Gaur eguerdian jokatu dute Donostian Kontxako Banderako lehen jardunaldia, eta beste behin ere, naturak erakutsi du -gaur batez ere haizeak- asko eragin dezakeela amaierako emaitzetan.
Bigarren txandan irten dira Zumaia eta Orio, Hibaika eta Hondarribiarekin batera, eta hasiera-hasieratik ibili dira aurretik eskualdeko bi ontziak. Oriotarrak hasieratik nagusitu dira txandan, baina haizeak gogor jo die batez ere brankaz, eta horrekin segunduak galdu dituzte oriotarrek. Dena dela, poparean gogor estutu dute, eta hainbat segundu irabaztea lortu dute. Zumaiarrek, berriz, sailkapen estropadan atera ez zuten onena ematea lortu dute, eta oso estropada txukuna burutu dute gaurkoan. Horrela, eskualdeko emakumezkoen bi ontziak Ohorezko Txandan ariko dira hurrengo igandean.
Lehen txandan, berriz, Donostiarra, Astillero, Tolosaldea eta Arraun Lagunak irten dira, eta azken horrek liga osoan erakutsi duen moduan, nagusitasunez gailendu da gaurko estropadan ere. Zehazki, 10:29.20ko denboran amaitu dute proba donostiarrek, eta handik 10 segundura iritsi da Tolosaldea (10:39.20). Hirugarren sailkatu da Orio (10:40.04), eta Zumaia, esan bezala, laugarren izan da.
Hurrengo asteko aurreikuspenen arabera, ia bi metroko olatuak izango dira, baina haizea ez da gaurkoa bezain gogaikarria izango. Dena dela, Kontxan ez daki inork zer gertatuko den, eta ikusteko dago oraindik zumaiarrek zer egingo duten datorren igandean.
Hona hemen sailkapen nagusia.
- Arraun Lagunak: 10:29.20
- Tolosaldea: 10:39.20
- Orio: 10:40.04
- Zumaia: 10:45.10
- Astillero: 10:53.88
- Donostiarra: 10:54.32
- Hibaika: 10:57.14
- Hondarribia: 10:58.88