Txikik eta Otaegik "frankismoaren erreminta berberak" erabiltzen zituztela esan du Gogora institutuko zuzendariak

Julene Frantzesena 2025ko abu. 14a, 10:18

Txiki eta Otaegi ageri diren olana, Santa Barbaran. (Utzitakoa)

Sortuk Zarauzko Udalari eskatu dio aitortza instituzionala egiteko Txikiri eta Otaegiri, eta eskaera horren harira egin ditu adierazpenak Alberto Alonso Gogoraren zuzendariak. Haren hitzetan, "gauza bat da frankismoaren biktima direla aitortzea, eta bestea da omenaldia egitea". Izan ere, hark dioenez, "biolentzia, beldurra eta terrorea" erabili zituzten haiek. Erreakzio soka ekarri du ezker abertzaleak olana jarri eta Zarauzko Udalak kendu izanak.

Santa Barbara mendiaren magaletik Francoren erregimenak hildako Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak ageri ziren olana kendu zuen Zarauzko Udalak joan zen larunbatean, eta harrezkero, zeresana eman du gertaerak.

Txikiz eta Otaegiz publikoki hitz egiten azkena izan da Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendaria. Hark Europa Press berri agentziari egindako adierazpenetan esan zuen ez direla zaku berean sartu behar Francoren erregimenak duela 50 urte hil zituen Txiki eta Otaegi eta beste milaka antifrankista. "Gauza bat da frankismoaren biktima direla aitortzea, eta bestea da omenaldia egitea". Izan ere, haren hitzetan, haiek "biolentzia, beldurra eta terrorea" erabili zituzten.

Hain zuzen ere, herenegun Santa Barbaratik kendutako olana berreskuratu eta Azken Portun zabaldu zuten hainbat lagunek, horren harira egin ditu dierazpenok Alonsok. Izan ere, Sortuk Zarauzko Udalari eskatu dio aitortza instituzionala egiteko Txikiri eta Otaegiri. Horren aurrean, Gogoraren zuzendariak esan du frankismoaren biktima direla biak ala biak, eta hori aitortu egin behar zaiela: "Prozedura militar baten bidez inolako berme judizialik gabe epaitu zituen erregimen diktatorial baten biktimak dira, noski". Halaber, haren hitzetan, Txikik eta Otaegik ez zuten epaiketa justu bat izan, ezta inolako berme juridikorik ere, eta modu arbitrarioan kondenatu eta fusilatu zituzten.

Dena den, haren ustez "urrats handia" dago biktima gisa aitortzetik "askatasunaren eta dikaduraren aurkako borrokalari" izan zirela esatera: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin". Hark uste du bereizi egin behar direla biktima izaeraren aitortza eta omenaldia. "Ez Txikik eta ez Otaegik ez zuten nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat; Euskadiz zuten ikuspegia inposatu nahi zuten, beren proiektu propioa frankismoaren alternatiba gisa".

Olanaren soka tenkatuta

Ezker abertzaleak olana jarri eta 24 orduren bueltan udalak kendu izanak sortu du tentsioa. Asko izan dira egunotan gaiaren bueltan adierazpenak egin dituztenak, baita era batera edo bestera desadostasuna adierazi dutenak ere.

Txikiren anaia Diego Paredes izan da olana erretiratu izana salatu duen lagunetako bat. Hala esan du hark: "Frankistek fusilatu zituzten, eta frankisten ondorengoek haien memoria ezabatu nahi dute".

Joseba Permachek ere X sare soziala baliatu du udalaren erabakiaren aurkako iritzia emateko. Hark esan du Txiki eta Otaegi biktimak direla –hala aitortu zuen Eusko Jaurlaritzak 2012an–. "Hamahiru urte geroago, haien oroimenez jarritako oroigarria kendu dute. Berriz agerian geratu da bigarren mailako biktimak daudela gure herrian".

Halaber, EH Bilduko hainbat kidek ere idatzi dute horri buruz, Unai Urruzuko Politika Institituzionaleko arduradunak, besteren artean. Haren hitzetan, Txikiren eta Otaegiren irudiaren kontra egin dutenak dira "Manzanas torturatzaileari edota Perret mertzenarioari ohorezkoa lekua" eman diotenak, "bizikidetzaz ahoa betetzen" zaienek. "Sentitzen dugu, baina guztiok dugu nor gogoratu erabakitzeko eskubidea".

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ere izan du gaia hizpide, Imanol Lasa EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko kideari erantzunez. "PPk edo Voxek frankismoaren azken fusilatuen memoria –eta, ondorioz, erresistentzia antifaxista bera– kriminalizatzea aurreikusgarria da. Tristeena –eta etsigarriena– diskurtso hori bera abertzale baten ahotan entzutea da".

Hain zuzen ere, Lasak X sare sozialean Rodriguezi erantzun dio Txikik eta frankismoaren biktimen errespetua merezi dutela esanez, baina hark ezker abertzaleari Zarauzko pankartaren auzia "manipulatzea" egotzi dio. "Santa Barbara gehiegitan erabili du ezker abertzaleak ETAko presoen aldeko pankartak jartzeko, eta hala, biktimei min egin. Debekatutako zerbait, ezabatzea asko kostatu zena". Hark, gainera, Sorturi leporatu dio biktimak eta biktimarioak nahiz frankismoa eta demokrazia nahastu nahi izatea, "herri honek sufritutako biolentzia zuritzeko" xedez.

Halaber, Amagoia Gurrutxaga kazetari azpeitiarrak Egun bat, aurpegi bi izenburudun gutuna bidali zuen Gukaren erredakziora astelehenean. Zarauzko postalak. 36ko gerra Zarautzen eta Zarauzko gutunak liburuen egileak olana kendu izana salatu eta gogoeta plazaratu zuen.

Irailaren 27an 50 urte beteko dira diktadura frankistak Juan Paredes Manot Txiki zarauztar eta Angel Otaegi nuarbetar ETAko kideak zein FRAPeko beste hiru kide –Humberto Baena, Jose Lusi Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz– fusilatu zituela. Txiki eta Otategi 2012an aitortu zituen biktima gisa Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide