Apustu garbia egin zuen Orioko Arraunketa Elkarteak iaz traineru denboraldi berrira begira. Benderak irabaztea zuen helburu, ahal zela liga irabaztea ere, baina nekez pentsatuko zuten San Nikolas traineruak halako emaitzak lortuko zituenik. Eusko Label liga irabazi du, eta nola, hamasei bandera erdietsiz, eta Urdaibaik zuen hamalau banderako marka hautsiz. Kontxako bandera ere Oriora joan da aurten.
Portugaleten jokatu dute gaur arraun denboraldiko azken hitzordua. El Corte Ingles bandera zegoen jokoan, eta bezperan itsasoan aritu baziren, Bermeon, oraingoan errioan egin dute arraunketa saioa.
Atzoko aurkari beraiek izan ditu Oriok ohorezko txandan: Zierbena, Urdaibai eta Donostiarra. Zierbena egon da estropadako buruan lehen bi luzetan. Oriok hurretik jarraitu dio. Denboraldi honetan behin baino gehiagotan gertatu den bezala, Gorka Aranberrik gidatutako eskifaiak bigarren ziabogaren ostean jo du kolpea eta estropadako burua hartu du. Distantziak, baina ez dira handiak izan gipuzkoarren eta bizkaitarren artean. Laugarren luzean izan da eztabaida sortu duen mugimendua: Orioko trainerua Zierbenaren aurretik gurutzatu da laugarrengo kaletik bigarrengora bidean, bien artean hiruzpalau segundoko aldea besterik ez zegoenean. Zierbenako patroia kexatu bada ere, uretako epaileak ontzat eman du gurutzatzea, eta bi segundoko aldearekin heldu da Orio lehen postuan, Zierbenaren aurretik.
Hirugarren izan da gaur Getaria, erakutsiz, beste behin ere, denboraldiaren amaieran hobekuntza nabarmena izan duela. Etxean bertan abuztuan, eta atzo Bermeon bigarren izan da Esperantza; gaur, berriz, hirugarren, lehen txandatik aterata. Hondarribiak eta Getariak borroka polita erakutsi dute gaurko estropadan. Getaria joan da burua, baina traineru berdearekiko aldea apenas pasatzen zen traineru batetik. Hirugarren ziabogan segundo bakarreko aldea zegoen marroien alde, eta alde horri eutsi die azken luzean, txanda irabaziz eta eguneko sailkapenean hirugarren eginez.
Sailkapen orokorrean Orio izan da irabazlea, 234 punturekin, Zierbena eta Donostiarraren aurretik. Getaria, bere aldetik, seigarren izan da, bosgarren egin duen Hondarribiarekin 159 puntutara berdinduta.
Harrerak Orion eta Getarian
Arraunlariek harrera egingo diete Orion zein Getarian. Bi klubetako eskifaiek herritarren txaloak jasoko dituzte, behin denboraldia amaituta. Orioko harrera ekitaldia 19:00etan izango da, eta ordu erdi beranduago, 19:30ean, Getariakoa.