Kontxako bandera gainean da. Datozen bi igandetan Donostian lehiatzeko sailkatze estropadak jokatuko dituzte gaur eta bihar: gaur emakumezkoen txanda izango da eta gizonena bihar. Bi arraunketa saioak ere 18:00etan hasiko dira.
Gaur eguerdian egin dute Donostiako udaletxean gaurko saiorako irteera postuen zozketa. Haren arabera, eskualdeko hiru traineruak bata besteengandik hurbil aterako dira. Lehena irteten Zumaia izango da, hamalaugarren postuan, Orio hamaseigarrengoan eta postu bat atzerago Zarautz, hamazazpigarrenean.
21 traineru arituko dira zazpi posturen bila, Arraun Lagunak ontzia, donostiarra izanik, dagoeneko sailkatuta dagoelako.