Dena prest dute Getarian txakolinaren festarako

Onintza Lete Arrieta 2026ko urtarrilaren 14a

Itsaso Legorburu Gaztetxeko kidea eta Haritz Alberdi alkatea, atzo udaletxean, egitarauko kartelekin. (Onintza Lete Arrieta)

Ostiral arratsaldean hasiko dira sanantonak haurrentzako ekitaldiekin, eta larunbatean, San Anton egunean, txakolin uzta berriaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Aurtengo Mahasti Jaunak bi sukaldaritza eskola izango dira: Zarauzko Aiala eta Donostiako Cebanc. Igandean eta hurrengo asteburuan ere izango da zer gozatua festen barruan. 

Ostiral arratsaldean hasiko dituzte Getarian San Anton jaiak, eta ohiko egitaraua prestatu dute udalak eta eragileek txakollin uzta berriaren inguruan. Atzo aurkeztu zuten egitaraua udaletxean, eta azalpenak ematen aritu ziren Haritz Alberdi alkatea eta Itsaso Legorburu Gaztetxeko kidea. Aurtengoan larunbata egokitu da San Anton eguna, eta horrek aldaketaren bat eragin du. Esaterako, Gaztetxeak ez du herri bazkaririk egingo, txakolin dastaketa egun berean izango dela eta. 

Urteroko hitzordu berezienetakoan ere aldaketa egongo da aurten, Andoni Egaña faltako baita bertsotan. Hamarkadak daramatzate Sebastian Lizasok eta biek sanantonetako pregoia eta bertso saioa eskaintzen, baina zarauztarrak aurten kale egingo du, eta Aitor Sarriegik ordezkatuko du hura. 

Azkenik, urteroko pilota partida ere egunez aldatu dute. Besteetan sanantonen aurreko ostiralean egin izan da jaialdia, baina aurten astebete atzeratu dute, partiden antolatzaileek hala eskatuta. Urtarrilaren 23an, ostiralarekin, izango dira pilota ikuskizunak, eta Alberdik azaldu zuen sarrerak agortzear daudela (Turismo Bulegoan daude salgai). 

Legorburu eta Alberdi, udalbatzar aretoan. (O.L.A.)

Gainerakoan, ohi bezala Getariako Txakolina jatorri izendapenak Balentziaga museoan aurkeztuko du 2025eko txakolin uzta, eta aurtengo Mahasti Jaunak izendatuko ditu. Urteurren borobilak bete dituzten bi sukaldaritza eskola omenduko ditu aurten: Zarauzko Aiala, eta Donostiako Cebanc. 30 urte bete ditu aurrenak, eta 50, bigarrenak. 

Gaztetxeak hainbat kontzertu antolatu ditu larunbaterako, eta Legorburuk jakinarazi zuen eraso sexisten kontrako protokoloa landu dutela, eta hura aplikatzen hasiko direla festa hauetan. "Besoan banda moreak eramango ditugu batzuek, eta inork laguntzarik behar badu, guregana gerturatu daitezke", azaldu zuen. 

Kontzertuei dagokienez, esan zuen aurten euskarazko taldeen aldeko saiakera berezia egin dutela. 

Egitaraua

 

Urtarrilak 16, ostirala, San Anton bezpera

  • 17:00. Txokolate beroa umeentzat, plazan. 
  • 18:00. Potx eta Lotx pailazoak, frontoian.
  • Ondoren. Buruhandiak kalez kale, Pepita Enbil musika eskolako trikitilari eta panderojoleekin. 

Urtarrilak 17, larunbata, San Anton eguna

  • 09:00. Diana txistulariekin. 
  • 11:00. Txakolin uzta berriaren aurkezpena Balentziaga museoan. 
  • 12:15. Txakolin txakolin abestia kantatuko du Salbatore abesbatzak, txistularien laguntzarekin, plazan. 
  • Jarraian. Irekiera pregoia Sebastian Lizaso eta Aitor Sarriegi bertsolariekin, udaletxeko balkoitik. 
  • 12:30. Txakolin uzta berriaren dastaketa. 
  • 13:30. Bertsolariak, udaletxeko balkoitik.  
  • 18:30. Andoni Ollokiegi Berdura Plazan. 
  • 19:00. Kalean txaranga kalez kale. 
  • 22:30. Kontzertuak: Hazas eta Skaregekasko.
  • 03:30. Oxman DJa Gaztetxean. 

Urtarrilak 18, igandea, San Anton bigarrena

  • 12:00. Herri kirolak frontoian. Aizkoran Mikel Larrañaga eta Hodei Ezpeleta Bihurri; eta harri jasotzen Maddi Gesalaga, Xabat Olaizola, Ainitze Zumeta eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a. 
  • 18:00. Bertso saioa Balentziaga museoan. Maddalen Arzallus, Xabat Illarregi, Oihana Bartra, Nerea Elustondo, Aitor Salegi eta Danel Olano (azken hori, getariarra) ariko dira bertsotan. Gai jartzen Uxune Areizaga ibiliko da. Sarrerak salgai daude Turismo Bulegoan, eta egunean bertan museoko leihatilan eskuratu ahalko dira. 

Urtarrilak 23, ostirala

  • 20:45. Eskuz binakako pilota txapelketako partidak Sahatsaga pilotalekuan. Binaka Agirre-Morgaetxebarria eta Egiguren V.a-Erostarbe. A serie ligan, berriz, Jaka-Iztueta Zabala-Martijaren kontra. 

Urtarrilak 24, larunbata

  • 09:00. Diana Getariako Musika Bandarekin. 
  • 12:30. Getariako Musika Bandaren kontzertua, Salbatore Deuna parrokian. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide