Bigarren banderak ihes egin dio Oriori, lau segundogatik

Intza Trula 2026ko uztailaren 4a

Orioko gizonezkoen taldea, gaur, XVII. Bilboko Banderan. (EITB)

Bermeo nagusitu da XVII. Bilboko Banderan, erlojuaren aurka, eta Oriok bigarren egin du. Getaria, berriz, bosgarren sailkatu da. Euskotren ligan, Arraun Lagunakek irabazi du VII. Bilboko Bandera, eta Oriok eta Zumaiak laugarren eta bosgarren egin dute bertan, hurrenez hurren. Donibane Ziburuko 34. Estropada izan dute jokoan KAE 1 ligakoek: Deustuk irabazi du, Zumaia bigarren sailkatu da, eta Zarautz hirugarren.

Eusko Label liga bikain hasi zuen pasa den astean Oriok, Madrilgo Buitrago del Lozoyako urtegian jardunaldiko lehen bandera irabaziz. Gaurkoan garaipena errepikatu nahi zuten Iker Zabalaren mutilek, XVII. Bilboko Banderan, baina, tamalez, ez dute helburua lortu. Bermeo izan da gaurko erlojuaren aurkako hitzorduan azkarrena, eta lau segundo atera dizkio Oriori, bigarren sailkatuari.

Ohorezko txandan lehiatu dira biak ala biak, Donostiarrarekin eta Zierbenarekin batera. Bermeok bandera astindu nahi zuen, eta paladaz palada egin dute lan, garaipenaren bila. Txandako azkarrena izanda ziaboga guztietan, eta aise irabazi du, 19:56,2ko denborarekin. Lau segundo gehiago behar izan ditu Oriok lanak amaitzeko, 20:00,62. Txandako hirugarren postua Zierbenarentzat izan da, 20:02,96ko deborarekin, eta laugarren izan da Donostiarra, 20:04,38ko denboran. Hain justu, horrela geratu dira gaurko sailkapen orokorreko postuak ere, eta haiei jarraiki, bosgarren sailkatu da Getaria. 

Esperantzak lan dotorea egin du gaurko jardunaldian, eta bere txandan, bigarrenean, jaun eta jabe izan da. 20:24,54ko denboran zeharkatu du helmuga, Ondarroari lau segundo aterata. Txanda horretan, Hondarribiak egin du hirugarren, 20:30,38ko denborarekin, eta San Juan izan da laugarren, 20:37,24ko denborarekin.

Oriok ez du bandera poltsikoratzerik lortu, baina Eusko Label ligako liderra izaten jarraitzen du, 23 punturekin. Oso gertu du Bermeo, 21 punturekin, eta harekin berdinduta dago Zierbena. Getariak sendo eusten dio bosgarren postuari, hamasei punturekin.

Emakumezkoetan, Arraun Lagunak nagusi

VII. Bilboko Bandera jokatu dute aurretik Euskotren ligako traineruek, eta faboritoak ez du hutsik egin bertan: seigarrenez irabazi du Arraun Lagunak traineruak, alegia. Zehazki, bosgarren urtez jarraian irabazi du Bilboko estropada Donostiako taldeak. Gizonezkoena bezala, hau ere erlojuaren aurkako estropada izan da. Oriok eta Zumaiak lan txukuna egin dute bertan, baina ezin izan dute lehen postuetan sartzerik lortu: Orio laugarren sailkatu da, eta Zumaia, berriz, bosgarren.

Ziaboga batera eta bi luzeetara jokatu dute, eta bi txandatan banatuta. Zumaia lehen txandan uretaratu da, eta Donostiarra, Hibaika eta Tolosaldearekin neurtu ditu indarrak. Irteera ona eginda, ziabogara indartsu heldu da Kike Manterolak zuzentzen duen taldea, lehen postuan, 05:53ko denboran, Hibaikarekin berdinduta. Ordea, itzulerako luzea zertxobait gehiago kostatu zaie saregileei, eta txandako hirugarren postuan amaitu dute, lanak 11:02,46ko denboran amaituta. Txanda irabazi du Tolosaldeak, 10:56,00ko denborarekin, eta bigarren heldu da Hibaika, 10:59,90eko denboran. Laugarren izan da Donostiarra, 11:07,52ko denbora behar izan baitu helmuga zeharkatzeko.

