Ana Azkoitia, Euskal Herriaren burujabetzaren bidean "urratsak" eskatu dituzten alkateen artean

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 19a

Ana Azkoitia, beheko lerroan, ezkerretik hirugarrena. (EAJ Gipuzkoa)

EAJren eta EH Bilduren hamahiru alkate elkartu ziren atzo Gernikako Juntetxean (Bizkaia). Foruen abolizioaren eta Alkateen Mugimenduaren urteurrenak tarteko, adierazpena egin dute horiek. Uztailaren 19an, Bergaran (Gipuzkoa) egingo den ekitaldira joateko deialdia ere luzatu dute. 

EAJren eta EH Bilduren hamahiru alkate Gernikako Juntetxean (Bizkaia) elkartu ziren atzo, osteguna, eta horien artean izan zen Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea. Aurten, 150 urte beteko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foruak abolitu zituztenetik, eta 50 urte dira Bergaran (Gipuzkoa) Alkateen Mugimendua abian jarri zutenetik. Bi urteurren horien harira, alkateek "urrats gehiago" eskatu zituzten Euskal Herriaren nazio izaera aitortzeko eta burujabetza lortzeko bidean.

Alkateek gogorarazi zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foruen abolizioa, aurrez Euskal Herriko beste zenbait lurraldetan mugatu edota indargabetu zituzten legeen zein eskubideen osteko urratsa baino ez zela izan. Hori hala, foruak abolitu eta ehun urtera, 1976an, hainbat udal ordezkari elkartu ziren Bergaran, eta Alkateen Mugimendua sortu zuten. Nolanahi ere, mugimendu horren sorreran aldarrikatu zituzten eskumenak oraindik lortu gabe daudela nabarmendu zuten alkateek: "Euskal Herria ukatuta dago oraindik, zatituta eta burujabetza nazionalik gabe. Euskal Herriak ez ditu oraindik berreskuratu ez bere lurraldetasuna, ez bere burujabetza osoa. Bere etorkizun politikoa modu librean, demokratikoan eta burujabean erabakitzeko gaitasun mugatua du oraindik ere".

Euskal Herriak egun ere erronka handiak dituela esan zuten alkateek, eta horiei aurre egiteko haientzat nahitaezkoa da "botere politiko eraginkorra" izatea. Erakunde edo eskumen gehiago eskatzeaz gain, Euskal Herriarentzat autogobernu gehiago eta burujabetza handiagoa galdegin zituzten: "Euskal Herriaren nazio izaera, bere lurraldeen arteko lotura historikoa, kulturala, linguistikoa zein politikoa, eta herritarrek beren etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko duten eskubidea". 

Bi urteurrenen horien harira, ekitaldi politiko-instituzional bat egingo dute Euskal Herriko udaletako ordezkariek Bergaran, uztailaren 19an, igandez. Deialdi horrekin bat egin zuten atzoko agerraldian parte hartu zuten alkateek, eta hara joateko deia egin zieten gainerako udaletako ordezkariei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide