Martxoko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo Azkoitiko Udaleko hautetsiek. Batez ere, izapide kontuak izan zituzten hizketagai ordu erdi inguru iraun zuen bilkuran, baina ika-mika txiki bat ere izan zen galdera-erreguen tartean. Kreditu aldaketa bat izan zen gairik potoloena; izan ere, horri esker, aurrekontu parte hartzaileen prozesuan aukeratutakoak baino proiektu txiki gehiago egin ahal izango ditu udalak.
Hain zuzen ere, kreditu aldaketaren gaineko xehetasunak eman zituen Ana Azkoitia alkateak. Hark zehaztu zuen iazko prozesua bukatuta, 11 proiektu aukeratu zituztela herritarrek, eta prozesu horretan aukeratutako proiektuak gauzatzeko 300.000 euro jarri dituela udalak. Zenbateko horretatik 250.000 euro bideratu ditu Azkoitiko Udalak, "proiektu handietara", eta diru horrekin ur parkea egingo du erakundeak.
Dena den, lan horiek eginda, 21.000 euro gastatu gabe geratuko direla eta, berme batzordeak erabaki du "proiektu txikietara" bideratzea. Beraz, proiektu txikietara bideratutako 50.000 euroei 21.000 euro gehitu behar zaizkie. Aurreikusita zuten 50.000 euro nerabeentzat kultur jarduera gehiago antolatzeko, autobus geltokiak irisgarri bilakatzeko, desfibriladoreak jartzeko eta horien erabilerari buruzko formazioa eskaintzeko, Joseba jatetxearen eta Floreaga auzoaren artean dagoen zebra bidearen segurtasuna hobetzeko eta herrian eserleku gehiago jartzeko baliatzea. Dena den, 21.000 euro gehiago edukita, Aitzatik gorako bidea garbitzera, herriko hainbat puntutan iturriak jartzera, Aizkibel kalean zebra bidea egitera, Elkargunean bizikletentzako aparkalekuak jartzera nahiz txakurrentzako iturriak jartzera bideratuko dute.
Oposizioko alderdietako ordezkariak ados agertu ziren kreditu aldaketarekin, herritarrek aukeratutako proiektuak direlako. Asier Altuna EH Bilduko ordezkariak azaldu zuenez, aurrekontu parte hartzaileen prozesua martxan jartzea "urrats garrantzitsua" izan da.
Aroa plana, aurrera
Eusko Jaurlaritzak euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko Aroa marko estrategikoa zehaztu zuen iaz, eta Azkoitian euskara plana berritzea tokatzen zenez, udalak parte hartze prozesua jarri zuen martxan. Aroa markoan jasotako jarraibideak aintzat hartuta hasi zuen prozesua udalak, eta UEMAren laguntzarekin, eta Euskara Mahaiarekin elkarlanean, ekintza plana zehaztu du erakundeak.
Marijose Arregiren arabera, euskararen esparruan jarduteko lan ildoak eta egitasmoak zehaztu dituzte, eta hamar urterako plana osatu dute. Egiteko "lan asko" dagoela zehaztu zuen Euskara zinegotziak, eta lehen urterako jarritako egitasmoak aurrera eramatea jarri zuen helburutzat. "Lanerako dokumentu eraginkorra sortu dugula uste dut", esan zuen Arregik.
EH Bilduren bozeramaileak azaldu duenez, prozesuaren emaitzak "kontuan hartzekoak" dira; izan ere, haren hitzetan, euskararen biziberritzean pausoak egiteko beharra dago. Hala eta guztiz, "anbizio apur bat gehiago" behar dela zehaztu zuen. "UEMAren barruan herri ertaina eta arnasgunea da Azkoitia, eta herriak askoz ere gehiago egin dezake. Gainera, prozesuan berebiziko garrantzia izan behar du Euskara Mahaiak. Horrez gain, helburuak azpimarratu behar dira, Azkoitian benetako iparra zein den finkatu behar da, eta helburuak zehaztutakoan finkatu behar dira ekintzak; euskararen erabilerari buruzko hurrengo neurketarako helburuak finkatu behar dira".
Alkateak erantzun egin zion Altunari, proposamenak jasotzeko irekita daudela zehaztuz. Halaber, hark esan zuen Euskara Mahaiari garrantzi handia ematen diotela eta horretan segituko dutela. "Gai hauek lantzeko ezinbesteko eragilea da", gaineratu zuen.