Ohorezko txandari ekin diote jarraian, eta bertan izan da Orio, San Juan, Astillero eta Arraun Lagunak traineruekin batera. Lehen txandarekin alderatuta, haizea zertxobait gogorragoa izan da bigarren honetan, baina Xanti Zabaletaren trainerua sendo atera da, garaipena eskuratzeko nahiarekin. Lehen luze txukun bat osatuta, 05:50eko denboran hartu du ziaboga, eta bigarren luzean ez du erritmoa jaitsi. Hala, lanak 11:00,34ko denboran amaitzea lortu dute. Oriokok denbora ona egin du, baina Arraun Lagunak denboraldiko bigarren bandera irabaztera atera da gaur, eta lortu dute helburua. Donostiakoek 10:49,72ko denbora besterik ez dute behar izan helmuga zeharkatu eta VII. Bilboko Bandera poltsikoratzeko. Txandako hirugarren eta laugarren sailkatuen artean lehia estua izan da: Astillero sartu da hirugarren, 11:06,50eko denboran, eta San Juan sailkatu da laugarren, 11:06,66ko denborarekin.

Horrenbestez, horrela geratu da sailkapena gaurkoan: Arraun Lagunak izan da lehena, Tolosaldea bigarren, Hibaika hirugarren, Orio laugarren, Zumaia bosgarren, Astillero seigarren, San Juan zazpigarren eta Donostiarra zortzigarren. Gaurko emaitzekin, Arraun Lagunakek jarraitzen du Euskotren ligako liderra izaten (16 puntu), eta Oriok bigarren postua mantentzen du (12 puntu). Zumaia zazpigarren postuan dago egun (6 puntu).

KAE 1 ligan, Donibane Ziburuko bandera

KAE 1 ligak ere gaur arratsaldean jokatu du denboraldiko laugarren estropada, Donibane Ziburuko 34. Estropada. Deustuk hirugarren bandera lortu du bertan, eta atzetik heldu dira Zumaia eta Zarautz, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Orio, berriz, hamaikagarren izan da.

Ohorezko txandan egin dute arraunean Deustuk, Zumaiak eta Zarautzek, eta San Pedrok osatu du txanda hori. Zarautz indartsu atera da, eta aurrea hartu du lehen luzean. Ziaboga egiten aurrena izan da, atzetik Zumaia zuela. Dena den, nagusitasun horrek ez dio asko iraun Gari Urangaren ontziari; izan ere, bigarren luzean lehen postu hori galdu dute, Deustuk aurrea hartu baitie.

Une horretatik aurrera Deustuk eroso egin du arraunean, eta hirugarren ziabogara ere aurrena iritsi da. Azken luzean garaipena ebatzi besterik ez du egin, eta helmuga 21:08,14ko denboran zeharkatu du. Zumaiak gertutik jarraitu dio txapeldunari, hirugarren luzean Zarautzi aurrea hartu ondoren. Estropada bikaina osatuta, 21:16,03ko denborarekin lortu du bigarren postua Zumaiak, eta Zarautz hirugarren helmugaratu da, 21:22,94ko denboran. Txandako laugarrena San Pedro izan da, 22:12,82ko denborarekin, baina sailkapen orokorrean hamargarren postuan amaitu du. 

Oriok egun zailagoa izan du gaur. Lehen txandan uretaratu da, eta hirugarren egin du bertan, 22:24,66ko denborarekin. Denbora horrek, ordea, ez dio azken postuetatik aldentzeko balio izan, hamaikagarren postuan amaitu baitu. Orioren txandan lehiatu dira Arkote, Hibaika eta Kaiku, eta azken hau gailendu da txanda horretan.

Gaurko emaitzak kontuan izanda, Deustuk jarraitzen du KAE 1 ligako liderra izaten, 46 punturekin, eta haren atzetik dira Zarautz eta Zumaia, puntuak berdinduta. 43 puntu dituzte bi traineruek. Oriok ez du taularen behealdetik ateratzerik lortu: hamaikagarren postuan dago, zazpi punturekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide