Errezilgo sanmartinak 2025

Zelatungo bordetako saldarik eta txorizo pintxorik gabe...

Nerea Uranga 2025eko azaroaren 7a

Maria Jesus Etxeberria ezkerrean eta Iñaki Irulegi eskuinean. (Utzitakoak)

Gaur, azaroak 7, 19:00etan, hasiko dituzte San Martin jaiak Errezilen, udaletxeko balkoitik txupinazoa botata. Zelatungo Antonioren eta Agirretxe bordetako kideek piztuko dute suziria; hurrenez hurren, Maria Jesus Etxeberriak eta Iñaki Irulegik.

Beste zeozer eransten diote Hernioko mendi bueltari Zelatungo bordek. Mendizaleentzako amu gozoa direnaren jakitun dira Zelatungo Antonioren bordako Maria Jesus Etxeberria eta Agirretxe bordako Iñaki Irulegi. Garai batean bezala, gaur egun ere jende asko ibiltzen da Zelatunen.

Horrenbeste jende ez litzateke Herniora igoko Zelatunen bordarik ez balitz, Agirretxekoaren ustez. "Mendira igo eta zeini ez zaio gustatzen salda eta pintxo bat hartzea? Xarma hori bordek ematen diote Herniori. Bordak itxita ikusiz gero, xarma hori galdu egingo litzateke Zelatunen", Irulegiren arabera. Jendeak estimatzen ditu Zelatungo bordak, bai ingurukoek eta bai kanpotik joaten direnek ere, Antonioren bordakoak dioenez. "Hernion borda horiek irekita egotea aberastasun bat da herriarentzako ere, Urbia Arantzazurentzat den bezala. Zarautz aldetik etortzen diren askok esan izan digute Pagoeta polita dela, baina han ez dagoela bordarik", gaineratu du Etxeberriak.

Zelatungo bordetako kideak izango dira gaur, 19:00etan, Errezilgo sanmartinetako txupinazoa botako dutenak. Biek poz-pozik hartu dute festetako suziria pizteko Festa Batzordearen proposamena. "Zerbait ona egin dugula edota egiten segitzen dugula ikusi dute, eta horrek poz ematen dit", dio Agirretxekoak. Etxeberriari ere "ilusioa" egin dio beraiekin akordatzeak: "Poz hartu nuen, eta ilusio handia dut txupinazorako".


Zelatungo bordak artxiboko irudi batean. (Iñaki Irulegi)

Lekukoa eskuz esku

Zelatungo Agirretxe bordako hirugarren belaunaldikoa da Irulegi. "Agirretxe baserrikoak gara, eta Zelatungo bordak ere izen horixe hartu du. Gure aitona hasi zen, hari aita-amek segitu zioten, eta orain gu gabiltza bordara bueltaka, bide horixe irakatsi ziguten eta", dio Irulegik. 

"Gure aitonak eta, Zelatungo bordak garoa gordetzeko erabiltzen zituzten. Gure lurretatik urruti gelditzen zen baserria, eta garoa bordetan gordetzen zuten, behar zutenetan handik hartzeko. Berez, ordea, artzain bordak ziren Zelatungoak. Aitonak egungo bordetan zaharrena gure aita soldaduskara joan aurretik altxatu zuen, eta bigarrena, gaur egun jatekoa eta edatekoa ematen duguna, aita soldaduskatik itzulitakoan egindakoa da", kontatu du Irulegik. Bere aita-amek bordan jarduten zutenean ere, jende asko ibiltzen zen Zelatunen, Ostiral Santuan batik bat, "fede handia zen eta". Bigarren festa aldia, berriz, iraileko igandeetan izaten zen Hernioko bordetan.

Etxeberriak orain dela hamabost urte hartu zuen Antonioren borda kudeatzeko ardura, eta datorren hilabetean utzi egingo du jardun hori; orain, alokatzeko jarri dute borda. Urrestildarra da izatez Etxeberria, baina Errezilen bizi da.

Era batera edo bestera, festaz ere gozatuko dute biek. "Festara buelta bat" egingo du Irulegik, baina betebeharrei muzin egin gabe: "Behean dagoenak goian dagoena ez du ikusten, ezta goian dagoenak behekoa ere". Igandean, berriz, amaren urtebetetzea ospatuko dute senitartean: "95 urte egingo ditu gure amak, eta ez da arrazoi txarra ospatzeko". Etxeberriak gaur txupinazoa botatakoan, herriko gaztetxoen dantzaldia ikusteko asmoa du, eta goiz etxeratuko da, biharamunean berriro lanera joatea tokatuko zaiolako. "Geure martxan ibiliko gara herriko festetan, geure artean igual afariren bat eginda eta".

Errezilgo festetako egitaraua lotura honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide