Sanmartinak azaroaren 7tik 16ra bitartean ospatuko dituzte Errezilen. Udalak eta festa batzordeak adierazi dute festak denek gozatzeko direla, eta herritarrei "arduraz eta errespetuz" jokatzeko eskatu diete ingurukoekin, herriarekin eta herriko baliabideekin. "Inolako erasorik eta jarrera baztertzailerik" ez dutela onartuko esan dute, eta aurreko urteetan bezala, aurtengo sanmartinetan ere indarkeria matxista kasuen aurrean erantzuteko protokoloa abian egongo dela adierazi dute udal ordezkariek eta festa batzordekoek.
Festak hasi aurretik, herria festarako girotzeko, biharko pintxo potea eta futbolin txapelketa antolatu ditu Errezilgo festa batzordeak, 19:00etan hasita. Futbolin txapelketa Borondegin izango da, eta lehenengo gaztetxoena jokatuko da, eta ondoren, helduena. Txapelketan parte hartzeko helduek bikoteko bost euro ordaindu beharko dituzte, txapelketa hasi aurretik izena emanda Borondegin bertan.
Txupinazoa, azaroaren 7an
Ofizialki, baina, azaroaren 7an hasiko dituzte festak Errezilen. Egun horretan, 19:00etan botako dute txupinazoa udaletxeko balkoitik. Aurtengoan jaiak hasteko suziria Zelatungo bordetakoek piztuko dute. Segidan, gaztetxoen dantza emanaldia izango da. 21:00etan, berriz, herri afaria izango da Akerra elkarteak eskainita, eta Euskal Parrillaren eskutik. Txartelak datorren astelehenera bitartean (azaroak 3) erosi ahal izango dira Letean, Borondegin edota Errezilgo dendan. Haurren afarirako txartela 13 euro da, eta menua honakoa izango dute gazteenek: urdaiazpikoa, kroketak, hanburgesa patatekin eta postrea. Helduen afarirako txartela 25 euro izango da, eta kasu honetan honakoa da menua: entsalada mistoa, langostinoak, txerri saiheskia, oilaskoa eta postrea.
Herri afariaren ondoren, goizaldera arte festak segida izango du Errezilen, Obaneuke taldearekin dantzaldia izango da, eta atsedenaldian, txinga txapelketa.
Festetako bigarren egunean, azaroaren 8an, bertso bazkaria izango da Letea jatetxean. Kantatuko duten bertsolariak Nerea Elustondo eta Sebastian LIzaso izango dira, eta Erkizi eta Julen Labaka trikitilariek girotuko dute otordua. Bertso bazkari horretarako txartelak ere salgai jarri dituzte 28 eurotan, eta azaroaren 4ra bitartean egongo da eskuratzeko aukera Letean, Borondegin eta Errezilgo dendan. Kasu horretan bazkariko menua honakoa da: entsalada mistoa, fritoak, behi saiheskia eta oilaskoa patatekin eta postrea.
Azaroak 8 iluntzean, berriz, sagardo eta pintxo dastaketa izango da Errezilgo frontoian, Euskal Parrillaren eskutik. 200 lagunentzako tokia izango da, eta txartelak salgai daude azaroaren 4ra arte Borondegin, Letean eta Errezilgo dendan. Kasu honetan haurren txartela 7 euro da eta helduena 15 euro. Txartelak soberan geldituz gero, egunean bertan jarriko dituzte saltzen.
Jubilatuen Egunean Borondegin egingo den bazkarirako izena aurretik udaletxean eman beharko dela gogorarazi dute festa batzordekoek, ohi bezala. Izena emateko epea azaroaren 12ra bitartekoa izango da.
Egitaraua
Bihar, urriak 31, ostirala.
- 19:00. Pintxo potea eta futbolin txapelketa.
Azaroak 7, ostirala.
- 19:00. Txupinazoa, Zelatungo bordakoen eskutik.
- 20:00. Gaztetxoen dantza emanaldia.
- 21:00. Herri afaria, Akerra elkarteak eskainita.
- Ondoren, Obaneuke taldearekin dantzaldia.
- Atsedenaldian, txinga txapelketa.
- 07:00. Gaupaseroen argazkia.
Azaroak 8, larunbata.
- 14:00. Bertso bazkaria, Letea jatetxean. Nerea elustondo eta Sebastian Lizaso bertsolariekin, eta Erkizi eta Julen Labaka trikitilariekin.
- 16:30. Ume jolasak.
- 20:00. Sagardo eta pintxo dastaketa, Euskal Parrillaren eskutik.
- 23:00. Iratzar musika taldea.
Azaroak 9, igandea.
- 11:00. Umeen kros herrikoia. Parte hartzeko izena aurrez eman behar da eskolan.
- Ondoren, kalejira herriko erraldoiekin eta trikitilariekin.
- 17.30. Herri kirol erronka gurasoak ez gurasoen kontra.
Azaroak 10, astelehena.
- 16:30. Paintball eta puzgarriak, Inguru Abenturaren eskutik.
Azaroak 11, asteartea. San Martin eguna.
- 11:00. Meza.
- Ondoren, kalejira herriko erraldoiekin, musikak girotuta.
- Segidan, hamaiketakoa Borondegin.
- 17:00. Aztikeriak ikuskizuna, frontoian.
Azaroak 16, igandea. Jubilatuen Eguna.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria bertsolariekin eta trikitilariekin.