta KAE 1 ligako ontziak. Emakumeek Bilboko XI. Ikurriña izango dute jokoan, eta gizonek, berriz, XLVIII. Bilboko Ikurrina. Goizeko 11:15ean hasiko da arraunketa saioa, hain justu.

Arratsaldean, Euskotren eta Eusko Label ligen txanda

Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadei dagokienez, gaur eta bihar artean jokatuko dituzte. Emakumeak Zarauzko XVIII. Ikurrina izango dute jokoan, eta gizonek, berriz, Zarauzko XLIX. Ikurrina. Gaurko arraunketa saioa 17:25ean hasiko da, Euskotren ligako estropadekin. Haiek amaituta ekingo diete gizonen arraunketa saioei. Bi liga nagusietako estropadak bi jardunalditara jokatuko dituzte, eta bietan lortutako denborak hartuko dituzte kontutan irabazlea erabakitzeko orduan.

Bihar, berriz, 11:25ean hasiko dira estropadak: emakumeak uretaratuko dira lehen, eta gizonak ondoren. Orio eta Zumaia Euskotren ligan lehiatuko dira, eta Orio eta Getaria, aldiz, Eusko Label ligan. Estropadekin batera, Zaleen Gunea Lege Zaharren Enparantzan kokatuko da, estropadak zuzenean jarraitzeko. 

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea eta Julene Sorarrain).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide