210 punturekin iritsi da Orio Eusko Label ligako azken txanpara, liga matematikoki irabazita. Izan ere, 179 eta 170 puntu dituzte, hurrenez hurren, Zierbenak eta Donostiarrak, bigarren eta hirugarren sailkatuek. Aurreneko helburua beteta, Orio Arraunketa Elkartearen traineruak nahiko luke beste helburu bat ere eskuratu: ligan irabazitako bandera kopuruaren marka ontzea. Bermeorena da errekorra gaur-gaurkoz, hamalau banderarekin. Oriok ere kopuru bera ditu dagoeneko, eta beraz, bihar edo etzi hautsi dezake errekor hori.
Getaria, berriz, seigarren da sailkapenean. Denboraldi bikaina egin du, eta bosgarren postua ere esku-eskura dauka, soilik hiru puntura baitago Hondarribia. 141 puntu ditu horrek, eta 138, Esperantzak.
Bizkaiko uretan jokatuko dituzte ligako azken bi estropadak: Bermeon izango da biharko lehia, 18:51n hasita, eta Portugaleten, etzi, 12:40etik aurrera. Ohi bezala, ETB1 telebista katean zuzenean emango dituzte, eta igandeko estropadan altxatuko du Oriok ligako garaikurra: koroa.
Harrerak Getarian eta Orion
Igandean amaituko da liga, eta iluntzean bertan harrera egingo diete arraunlariei bai Getarian, bai Orion. Getarian 19:30ean izango da hitzordua plazan. Udalak eta herritarrek egindako denboraldi bikaina txalotu nahi diote traineruari eta talde osoari.
Orion, berriz, ohi bezala 20:00etan izango da harrera, oraingoan ere berezia, ligako irabazlearen koroarekin iritsiko baitira plazara arraunlariak.