Bihar eta etzi jokatuko dituzte Kontxako Banderako sailkatze estropadak

Onintza Lete Arrieta 2025ko ira. 2a, 10:00

Getariako zaleak, Kontxan. (Guka)

Bihar emakumeak lehiatuko dira, 18:00etan hasita, eta etzi, gizonak, ordu berean. Hantxe izango dira eskualdeko ontzi guztiak. Ohi bezala, estropadak zuzenean telebistaz ikusteko aukera egongo da.

Urteko hitzordu garrantzitsuena dute gizonezkoek zein emakumezkoek igande honetan eta hurrengoan: Kontxako Banderaren estropadak. Aurrena, ordea, sailkatzea lortu beharko dute taldeek. Izan ere, 21 taldek eman dute izena bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan, eta zazpik lortuko dute txartela lehiarako –Arraun Lagunak eta Donostiarra zuzenean sailkatu dira–. Hala, bihar 18:00etan jokatuko dute sailkapen estropada emakumezkoek, eta etzi ordu berean, gizonezkoek. Bi estropadak zuzenean ETB1ez ikusteko aukera egongo da, 17:40tik aurrera.

Hemen ikus daiteke parte hartzaile zerrenda, baita estropaden oinarriak eta bestelako informazioa ere.

Sailkatze estropadak erlojuaren kontrakoak izango dira. Emakumezkoek 1,5 miliako distantzia egin beharko dute, ziaboga bakarrarekin, eta gizonezkoek 3 milia, horiek ere ziaboga bakarrarekin.

Sailkatze estropada horiek bukatuta, Kontxa jokatzea lortu duten taldeek igandean zer txandatan lehiatuko duten erabakiko dute antolatzaileek, zozketa bidez.

Eskualdeko talde guztiek parte hartuko dute hitzordu horietan: emakumezkoetan Oriok, Zarautzek eta Zumaiak, eta gizonezkoetan Getariak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak. Gizonezkoetan Orio da faborito eta emakumezkoetan Arraun Lagunak, baina igandean 11:00etatik aurrera argituko dira kontu horiek guztiak.

Autobusak Getariatik

Aurreko urteetan bezala, Lurraldebusek Getariako zaleentzat zerbitzua indartuko du Kontxako estropaden harira, horiek bestelako garraiobide publikorik ez dutelako. Etzi, ostegunez, Zumaia-Donostia lineatan, 16:00etako (UK10) eta 16:30eko (UK11) zerbitzuetarako autobus gehigarriak jarriko ditu; itzulerakoak 19:30ean (UK11) eta 21:00etan (UK10) izango dira.

Datozen bi igandeetan, berriz, Getariatik Donostiarako autobusak egongo dira 09:00etan eta 10:30ean. Autobus horiek Oriora joango dira, eta han sartuko dira AP-8 autobidean, Donostiara Antiguatik sartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide