San Silbestre lasterketekin agurtu dute urtea eskualdeko zenbait herritan

Erredakzioa 2025eko abenduaren 31

Getariako San Silbestre lasterketaren une bat. (Usua Garin)

Abenduaren 31 da gaur, urteko azken eguna, eta korrika eman diote 2025ari amaiera eskualdeko herritar ugarik. Hona hemen tokian-tokiko argazki bildumak.

Urteko azken egunean korrika egitea tradizio bilakatu da inguruotan, eta ohitura horri jarraitu diote gaur eskualdeko zenbait herritan. Festa eta kirola uztartzeko asmoz, San Silbestre lasterketak egin dituzte gaur.

Goizean Aizarnazabalen, Azpeitian, Getarian, Orion eta Zumaian jokatu dituzte San Silbestre probak. Arratsaldean egin dituzte, berriz, Aian, Zarautzen eta Zestoan.

AIA

Lasterketa hasi baino zertxobait lehenago eman dute izena plazan bertan lasterka egitera animatu direnek, eta 17:00ak aldera eman diete hasiera lehen korrika saioei.

Haurrak izan dira korrika egiten lehenak, eta adinaren arabera banatutako txandetan osatu dute ibilbidea. Adinean aurrera egin ahala, ibilbide luzexeagoa osatu dute korrikalariek. Helduen txanda heldu da gero: horiek ere plazan bertan hasi eta amaitu dute korrika saioa, herriari hiru itzuli eman ondoren. Helmugara iritsi ondoren, mandarinak edo, nahiago izatekotan, gozokiak izan dituzte sari gisa, eta parte hartzaile guztien artean, hainbat zozketa ere egin dituzte. Sailkapenik, ordea, ez da izan gaurkoan: guztiak izan dira irabazle.

 

AIZARNAZABAL

Urtea amaitzeko klasikoa bihurtu den San Silbestre lasterketa jokatu dute gaur eguerdian Aizarnazabalen ere. Ohi bezala, haurrek eta helduek elkarrekin egin dute proba, eta umorea izan da nagusi herrian. Hain zuzen, 12:00etan, elizako kanpaiak jotzearekin batera, abiatu dira lasterkariak udaletxearen aurretik, eta bi itzuli egin dizkiote zirkuituari. Txapelak edo betaurreko bereziak soinean, hainbat herritar animatu dira korrika egitera.

Aurtengoa ere lasterketa herrikoia izan da, lehiakortasuna alde batera utzita. Ez da irabazlerik egon, eta guztiek izan dute amaieran pintxoa jateko aukera, Uztarri tabernan.

AZPEITIA

Azpeitian 24. aldiz jokatu dute gaur San Silbestre lasterketa. Azpeitiarrak izan dira irabazle gaurko proban. Gizonetan, Julen Azpiazuk lortu du txapela janztea, eta emakumeetan, Maite Etxezarretak. 12:00etan hasi dute lasterketa Zelai Luzen probarako izena emandako 1.136 korrikalariek, eta Azpeitiko bi korrikalari horiek izan dira denetan azkarrenak.

Gizonetan, Azpiazuren atzetik, Beñat Ibañez eta Amets Aranberri sartu dira helmugan. Emakumeetan, berriz, hiru azpeitiarrek osatu dute podiuma: Etxezarretaren ondoren Naroa Uria sailkatu da bigarren, eta Miren Bastida, hirugarren. Hiru kilometroko lasterketan, berriz, Jakes Zubizarreta eta Maite Arregi nagusitu dira. 

GETARIA

Dozenaka lagun irten da goiz partean kalera urtea korrika eginez agurtzera Getarian ere. Lasterkariek zein ikusleek, gazteek zein helduek, giro ederrean ospatu dute San Silbestre lasterketa.

Kiroletako arropak soinean batzuk, Gabonekin lotutako osagarriak jantzita besteak, herriko kaleetan barrena osatu dute ibilbidea, eta frontoian amaitu dute, hasitako puntu berean. Asier Medina izan da bizkorrena gizonezkoetan, eta emakumezkoetan, hiru korrikalarik elkarrekin zeharkatu dute helmuga: Selene Aristik, Igone Aizpuruk eta Leire Castillok. Lasterketa amaitutakoan, hamaiketakoa eskaini diete frontoian bertan parte hartzaileei. 

