EH Bilduk "oso larritzat eta kezkagarritzat" jo ditu Gogora institutuko zuzendariak Txikiz eta Otaegiz esandakoak

Julene Frantzesena 2025ko abu. 15a, 07:42

Txiki eta Otaegi ageri diren olana Azken Portun zabaldu zuten hainbat lagunek. (Utzitakoa)

EH Bilduk nabarmendu du Alberto Alonsok erabili duen errelatoa Espainiako eskuinak eta ultraeskuinak erabilitako berbera dela. Halaber, "gogoeta sakona" egiteko eskatu dio hari.

Zarauzko olanaren aferaren harira, herenegun adierazpenak egin zituen Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendariak, eta EH Bilduk "oso larritzat eta kezkagarritzat" jo ditu hark Jon Paredes Manot Txiki-ri eta Angel Otaegiri buruz esandakoak. Izan ere, koalizioaren ustez, frankismoa eta antifrankismoa nahiz faxismoa eta antifaxismoa parekatu ditu hark. "Modu horretara, deslegitimatu eta kriminalizatu egiten du erresistentzia antifrankista, eta horren guztiaren ondorioz, zuritu egiten ditu faxismoa eta frankismoa", esan du.

Halaber, EH Bilduk nabarmendu du Alonsok erabili duen errelatoa Espainiako eskuinak eta ultraeskuinak erabilitako berbera dela. Horrez gain, salatu du egindako adierazpenak "iraingarriak eta oso mingarriak" direla Txikiren eta Otaegiren memoriarentzat, haien familientzat eta Euskal Herrian frankismoaren biktima izan diren milaka herritarrentzat eta haien ingurukoentzat.

EH Bilduk gogorarazi du "estatu faxista bat" izan zela Txiki eta Otaegi hil zituena, eta haiek fusilatu aurreko egunetan Euskal Herrian hiru greba orokor izan zirela. Baina nabarmendu du mugimendu eta mobilizazio horiek ez zirela Euskal Herrian soilik izan: "Txiki eta Otaegi fusilatu aurreko egunetan nazioartean mobilizazioak eta heriotza horiek ez gertatzeko ahalegin ezberdinak izan ziren. Europa eta mundu osoan mobilizazioak izan ziren. Hala, Olof Palme Suediako presidentea eta Europako sozialdemokraziaren erreferente nagusia Txikiren eta Otaegiren alde eta fusilatu zituztenen aurka azaldu zen. Mexikok, bestalde, Espainia Nazio Batuen Erakundetik ateratzea eskatu zuen.

Horren ondorioz, Gogora institutuko zuzendariari "gogoeta sakona" egiteko eskatu dio, EH Bilduren aburuz, hark egindako adierazpenak ez datozelako bat daukan ardura politikoarekin. Gainera, errelato hori alboratzeko eta gehiago ez erabiltzeko eskatu dio hari, "iraingarria eta mingarria" delako Euskal Herriko frankismoaren biktimentzat eta "egiaren aurka" egiten duelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide