Orio azkarrena izan da Zierbenan

Intza Trula 2026ko uztailaren 5a

Orioko gizonezkoen trainerua gaur, Zierbenan, bandera astintzen. (Aitor Arrizabalaga / ACT)

Eusko Label ligan, XLIII. Petronor Bandera irabazi du gaur eguerdian Oriok, eta bigarren izan da Getaria. 20:00etan egingo diete harrera arraunlariei, Herriko Plazan. Euskotren ligan, berriz, ez da ezustekorik izan: Arraun Lagunakek irabazi du X. Petronor Bandera. Zumaiak zazpigarren amaitu du, eta Oriok azkena.

Banderak ihes egin zion atzo Iker Zabalaren taldeari, eta Urdaibaik astindu zuen Bilboko bandera, baina gaur erabat ezberdina izan da irudia Zierbenan (Bizkaia): Oriok nagusitasunez irabazi du XLIII. Petronor Bandera, hain justu. Eroso aritu dira Iker Zabalaren mutilak itsasoko lehenengo estropadan, eta Getariak ere bikain burutu ditu lanak, bigarren postuan amaituz.

Olatu ugari topatu dituzte traineruek estropadan zehar, eta hainbatek aukera hori baliatu dute abiadura hartzeko. Orio izan da ontzi horietako bat, eta horri esker eroso aritu da lehen postuan, gainerakoei tarte nabarmena aterata. Bere txandan, ohorezko txandan, atzoko txapeldun Urdaibai izan du gertuen, baina, une oro atzetik izan dute. 20:08,38ko denbora markatu du Oriok, eta 20:21,40 Urdaibaik.

Bi talde horien artean, ordea, bigarren txandan lehiatu den Getaria sartu da. Estropada dotorea egin du, eta Hondarribiarekin lehian aritu da. 20:13,86ko denbora markatu du, Urdaibairi bigarren postua kenduz, eta Hondarribia sailkatu da laugarren, 20:24,94ko denboran.

Gaurkoari esker, Oriok Eusko Label ligako liderra izaten jarraitzen du, 35 punturekin. Urdaibai du atzetik, 31 punturekin, eta Zierbena da hirugarrena, 29 punturekin. Getariak 27 puntu ditu, eta postu bat irabazi du sailkapenean: laugarren da egun. Garaipena ospatzeko harrera deitu dute, 20:00etan Herriko Plazan.

Beste behin, Arraun Lagunak

Arraun Lagunakek garaiezin jarraitzen du Euskotren ligan. Atzoko garaipenarekin ez zen ase Donostiako taldea, eta gaur, denboraldiko hirugarren estropadan, hirugarren bandera astindu du. Zierbenan (Bizkaia) lehiatu dira, eta X. Petronor Bandera izan dute jokoan. Zumaiak eta Oriok ez dute egun ona izan: azken-aurreko postuan sailkatu da Zumaia, eta azkena egin du Oriok.

Ohorezko txandan lehiatu da Orio, liderrarekin, Tolosaldearekin eta Hibaikarekin batera. Tolosaldeak garaipenaren lehian sartu nahi zuen gaur, eta ahaleginak egin ditu Arraun Lagunak garaitzeko, baina donostiarrek asteburua borobildu nahi zuten, eta irabaztera atera dira. 10:48,02ko denboran zeharkatu du helmuga txapeldunak, estropada dotorea eginda, eta Tolosaldeak jarraitu dio, 10:54,52ko denborarekin. Denbora horrek sailkapen orokorrean bigarren postuan kokatu du Tolosaldea. Txandako hirugarren postua Hibaikarentzat izan da, lanak 11:01,94ko denboran amaituta, eta Orio sailkatu da laugarren, 11:12,10ko denborarekin.

Aurretik jokatu du Zumaiak, Astillerorekin, Donostiarrarekin eta San Juanekin. Atzo baino gehiago kostatu zaie gaur saregileei, eta txandako azkenak izan dira helmuga zeharkatzen, 11:06,78ko denboran. Txanda Astillerok irabazi du, eta berarentzat izan da sailkapen orokorreko hirugarren postua. Txandako bigarren eta hirugarren postuak San Juanentzat eta Donostiarrarentzat izan dira, hurrenez hurren.

Hala, Arraun Lagunakek jarraitzen du Euskotren ligako liderra izaten, 24 punturekin. Hemezortzi puntu ditu bigarrenak, Tolosaldeak, eta, hirugarren postua Astillerorena da egun, hamabost punturekin. Oriok hamahiru puntu ditu bilduta, eta bosgarren postuan dago, Hibaikarekin berdinduta. Zumaiak taularen behealdean jarraitzen du, zazpigarren, zortzi punturekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide