50 urte bete dira gaur Juan Paredes Txiki zarauztarraren eta Angel Otaegi azpeitiarraren kontrako epaiketa egin zutenetik Burgosen (Espainia), eta datorren irailaren 27an beste horrenbeste urte beteko dira diktadura frankistak ETAko bi kide horiek fusilatu zituenetik Cerdanyola del Vallesen (Katalunia). Bi gertakari horien harira, Ernai gazte antolakundeak Txiki eta Otaegi gogoratu ditu, eta plaka bana jarri dute Burgosen eta fusilatu zituzten lekuan.
Haiei zuzendutako honako mezu hau irakur daiteke Ernaiko gazteek jarri dituzten plaketan: "Egungo gazteok, zuk egin bezala, bultza egiten jarraitzen dugu". Horrez gain, bien izen-abizenak eta jaiotza eta heriotza datak jarri dituzte.
Azken asteetan gaurkotasunaren lehen lerroa hartu dute Txiki eta Otaegiren figurek eta haiei dagokien aitortzak; izan ere, abuztuaren 8an Txiki eta Otaegi ageri ziren olana zabaldu zuen ezker abertzaleak Zarauzko Santa Barbara mendian, eta 24 orduren buruan Zarauzko Udalak kendu egin zuen. Egun batzuetara, berriz, Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendariak esan zuen Txiki eta Otaegik "frankismoaren erreminta berberak" erabiltzen zituztela, eta harrabotsa sortu zuten adierazpenek; EH Bilduk "oso larritzat" jo zituen Gogorak esandakoak, eta Urkulluk adierazi zuen Txiki eta Otaegi ofizialki aitortutako bi biktima direla, eta errespetua eskatu zuen.
Ernaik, bestalde, irailaren 14an Donostian mobilizazioa egiteko deia luzatua du, eta gazteek gaur zabaldutako ekintzarekin gaineratu dute biak gogora ekartzeko mobilizazioa izango dela ordukoa.