Bestalde, udal langileen ordainsariak igotzeaz jardun zuten atzokoan; izan ere, Espainiako Gobernuak 2025ean langile publikoei ordainsariak igotzea onartu zuten. Hain zuzen ere, %1,5 igoko diete soldata, 2025eko abenduaren 31ko ordainsaria kontuan hartuta. Ana Azkoitia alkateak azaldu zuenez, udal aurrekontuan jaso zuten igoera hori. Bestalde, iazko udal aurrekontuaren eta Elkarguneko aurrekontuaren likidazioaren gaineko azalpenak eman zituen alkateak. Halaber, behin betiko onespenen berri ere eman zuen.
Ika-mika ere bai
Galdera-erreguen txandan ika-mika txiki bat sortu zen Ana Azkoitia alkatearen nahiz oposizioko bozeramaileen artean. Kreditu aldaketen gaia izan zen eztabaidarako gaia, Azkoitia Baiko Jose Joakin Etxanizek mahai gaineratu zuenari tiraka. Hark aurrekontuen likidazioa tarteko, soberakinetan gelditutako diruarekin zer egiteko asmoa duen galdetu zion Udal Gobernuari. "Jakin berri dugu udalak sei milioi eurotik gorako gerakina duela, eta Elkarguneak, berriz, milioi erdikoa. Aurreko urteetan, halakoetan, kreditu aldaketak egin izan dituzue, baina aurten zer egiteko asmoa duzue? Partida berriren bat al duzue buruan?".
Alkateak zehaztu zion hasiak direla zer egin pentsatzen, baina oraindik ez daudela ezer esateko moduan. Hala ere, hark zehaztu zuen aurrekontuetan jarri zituztela gerakinari lotutako konpromiso batzuk. Etxanizek berriz hartu zuen hitza, eta hark alkateari esan zion kreditu aldaketak egin behar dituztenean oposizioarekin adostasuna lortzen saiatzeko. "Lehenago hitz egiten ez bada, gehiengorik ez lortzeko arriskua hor dago, eta gainera, udal teknikarien lana eraginkorrago izango da gauzak aurrez adosten badira. Elkarrizketan sakontzea eskatzen dugu, erabakiak partekatzea, emaitza eraginkorrago lortzeko. Oposizioa kontuan hartzea proposatzen dizuegu, etorkizuneko proiektuak elkarrekin adosteko, baita lehentasunak ere. Izan ere, ez da udal gobernuaren ardura soilik aurrekontuak gauzatzea".
Horrez gain, badagoela zer egin esan zion Azkoitia Baiko kideak Udal Gobernuari, eta gogorarazi zion 2024ko udal aurrekontuetan jasotako proiektu batzuk gauzatzeko daudela oraindik ere. Dozenatik gorako zerrenda plazaratu zuen Etxanizek, bi urte pasatuta ez direla egin zehaztuta. "Ez genuke nahi 2026k partidekin gauza bera gertatzerik". EH Bilduko Altunak ere ildo beretik hitz egin zuen, eta aurtengo udal aurrekontuaren onarpena atzeratzeak diru laguntzetan ere atzerapena eragin duela esan zuen.
Azkoitiak aurrekontuei buruzko bigarren plenoa ematen zuela adierazi zuen oposizioko bozeramaileei erantzunez, eta EH Bilduko nahiz Azkoitia Baiko kideei leporatu zien bilkurara elkarrekin hitz eginda joan izana. Halaber, "eskerrak" eman zizkien, ironiaz, udal gobernuari gauzak nola egin behar dituen zehazteagatik. Horrez gain, kreditu aldaketen berri eman izan dutenean, batzordeetan-eta, oposizioko kideek "sekula ez" dutela ekarpenik egin esan zuen alkateak. "Gutxiengoan gaudela badakigu, eta badakigu zuek gehiengoa duzuela; horixe erakustea nahi duzue".
Horrez gain, diru laguntzak atzeratu direla esan izanagatik, hori ez dela horrela erantzun zion Altunari. "Hori ez da horrela; izan ere, lehengo urtean baino azkarrago doazela esango nuke". Oposizioko alderdiei esan zien beraiekin kontatu dutela orain arte, eta erabakiak hartzeko gehiengoak behar direla. "Badakigu kreditu aldaketak zuekin adostu behar ditugula, eta izango dela espero dut. Gauzak egiteko daude, baina asko martxan dira dagoeneko, eta informazioa ematen zaizuela uste dut. Elkarrizketaren agintaldia da, eta hala izaten segituko da".
Udalbatzarra bukatzerako, Etxanizek Oleta-Samiñon egitekoak diren zentral eolikoaz galdetu zion alkateari, eta hark erantzun zion gaiaz ez duela erantzunik.