Getariako banderak izango dira jokoan igande honetan

Intza Trula 2025ko abu. 22a, 11:30

Getariako banderen aurkezpen ekitaldia, atzo, Artzapen. (Intza Trula)

II. Getariako Ikurrina-Iparragirre 75 urte Sari Nagusia Euskotren ligako azken jardunaldia izango da; Eusko Label ligan, berriz, Getariako XVI. Ikurrina-Ameztoi Sari Nagusia eskuratzeko borroka izango da. ETE eta KAE1 ligak ere asteburu honetan amaituko dituzte, Bilbon eta Castron.

Hitzordu garrantzitsua dute arraunlariek igande honetan Getariako uretan. Eusko Label eta Euskotren ligetako jardunaldiak jokatuko dituzte eguerdi partean; gainera, Euskotren ligari dagokionez, denboraldiko azken estropada izango da, eta bertan erabakiko da ligako aurtengo txapelduna.

Xabier Goikoetxea Getariako Arraun Elkarteko presidentearen hitzetan, "momentu onean" heldu da Esperantza etxeko estropadara, "jardunaldi oso onak eginda". Arraunlariak "gogotsu" daudela aitortu du, eta giro "polita" espero dutela herrian. 12:20 inguruan hasiko dute estropada Eusko Label liga jokatzen ari diren hamabi traineruek, Getariako XVI. Ikurrina-Ameztoi Sari Nagusia helburu dutelarik. Etxeko taldearekin batera, bertan izango da Orio ere, ligako liderra.

Aurretik, emakumeen estropada jokatuko dute, eta berezia izango da, denboraldiko azkena izango baita. 11:20 aldera uretaratuko dira arraunlariak, II. Getariako Ikurrina-Iparragirre 75 urte Sari Nagusiaren bila. Horien artean, Oriok eta Zumaiak neurtuko dituzte indarrak.

Bigarren hitzordu bat ere badute goi mailako arraunlariek asteburu honetan. Hain justu, bihar jokatuko dute estropada bana, Ondarroan. Euskotren ligan, V. Ondarroako Bandera jokatuko dute, 17:20ean. Eusko Label ligan, berriz, XLI. Ondarroako Bandera izango da jokoan, 18:20ean.

Getariarrei iganderako deia

Azken urteetan egin duten moduan, aurten ere kalejira egiteko deialdia zabaldu du Getariako Udalak. Igandean, 11:00etan jarri dute elkartzeko hitzordua, udaletxearen aurrean.

Arraunlariei "merezitako babesa eta animoak" ematea da helburua, eta herritar guztiei dei egin die bertan parte hartzera. Trikitilariekin, pandero-jotzaileekin, bandarekin eta txistulariekin Marea marroia osatuko dute.

Ordea, festa ez da hor bukatuko: Eusko Label ligak antolatuta eta Getariako Udalaren laguntzarekin, herri bazkaria ere izango da Harritarten, estropadak amaitzean.

Bigarren mailakoak

Eusko Tren liga ez da asteburu honetan amaituko den bakarra. Izan ere, ETE eta KAE1 ligetako traineruek ere datozen egunetan jokatuko dituzte denboraldia agurtzeko beraien estropadak. 

KAE1 ligan, Zumaiak eta Zarautzek hitzordu bikoitza izango dute asteburuan. Larunbatean Bilbon izango dute estropada, XLVII. Villa de Bilbao Ikurrina eskuratzera aterako dira, 16:40ean. Igandean, berriz, LIII. Castroko Bandera jokatuko dute, 16:00etan. Azken hau beroagatik bertan behera utzi zuten duela astebete. Zarautz sailkapen orokorrean hirugarren postuan da egun, 112 punturekin, eta seigarren da Zumaia 89 punturekin.

ETE ligako azken jardunaldia Bilbon jokatuko dute, larunbatean. Emakumeen Bilboko X. Ikurrina - Ane Aizpuruaren V. Oroimena izango da jokoan, 16:00etan hasita. Zarautz da ligako liderra jardunaldi baten faltan, 118 punturekin, eta bi puntura du bigarren sailkatua, San Juan; beraz, Zarauzko neskek ezin dute hutsik egin liga irabazi nahi badute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide