Orio eta Zumaia barruan dira, eta datozen bi igandeetan Donostiako estropadeetan lehiatuko dira. Zarautz, aldiz, kanpoan eta disgustu handiarekin, txartela eskura izan ondoren. Kontxako sailkatze probak askotan ez du ezustekorik ematen eta, aldi berean, ezusteko handiak ematen ditu.
Bazirudien Oriok eta Zumaiak, Euskotren ligan hirugarren eta laugarren postuan amaitu ondoren, gorabehera handirik gabe gaindituko zutela galbahea. Arraunean, ordea, gauzak ez dira beti aurreikusi bezala gertatzen. Orio nagusi izan da hasieratik bukaeraraino, denborarik onena eginez, baina proba amaieran Zumaia zortzigarrena izan da, Kontxatik kanpo.
Sorpresa Zarautzek eman du, Kontxarako estreinakoz sailkatuz, sailkatze probako bosgarren denbora ezarrita. ETE liga irabazita hor goian egon zela aurreikusten zen, baina proba jokatu arte ezin jakin gainerakoen pareko ibiliko zen edo ez. Proba amaitu bezain laster, ordea, epaileek hamar segundoko zigorra ezarri die, irteeran estatxa orduz lehen askatzeagatik. Ondorioz, bederatzigarren posturaino jaitsi dira sailkapenean, Zumaiaren mesederako; kontrara, kolpe gogorra zarauztarrentzat.
Guztira, 21 traineru aritu ziren dira nor baino nor, erlojuaren aurka, Donostiako uretan, igandean Kontxako Banderan lehiatu ahal izateko zazpi txartelen bila; Arraun Lagunak zuzenean sailkatu da, ligan ondoen aritu den Donostiako taldea izan delako –Euskotreneko txapelduna izan da–. Beraz, Oriorekin eta Zumaiarekin batera, ondoren ontziak ariko dira aurten badian: Arraun Lagunak, Tolosaldea, Donostiarra, Astillero, Hibaika eta Hondarribia.