Oriorentzako bandera Bermeon; Getaria bigarren

Juan Luis Romatet 2025ko ira. 20a, 20:02

Getariako 'Esperantza', Bermeon. (Aitor Arrizabalaga)

Bermeok hartu du gaur Eusko Label ligako azkenaurreko estropada, eta denboraldi ia osoan bezala, Oriok astindu du irabazlearen bandera. Getariak azken estropadetako itxura ona berretsi du eta bigarren izan da. Bihar eguerdian Portugaleten jokatuko dute denboraldiari amaiera emango dion estropada saioa. 

Norbaitek pentsatuko balu behin Kontxako bandera irabazita Orioko trainerua asetuta sentituko zela, oker zegoen. Gaurkoan ere irabazteko grina erakutsi du, eta beste bandera gehitu dio palmares amaitezinari. 

Bermeoko 43. ikurrina zegoen gaur jokoan Bizkaiko herrian, aurtengo Eusko Label ligako azkenaurreko estropada. Hasieran, emakumeen zein gizonen play offak jokatu dituzte –Donostiarra izan da lehena emakumetan eta Santurtzi gizonetan–, eta jarraian Eusko Label ligako estropada. Denboraldian ez bezala, azken bi jardunaldietan bi txanda bakarrik jokatzen dituzte: sailkapeneko zortzi lehenak lehiatzen dira. 

Orio ohorezko txandan aritu da, Zierbena, Donostiarra eta Urdaibairekin. Lehen luzerako hartu du burua Gorka Aranberrik gidatu duen ontziak, eta ez du inoiz lehen postu hori utzi. Lehen bi ziabogetan eutsi egin dio Zierbenak, baina hirugarrenerako aldea bi trainerukoa zen. Amaieran, 11 segundoko aldearekin irabazi du Oriok.

Berezia izan da garaipena. Izan ere, denboraldi berean irabazitako marka berria ezarri du Oriok. Denboraldian lortutako hamabosgarren bandera izan da gaurkoa, eta aurretik Urdaibaik, hamalaurekin, zuen marka hautsi du.

Gaurkoan bigarren Getaria izan da, lehen txandan lehiatuta. Ligako bigarren erdi aparta egin du Esperantza traineruak, eta estropadaz estropada maila hobetzen joan da. Abuztu amaieran, etxeko banderan, bigarren egin zuen Zierbenarengandik hiru segundo eskasera. Bermeon gaur emaitza berretsi du, eta Oriok bakarrik egin du Getariak baino denbora hobea. Sei segundo besterik ez dira egon bien artean. 

Bihar emango diote amaiera aurtengo denboraldiari, 51. Corte Ingles banderarekin. Portugaleten jokatuko dute, 12:40tik aurrera, eta gaurkoan bezala, lehenbizi play offeko estropadak izango dira jokoan eta ondoren Portugaleteko bandera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide