Koloretako kamisetez eta banderaz bete da gaurkoan Donostia, tartean, gorriz, horiz eta marroiz. Eskualdeko ikusleek ez dute hutsik egin, eta arraunlariek ere ez diete hutsik egin zaleei.
Arraun elkarteetako kide eta arraunlariak izan dira lehenengoak iristen Gipuzkoako hiriburura, eta goiztiarrak izan dira dozenaka ikusle ere. Pixkanaka-pixkanaka, eguerdia gerturatzen ari zela bete dira Pasealeku Berriko txokoak umez, gaztez eta helduz, asko aurikularrak jantzita estropada hobeto jarraitzeko.
Kanpoko itxura alde batera utzita, ordea, urduritasuna nabari zitekeen zaleen artean, gertatuko zena artean jakin gabe. Estropadak iraun duen bitartean, berriz, txaloak, animo oihuak eta jauziak, bakoitza bere taldearen lorpenak ospatzeko. Eta nola ez, jardunaldia amaituta, denak zuzenean joan dira arranplara, arraunlarien emaitzak beraiek ospatzeko asmoz.
Nesketan, Arraun Lagunak izan da azkarrena, Tolosaldea bigarrena, eta hirugarren eta laugarren sailkatu dira Orio eta Zumaia, hurrenez hurren. Mutiletan, aldiz, Oriori jarritako hiru segunduko zigorraren ondorioz, Zierbena nagusitu da, eta bigarrenak izan dira oriotarrak. Getaria, aldiz, bosgarren izan da.