Larunbat oparoa eskualdeko traineruentzat

Mireia Galarza Bastida 2025ko abu. 23a, 20:13

ZAEko emakumezkoen trainerua, gaur, Bilbon, ligako garaipena ospatzen. (ZAE)

Orioko gizonezkoen traineruak Ondarroako estropada irabazi du. Bere aldetik, Zumaia Bilboko erlojupekoan nagusitu da, eta nesketan Zarautzek garaipena lortu ez badu ere, ligan lehen postuan amaitu dute. 

Aurtengo arraun denboraldia amaierara iristen ari da, eta ondorioz, azken estropadak jokatzen ari dira hainbat eta hainbat ontzi, tartean eskualdekoak. Gaur ere ez da salbuespena izan, eta ETE, KAE1, Euskotren eta Euskolabel ligetako jardunaldiak jokatu dituzte.

Liga nagusietako estropadak Ondarroan izan dira, eta bertan izan dira Euskotren ligan dauden Orioko eta Zumaiako ontziak, nahiz Eusko Label ligako Orioko eta Getariako traineruak. Mutiletan Oriok lortu du bandera, hasiera hasieratik nagusitasuna erakutsi ostean. 2023an irabazi zuen azkenengo aldiz estropada hori, eta gaurkoarekin laugarren aldia da herri horretako bandera lortzen duena. Hasiera hasieratik joan dira lehen postuan, eta horrela amaitu dute. Zierbena izan du atzetik, eta zenbait momentutan gertu ibili da, baina mirotzek ez diote lehen postua besteei usaintzen ere utzi. Ziaboga guztietara aurreneko lekuan iritsi da, eta 19:49,06ko denboran osatu dute lana. Sailkapen orokorrean ere aise doaz aurretik oriotarrak, 176 punturekin, eta atzetik doaz Zierbena eta Donostiarra, 147 eta 143 punturekin, hurrenez hurren. 

Bere aldetik, Getariak oso lan txukuna egin du, eta txanda irabaztea lortu du. Esperantza maila oso ona ematen ari da azken estropadetan, eta hori ere nabaria da emaitzetan. Gaurkoan laugarren izan da, eta 9 puntu eskuratuta, seigarren lekuan dago kokatuta sailkapen orokorrean. 

Nesketan, berriz, ohorezko txandan lehiatu dira eskualdeko bi ontziak: Zumaia eta Orio. Tolosaldea eta Arraun Lagunakekin batera osatu dute txanda, eta saiatu saiatu badira ere, aipatutako azken bi talde horiek izan dute lehia garaipena lortzeko. Horrenbestez, hirugarren eta laugarren postuekin konformatu behar izan dute Oriok eta Zumaiak, hurrenez hurren. 

Gaurko garaipenaz gain, matematikoki Euskotren liga ere irabazi du laugarren aldiz Arraun Lagunakek. Dena dela, bihar amaituko dute liga, Getariako bandera jokatu ostean. Sailkapen orokorrean bigarren eta laugarren daude Orio eta Zumaia.

ETE liga Zarautzentzat

Egun berezia izan da gaur Zarautz Arraun Elkarteko emakumezkoen traineruarentzat, izugarrizko denboraldia egin ostean, helburua bete baitute: ETE liga irabaztea. Bilbon jokatu dute denboraldiko azken estropada gaur arratsaldean, Emakumeen Bilboko X. Ikurrina - Ane Aizpuruaren V. Oroimena. Bertan denborarik onena egitea lortu ez badute ere, sailkapen orokorrean lehen postua irabazteko nahikoa puntu eskuratu dituzte neskek.

Erlojuaren aurkako estropada izan da gaurkoa, eta lehia estu-estua izan dute ETE ligako lehen bi sailkatuek: Zarautzek eta San Juanek, alegia. Ziabogan hobeto asmatu du San Juanek, eta gehiago kostatu zaio Zarautzi itzulia egitea; horrek aukera eman dio Pasaiako traineruari liderrarekiko zuen aldea handitzea.

Ordea, ziabogaren ondorengo luzean indarrak berreskuratu ditu Zarautzek, galdutako denbora zertxobait berreskuratuz. Hala eta guztiz ere, San Juanentzat izan da gaurko estropadako bandera: 10:52,51ko denboran zeharkatu du helmuga, eta Zarautzek 10:52,76ko denboran egin du. Bi segundora heldu da Kaiku, eta berarentzat izan da hirugarren postua.

Bilboko bandera, Zumaiara

Nesken ondoren, 16:40 aldera ekin diete KAE1 ligako traineruek beraien estropadari. Lan txukuna egin dute ZAEko gizonezkoek, eta laugarren helmugaratzea lortu dute, 20:36,32ko denbora eginda.

Sorpresa izan da XLVII. Villa de Bilbao Ikurrina estropadan: izan ere, Zumaiak denboraldiko lehen garaipena eskuratu du, estropada ikusgarri bat egin ostean. Lehenengo ziabogan lehen txandako irabazlea izan den Camargori 29 segundoko aldea atera dio, esaterako.

Erritmo bizi horri eutsi dio Zumaiako traineruak amaierara arte, denboran atzetik zuen Itsasoko Ama traineruari ahalik eta tarte handiena atera nahian. Azkenean, Zumaiak 20:14,92ko denboran amaitu ditu lanak; Itsasoko Amak, berriz, 20:25,70ko denboran zeharkatu du helmuga. Hirugarren sailkatu da Arkote, 20:36,06ko denboran.

Sailkapean orokorrean hirugarren da Zarautz, eta gaurko garaipenarekin, bosgarren kokatu da Zumaia. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide