Gaur, Santa Ageda egunaren bezperan, makil kolpeen erritmora kopla kantari jardun dira Urola Kostako dozenaka ume eta heldu. Toki gehienetan ikastetxeak izan dira usadio zaharrari eusteko ekimena izan dutenak, baina ez dira eskolan abestearekin konformatu, eta goizez zein arratsaldez kalera ere atera dira herri askotan.
Azkoitian, makila eskuan eta zapia soinean, ikastetxeetako kideak santa eskean ibili dira gaur goizean, Santa Ageda bezperan, goiz partean. Usadioari jarraituz, koplak kantari aritu dira herriko txokoetan haur eta helduak, eta asko izan dira abestiak entzutera geratu direnak.
Xabier Munibe ikastolako, Floreaga ikastetxeko, Azkoitia BHIko eta Bizilore Eskola Aktiboko ikasle zein irakasleek ospatu dute Santa Ageda bezpera, eta bakoitzak bere bidetik, kalez kale zein baserriz baserri ibili dira eskean. Horrez gain, udaletxea eta San Jose adinekoen egoitza ere girotu dituzte Azkoitia BHIkoek. Arratsaldean, bestalde, Floreagako ikasleak zein gurasoak aritu dira herrian kantuan.
Azpeitian, gogotik astindu dituzte makilak Iraurgiko, Ikasberriko nahiz Izarraizpeko ikasleek. Ikastetxeko jolastokietan bakarrik ez, kalerik kale ere ibili dira ikasle taldeak zapiak soinean eta makilak eskuetan zituztela. Goienetxekoak nahiz San Martin egoitzakoak ere bisitatu dituzte.
19:00etatik aurrera, berriz, Ikasberriko guraso, ikasle eta irakasleak aterako dira kalera. Sanagustinpetik abiatuta, kalerik kale ibili dira santa eskean, trikitilariek eta bertsolariek lagunduta.
Orion, Orioko Herri Ikastolako gaztetxoak santa eskean atera dira gaur arratsaldean, Santa Ageda bezperako ohitura zaharrari eutsiz. Ikastolan hasi dute ibilbidea, eta jarraian, herriko kaleak hartu dituzte, trikitilari eta pandero jotzaileen laguntzarekin batera. Hala, bertsoak eta koplak abestu dituzte, eguraldi goibelari aurpegi ona jarriz.
Zestoan, usadioari hutsik egin gabe, hainbat izan dira santa eskean ibili diren herritarrak, Santa Ageda bezperaro ohi dutenez, makilekin lurra eta koplekin eztarriak astinduz.
Bertsolariek eta trikitilariek lagunduta, goiz eta arratsaldez auzoz auzo eta baserriz baserri ibili dira, eta kalean bukatuko dute aurten ere santa eskea, iluntzean.
Zumaian, herriko ikastetxeetako haurrak kalera atera dira eguerdi partean, baserritarrez jantzita, eta makilak eskutan dituztela, Santa Ageda bezperako koplak abestera. Herriko txoko desberdinetan aritu dira kantuan haurrak, ikastetxeetara bueltatu aurretik. Arratsaldean, berriz, Korokoiak abesbatza atera da kalera, aurreko urteetan bezala, Sasi Ageda eskean.
(Argazkiak: Guka eta utzitakoak)