ORIO

Orion jada ezinbesteko kirol hitzordu bihurtu da Orioko Atletismo Taldeak, Orioko Udalarekin elkarlanean, antolatu ohi duen San Silbestre lasterketa. Giro ederra nagusi, 300 lagun pasatxok hartu du parte  gaur eguerdian urte amaierako proba nagusian, bakoitzak bere erronka bete nahaian, eta aurten ere Xabat Elortza oriotarra eta June Agirrezabalaga zarauztarra izan dira garaile; iaz ere aipatu bi korrikalariek irabazi zuten.

Gizonezkoetan, Elortzak 15:02ko denboran osatu du proba, eta bost segundora helmugaratu da Martin Iriondo; Jokin Bellido izan da hirugarren, 22 segundora. Emakumezkoetan, Agirrezabalagak 17:47ko denboran osatu du ibilbidea, eta hamar segundo atera dio Amagoia Iribarri; Maria Cobo izan da hirugarren izan da, 22 segundora.

Aurtengo lasterketak ere sorpresa berezia izan du. Antolatzaileek urdaiazpiko bat jarri dute helmuga puntuan, mahai baten gainean, bigarren itzulian. Edonork har zezaken, baina baldintza bakarrarekin: ibilibidea urdaiazpikoa eramanez bukatu behar zen korrika. Helmugatik igaro diren lehen lasterkariek ez ikusiarena egin dute eta beste batzuk ez dira kontura, Mikel Atxega aiarrak lepoan hartu eta aurrera jarraitu duen arte. Sari ederra eraman du, zalantzarik gabe.

Lasterketa nagusiaren aurretik, haurren San Silbestre lasterketak ere egin dituzte, adin tarte bakoitzari egokitutako ibilbidearekin. Etxeko txikienak gustura aritu dira korrika, eta pozik jaso dute domina.

ZARAUTZ

Inoizko parte hartzerik handiena izan du Zarauzko San Silbestre lasterketak: 755 lasterkarik eman zuten izena, iaz baino 145 gehiagok. Gizonezkoetan, iaz bezala, Asier Medina getariarrak irabazi du, eta Eñaut Errazkin eta Ekaitz Tejano zarauztarrak sailkatu dira jarraian bigarren eta hirugarren postuan, hurrenez hurrenn. Emakumezkoetan, berriz, Jone Albisua zarauztarra nagusitu da, eta haren atzetik, Naiara Rojas helmugaratu da bigarren tokian; Sandra Rodriguez izan da hirugarrena.

Mozorrorik onenaren saria, bien bitartean, Olentzero eta Mari Domingi gurdi gainean irudikatu due kuadrillari eman diote. Irristaketan, ibilbidea osatzen bizkorrenak Jon Astarbe eta Nahia Manterola izan dira. Bestalde, ohi bezala, hainbat lote zozkatu dituzte parte hartzaile guztien artean.

ZESTOA

Urteko azken egunean tradizio bilakatu den moduan, San Silbestre lasterketa egin dute gaur Zestoan ere. Beste zenbait herritan goizez egiten duten arren, Zestoan arratsaldean egitea da ohitura, eta gaur ere halaxe izan da. 17:00etan hasita, haurren nahiz helduen probak izan dira, eta giro ederra sortu da herrian. Askok mozorroak soinean egin dute korrika, eta umo ona izan da gaurko lasterketaren ezaugarri nagusia.

10 urte arteko haurrak izan dira korrika egiten aurrenak, eta horiek gozokiak eraman dituzte etxera. Gero, 11 eta 15 urte artekoen lasterketa egin dute. 16 urtetik gorakoen txanda izan da jarraian, eta horietan Amets eta Nerea Aranberri anai-arrebak izan dira garaileak.

ZUMAIA

Beste hainbat herri eta auzotan bezala, Zumaian ere ehunka herritarrek korrika agurtu dute 2025. urtea San Silbestre egunean. Saltaka egin dute batzuk, ipar martxa besteek, eta patinen gainean aritu denik ere bada. Guztiak izan dira irabazle gaurkoan; izan ere, lehiakortasunik ez izateko helburuarekin, ez da irabazlerik eta sailkapenik egon gaurkoan.

LH 1etik DBH2 mailara arteko haurrek egin dute lasterka lehenbizi, txandetan banatuta, eta 11:30ean ekin diote ipar martxari. Ordu erdi beranduago, 12:00etan hasi da helduen lasterketa Beheko plazan, eta leku berean amaitu dute. Guztiek jaso dute saria: korrikaldia amaitu berritan, salda beroa, txorizoa eta bestelako mokadutxoak banatu dituzte Beheko plazan boluntarioek. Antolatzaileek jakinarazi dute Gertu elkarteko bonuak zozkatuko direla lasterkari guztien artean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide