Albistegia

Getariako txakolina, txinparta betean

Onintza Lete Arrieta 2026ko urtarrilaren 17a

Euriak ez du inor etxean utzi, Getarian jendetza elkartu baita gaur eguerdian txakolin uzta berriaz gozatzeko. 2025eko uzta, kantitatez, aurreko urtekoaren antzekoa izan dela esan dute, eta 11 gradukoa atera dela, afrutatua eta azidotasun puntu orekatuarekin. Hainbat lagunen iritziak bildu ditu Guka telebistak. 

San Anton eguna da gaur Getarian, eta ohiko legez, txakolina izan da protagonista goizetik. Balentziaga museoan aurkeztu dute txakolin uzta berria Getariako Txakolina jatorri izendapeneko ordezkariek, eta aurtengo Mahasti Jaunak saritu dituzte: Zarauzko Aiala eta Donostiako Cebanc sukaldaritza eskolak. Zarauzkoa Argiñano familiak zabaldu zuen duela 30 urte, eta Donostiakoak 50 urteko ibilbidea bete berri du. Bi eskoletako ordezkariek pozik hartu dituzte sariak Itziar Eizagirre Getariako Txakolineko lehendakariaren eskutik, eta esan dute eskertuta eta harro daudela sariagatik eta egiten ari diren ibilbideagatik. Sari hau ohore handia dela gaineratu dute. Aialaren izenean Raul Gonzalez de Mendoza zuzendariak eta Martin Argiñanok hartu dute hitza, eta Cebancen izenean, Cote Bernal zuzendariak.  

Ekitaldian hainbat erakundetako ordezkariak izan dira, eta haietako bik oholtzatik hitz egin diete bertan bildutakoei, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak, hurrenez hurren. Biek goraipatu dituzte bai txakolin upategiek egiten duten lana, bai sukaldaritza eskolek egiten dutena.

Aitor Jimenez dantzari getariarrak Agurra dantzatu die omenduei, eta ondoren oholtzan elkartu dira Mahasti Jaunak, upategietako kideak eta erakundeetako ordezkariak, txakolin botila batzuk zabaldu eta elkarrekin topa egiteko.

Geroxeago lehertu da festa plaza inguruan. Herriko abesbatzak Txakolin, txakolin abestia kantatu, Sebastian Lizaso eta Aitor Sarriegi bertsolariek pregoia bota, eta frontoiko karpako atea zabaldu orduko hasi dira herritarrak nahiz bisitariak txakolin uzta berriaz gozatzen. Euria bota duen arren jendetza bildu da, eta txakolin berriarekin gustura agertu dira denak. Aurten 23 upategitako txakolina dastatzeko aukera izan dute. 

3,6 milioi kilo mahats eta 2,5 milioi litro txakolin

Xabier Euzkitzek gidatu du goizeko ekitaldia, eta uzta berriaz hainbat datu eman ditu. Gipuzkoako hamalau udalerritan ekoizten da gaur egun Getariako Txakolina jatorri izendapena duen edaria, 31 upategi dira guztira, eta Urola Kostan daude horietako asko: Beizaman eta Zestoan bana, bina Orion, hiru Aian, sei Zarautzen, eta bederatzi, berriz, Getarian. 

2025eko uzta, kantitateari dagokionez, aurrekoaren antzekoa izan dela esan du, eta zehaztu du 3.613.000 kilo mahats bildu direla eta horiekin 2.536.000 litro txakolin egin dituztela, eta 3.300.000 botila inguru. Ekoizpenaren zati handiena, %90, txakolin zuria da, eta %9-10 txakolin gorria. Beltzaren ekoizpena ez da %1era iristen. Apardunari dagokionez, 30.000 litro inguru egiten dira urtero, betiere upeltegien beharren arabera. 11 graduko txakolina dela esan du, afrutatua dela, eta azidotasun puntu orekatua duela. 

Esportazioen datuei dagokienez, iaz ia 570.000 litro saldu zituzten kanpora, erdia baino gehiago Amerikako Estatu Batuetara (374.000 litro). Norbegia (46.300 litro), Frantzia (45.000 litro) eta Japonia (30.700 litro) ere bezero garrantzitsuak dira euskal ekoizleentzat. 

Getariako txakolina indartsu dagoela esan du Euzkitzek, "txinparta betean", eta poztekoa dela, aurrena horretatik bizi direnentzat, eta bigarren "gu denontzat, haien lanaren emaitzari esker honetaz gozatzen dugun txakolin zaleontzat". 

San Anton bezperan, haurrak nagusi

Sanantonetako egun handia gaur den arren, atzo arratsaldean hasi ziren herritarrak festetarako motorrak berotzen. Herriko txikienekin pentsatuta, txokolate beroa banatu zuten arratsaldean plazan, eta ondoren, Potx eta Lotx pailazoen ikuskizunak gozatu ahal izan zuten frontoian. 

Eguna amaitzeko, buruhandien aurretik nahikoa korrika egin ahal izan zuten haur eta gaztetxoek. 

Bihar eta hurrengo asteburuan jarraituko du festa giroak herrian. Hemen ikus daiteke sanantonetako egitaraua, osorik

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide