Azpeitiarrak irabazle gaur 24. San Silbestre lasterketan. Gizonetan, Julen Azpiazuk lortu du txapela janztea, eta emakumeetan, Maite Etxezarretak. 12:00etan hasi dute lasterketa Zelai Luzen probarako izena emandako 1.136 korrikalariek –inoizko parte hartzerik handiena izan da gaur–, eta Azpeitiko bi korrikalari horiek izan dira denetan azkarrenak. Errepide gainean bezala, errepide bazterretan ere jendetza elkartu da ibilbide guztian zehar, eta haien animoekin osatu dute parte hartzaileek lasterketa.
Ohi bezala plazan izan dute helmuga korrikalariek. Azpiazu iritsi da aurrena amaierako lerrora; hark 18.09 denboran osatu ditu sei kilometroak. Azpeitiarraren atzetik, segundo gutxira, Beñat Ibañez zumarragarra (18.14) eta Amets Aranberri zestoarra (18.20) sailkatu dira. Emakumeetan, bestalde, tarte zabalagoa aterata lortu du garaipena Etxezarretak. Bigarrenari eta hirugarrenari, Naroa Uria nahiz Miren Bastida azpeitiarrei, ia minutu eta erdi atera die Etxezarretak. Gaurko txapeldunak 19.57 denboran osatu du ibilbidea; Uriak eta Bastidak, bestalde, 22.16 eta 22.26 denborak egin dituzte, hurrenez hurren.
Azkoitiko eta Azpeitiko aurreneko lasterkariak ere saritu ditu Xeye atletismo taldeak. Proba irabazi duten Azpiazu eta Etxezarreta azpeitiarrak eta Agustin Ruiz eta Aiora Altuna azkoitiarrak igo dira podiumera. Hona hemen sei kilometroko probako sailkapena:
Gizonak:
- Julen Azpiazu (18.09)
- Beñat Ibañez (18.14)
- Amets Aranberri (18.20)
Emakumeak:
- Maite Etxezarreta (19.57)
- Naroa Uria (22.16)
- Miren Bastida (22.26)
Honako lotura honetan ikus daiteke proba luzeko sailkapena osorik.
Proba laburra
San Silbestre eguneko proba nagusiaren aurretik hiru kilometroko lasterketa motza ere jokatu dute gaur Azpeitian. 12 urtetik gorako herritarrek izan dute lasterketa horretan parte hartzeko aukera, eta, guztira, 95 lagun atera Zelai Luzen izan duten irteera lerrotik. Jakes Zubizarreta eta Maite Arregi izan dira plazako helmugara iristen azkarrenak.
Zubizarretak 11.46 denbora eginda irabazi du proba; Xanet Irure sailkatu da bigarren (11.56) eta Julen Osa izan da hirugarrena (11.57). Arregik, berriz, 13.11 denbora eginda lortu du proba irabaztea; Elene Alvarez izan da bigarrena (13.39) eta Alaia Zubizarreta hirugarrena (14.17). Proba irabazi duten Zubizarreta eta Arregi Azpeitiko onenak, eta Koldo Horna nahiz Ane Peña, Azkoitiko azkarrenak; horiek guztiek jaso dute saria. Hona hemen hiru kilometroko probako sailkapena:
Gizonak:
- Jakes Zubizarreta (11.46)
- Xanet Irure (11.56)
- Julen Osa (11.57)
Emakumeak:
- Maite Arregi (13.11)
- Elene Alvarez Arkaia (13.39)
- Alaia Zubizarreta (14.17)
Honako lotura honetan ikus daiteke proba laburreko sailkapena osorik.
Proba inklusiboena
Bestalde, oinezko proba edo lasterketa inklusiboaren hamargarren aldia ere egin dute. Probaren hamargarren aldia izanik, inklusibitateari "ikusgarritasun handiagoa" emanez egin dute, gainera. Txolarteko kideen ekimenez, ohi baino ibilbide luzeagoa egin dute aurten (300 metro), eta partaideek oinez nahiz korrika osatu ahal izan dute ibilbidea. Haiek plazatik abiatu dute lasterketa eta Zelai Luzen amaitu. Dozenaka izan dira hirugarren proba hori egitera animatu direnak. Proban parte hartu eta gero, gainera, Txolarteko kideak sarituei oroigarriak banatzen aritu dira plazako kioskoan, Jon Oteiza Kirol batzordeburuarekin eta Agustin Jimenez Xeye taldeko kidearekin batera.
Erniarraitzi keinua
Xeye atletismo elkartekoek Erniarraitz bertsozale elkartekoei egin nahi izan diete keinu gaur. Erniarraitzek 25 urte bete ditu aurten, eta hori hala, Sei kilometro, sei esaldi, sei irudi, sei bertso egitasmoa egin dute. Sei esaldi desberdinetatik sortutako sei bertso sortu dituzte Erniarraitzeko kideek, eta gaur, plazako kioskotik kantatu dituzte elkarteko sei bertsolari gaztek egitasmorako espresuki sortutako bertso horiek. Gainera, korrikalariek gaur soinean eraman dituzten kamisetetan bertsolari baten irudia sartu dute.
Dohaintza eta dortsalen zozketak
Lasterketak bestelako keinuak ere izan ditu gaur. Batetik, aurtengo izen emate prozesuan bildutako diru guztia Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteari eman dio gaur Xeye atletismo taldeak; guztira, 1.434 euro jaso ditu elkarte horrek. Bestetik, Domusa Teknik MLK mendi lasterketarako eta Urolako Trena maratoi erdirako dortsalak ere zozkatu dituzte parte hartzaileen artean; 477 nahzi 1.288 dortsalek irabazi dituzte Domusa probarako bi dortsalak, eta 1.378 zein 1.277 dortsalek, Urolako Trena maratoi erdirakoak.