Foruen abolizioa eta Alkateen Mugimendua oroitzeko ekitaldian izango dira eskualdeko ordezkariak ere

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 15a

Azpeitiko ordezkaritza 1976ko Bergarako Alkateen Mugimenduaren ekitaldian. (Bergarako Udaleko Artxibategia)

Hilaren 21ean, foruen aboliziotik 150 urte beteko dira eta 50 urte Bergarako Alkateen Mugimendua sortu zutenetik. Bi urtemuga horiek gogoan, ekitaldi politiko-instituzionala antolatu dute igandean Bergaran, "iragana, oraina eta etorkizuna" lotuz. Urola Kostako herrietako EH Bilduko eta EAJko hainbat alkatek eta udal hautetsik ekitaldian parte hartuko dute.

Uztailaren 21ean foruak deuseztatu zituztela 150 urte beteko dira eta mende erdia Bergarako Alkateen Mugimendua sortu zutela. Bi urtemuga horiek gogoratzeko ekitaldi instituzionala egingo dute datorren igandean, uztailaren 19an, Bergaran (Gipuzkoa), Bergarako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Ekitaldi horretan parte hartzeko izena Euskal Herri osoko berrehundik gora herritako ordezkariek eman dute, tartean izango dira Urola Kostako herrietako ordezkariak ere: Azkoitiko Ana Azkoitia alkatea (EAJ) eta Asier Altuna zinegotzia (EH Bildu); Azpeitiko Nagore Alkorta alkatea (EH Bildu) eta Jabier Altuna zinegotzia (EAJ); Orioko Anuska Esnal alkatea (EH Bildu) eta EAJren udal ordezkariren bat; Zarauzko Xabier Txurruka alkatea (EAJ) eta Garazi Olaizola (EH Bilduren bozeramailea); Zestoako Mikel Arregi alkatea (EH Bildu) eta Eva Mangas zinegotzia (EAJ); Getariako Haritz Alberdi alkatea (EH Bildu) eta Josu Mujika zinegotzia (EAJ); Zumaiako Iñaki Ostolaza alkatea (EH Bildu) eta Joxemi Antia zinegotzia (EAJ), Errezilgo Koldo Arzallus alkatea (EH Bildu) eta Nekane Zinkunegi zinegotzia (EH Bldu) nahiz Joseba Iñaki Labaka zinegotzia (Errezilgintza); Aizarnazabalgo Mari Karmen Arregi alkatea eta Unai Alberdi alkateordea (EH Bildu); eta, Jon Ander Azpiroz (EAJ) Aiako alkatea. Beizamatik oraindik ez dute zehaztu zein joango den igandeko Bergarako ekitaldira.

Foru aldundiak adierazi du igandeko ekitaldi politiko-instituzionalak “karga sinboliko handia” izango duela, hitzarekin, musikarekin eta dantzarekin “iragana, oraina eta etorkizuna” lotuz. Aurtengo urtea “mugarri berezia” da Euskal Herriko politikagintzan, bi efemeride garrantzitsu batzen direlako: 1876ko uztailaren 21eko foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Bergaran sortutako Alkateen Mugimenduaren 50. urtemuga. Bi gertakari horiek “sakon markatu” dute euskal gizartearen antolaketa instituzionala eta autogobernuaren bilakaera, aldundiaren arabera. “1876ko foruen abolizioak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foro erregimenaren amaiera ekarri zuen, eta, ondorioz, eskubide historikoen eta burujabetza instituzionalaren galera handia eragin zuen. 1976ko Alkateen Mugimenduak foruen deuseztearen mendeurrena hizpide izan zuen Bergaran egindako bilkura hartan, eta garaiko testuinguru politiko berrian herriaren nortasuna, udal tradizio demokratikoa eta autogobernuaren aldeko borondatea berretsi zituzten”.

Bi urteurren horiek gogoan, eta igandean Bergaran egingo duten ekitaldira joateko dei eginez, joan den ekainaren 18an EAJren eta EH Bilduren hamalau alkatek “Euskal Herriaren nazio izaeran” eta burujabetzaren bidean “urrats gehiago” egiteko beharra berretsiz adierazpen bateratua egin zuten Gernikako Juntetxean (Bizkaia). Ekitaldi horretan parte hartu zuten alkateetako bat Azkoitikoa izan zen. 

Bestalde, hainbat udaletan foruen abolizioaren kontra eta Alkateen Mugimenduaren urtemuga ekitaldiarekin bat eginez adierazpenak onartu dituzte; Azpeitian, ekainaren 2an, ohiko udalbatzarrean onartu zuten EH Bilduko eta EAJko udal ordezkariek adierazpena, aho batez. Zarautzen, ekainaren 23ko udalbatzarrean aurkeztu zuten adierazpen bateratua EAJko eta EH Bilduko ordezkariek, eta bi alderdi horietakoen aldeko botoekin onartu zuten; PSE-EEko bi zinegotziek kontra bozkatuta. Orion, Zumaian, Zestoan eta Aian egindako udalbatzarretan ere onartu dituzte adierazpenak. Azkoitian ere, herri mailan adierazpen eta deialdi bateratua egin dute Ana Azkoitia alkateak (EAJ) eta Asier Altuna zinegotziak (EH Bildu), igandean Bergaran egingo den ekitaldian parte hartuko dutela jakinaraziz eta Euskal Herriarentzat “autogobernu” eta “burujabetza handiagoa” eskatuz.

Duela 50 urteko ekitaldia

1976ko uztailaren 21eko Bergarako Alkateen Mugimenduaren sustatzaileetako bat Imanol Murua Zarauzko zinegotzia izan zen, Jose Luis Elkoro bergararrarekin batera. Juan Ignacio Uria Azkoitiko alkatea zenak ere aktiboki parte hartu zuen mugimendu hartan. Sorrerako ekitaldian Euskal Herriko hainbat herritako alkateek parte hartu zuten, baita alkateek bat egin ez arren, herria ordezkatuz joandako hainbat hautetsi abertzalek ere.

Duela 50 urteko ekitaldi hartan foruak, amnistia eta autogobernua aldarrikatu zituen Alkateen Mugimenduak dokumentuan, eta hainbat herrik babestu zuten, besteak beste, Azpeitia, Zestoa, Getaria, Orio, Zarautz eta Azkoitia herrietako ordezkariak izan ziren Bergaran.

1976ko Bergarako Alkateen Mugimenduaren sorrerako ekitaldia. (Bergarako Udaleko artxibategia)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide