Gaur jokatu dute Kontxako Banderako estropada erabakigarria, bigarren jardunaldia, alegia. Gizonetan, joan den igandean borroka latza izan zuten Oriok eta Zierbenak, eta mirotzak bizkorrago ibili baziren ere, Zierbena baino hiru segundo lehenago helmugaratuta (18:56,36 denboran), azkenean ehuneneko batzuk atzetik gelditu ziren oriotarrak, epaileek estropada hasi aurretik horri jarritako hiru segundoko zigorragatik.
Iker Zabala entrenatzaileak asteazkenean esana zuen: gaurkoan Oriok edo Zierbenak, bietako batek, estropada apurtu egingo zuela. Eta halaxe izan da: Orio izan da gaurkoan jaun eta jabe, eta beraiena da aurtengo Kontxako Bandera.
Gaur zortzi baino lasaiago topatu dute arraunlariek lehia eremua, nahiz eta Aquarium parean joera zertxobait zakarragoa izan den. Olatuak hartzeko egoera onean zegoen itsasoa, eta aukera hori baliatzen saiatu dira arraunlariak.
Zierbena, Bermeo eta Donostiarrarekin lehiatu da Orio, Ohorezko Txandan. Garbi zuten oriotarrek gaur egin beharrekoa, eta horixe da uretan hasiera-hasieratik erakutsi dutena. Bigarrenarekiko, Zierbenarekiko, 10 segundo inguruko aldearekin egin dute estropada osoa, erosotasunez, baina guardia jaitsi gabe. Azken paladetan aldea handitzea lortu dute, eta Zierbenari 14 segundoko tartea ateratzera heldu dira bigarren luzean.
Kontxako itsasertza gero eta gertuago zuen Oriok, bandera eskuratzear zeuden, eta une horretan zoramena sortzen hasi da zaleen artean. 19:36:06ko denboran zeharkatu du helmuga Oriok, eta 33. aldiz irabazi du Kontxako Bandera. Zierbena heldu da bigarren, 19:48.60ko denboran; hirugarren egin du Bermeok, 20:01.92ko denboran, eta laugarren izan da Donostiarra, 20:09.06ko denborarekin.
Getariako mutilek, bere aldetik, estropada bikaina egin dute, eta aise nagusitu dira beraien txandan, aurrenengoan. Lehenengo kaletik atera dira getariarrak, San Juan, Hondarribia eta Lekittarrarekin batera. 20:11:65ko denboran amaitu dituzte lanak, txandako bigarren sailkatuari 12 segundo aterata. Lekittarra izan da helmuga zerkatzen bigarrena, eta hirugarren eta laugarren sailkatuak San Juan eta Hondarribia izan dira, hurrenez hurren. Sailkapen orokorrari dagokionez, bosgarren amaitu dute getariarrek.
Hona hemen bigarren jardunaldiko sailkapena:
- Orio: 19:36:00
- Zierbena: 19:48:60
- Bermeo: 20:01:92
- Donostiarra: 20:09:06
- Getaria: 20:11:52
- Lekittarra: 20:23:82
- San Juan: 20:30:86
- Hondarribia: 20:32:98
Hona hemen sailkapen orokorra:
- Orio: 38:35:36
- Zierbena: 38:47:86
- Bermeo: 39:07: 36
- Donostiarra: 39:24:12
- Getaria: 39:31:64
- Hondarribia: 39:54:84
- San Juan: 40:05.58
- Lekittarra: 40:06.68
Orioko neskek hirugarren eta Zumaiak bosgarren
Gizonezkoenaren aurretik, emakumezkoen estropada jokatu dute Donostian. Zaila zen Oriorentzat. Ia ezinezkoa, joan den asteko estropadari buelta ematea eta Arraun Lagunak taldeak lortutako 11 segundoko abantaila iraultzea. Borrokara atera dira gaur oriotarrak Kontxako Banderako bigarren jardunaldian, eta ahaleginak egin dituzten arren, hirugarren postuan amaitu dute. Zumaiako traineruak zortzigarren bukatu du Kontxako bigarren jardunaldia; hala ere, joan den asteburuan egindako lanari esker, bosgarren gelditu da sailkapen nagusian.
Oriok Kontxako Bandera nahi zuen, baina Arraun Lagunakek ere horixe desira zuen. Estropadako buru jarri dira hasi bezain laster donostiarrak, eta une batetik bestera handitu dute aurkariarekiko aldea. Ziaboga bikaina egin dute, eta bigarren zihoan Oriorengandik 7 segundora jarri dira.
Bigarren luzean handitu besterik ez da egin bi traineru horien arteko aldea, eta Tolosaldea sartu da bigarren postuaren borrokan. Orio hirugarren postuan uztea lortu dute tolosarrek, eta apurka-apurka oriotarren ametsa itzaltzen joan da.
Zumaiarrak nahi eta eta ezinean aritu dira estropada guztian, eta etengabe handituz joan da haien Arraun Lagunaken eta Zumaiako traineruaren arteko aldea. Horrela, helmugan, minutu erditik gorakoa izan da aldea.
Estropada ikusgarria eginda, Arraun Lagunakek eskuratu du Kontxako Bandera, 11:01:83ko denbora markatuta. Hirugarren urtez jarraian irabazi dute neskek bandera, eta guztira lau dituzte. Bigarren sailkatu da Tolosaldea, 11:09.24ko denboran, eta hirugarren egin du Oriok, 11:16.38ko denbora markatuta.
Honakoa da bigarren jardunaldiko sailkapena:
- Arraun Lagunak: 11:01.72
- Tolosaldea: 11:09.24
- Orio: 11:16.38
- Donostiarra: 11:19.35
- Hibaika: 11:31.69
- Hondarribia: 11:31.71
- Astillero: 11:31.91
- Zumaia: 11:33.24
Honakoa da bi jardunaldien baturaren sailkapena:
- Arraun Lagunak: 21:30.92
- Tolosaldea: 21:48.44
- Orio: 21:56.42
- Donostiarra: 22:13.67
- Zumaia: 22:18.34
- Astillero: 22:25.79
- Hibaika: 22:28.83
- Hondarribia: 22:28.83